Nagore Belastegi Martin
infraganti

IBAI LINACISORO

Gurasoek eskiatzea gustuko dute eta txikitatik pasatu zieten afizioa semeei. Izan ere, elurretara asteburu pasa joaten ziren maiz. Gaur egun, Ibai Linacisoro bere kategoriako Europa mailako lehenengo postuetara iristen da. Anaia Mikelek eskia eskaladagatik aldatu zuen. Bergararrak euskal kirolari bultzada handia ematen ari dira.

Mutiko gazteek janzten duten txapel horietako batekin agertu zen Ibai Linacisoro hitzordura. Autoeskolatik zetorren, bere helburua Bergaran igarotzen ari den hamar egunotan gidabaimenaren azterketa teorikoa gainditzea baita. Batxilergoa gainditu berri du, nota onarekin, gainera. Finean, 18 urteko edozein gazteren bizitza daramala esango luke edonork. Baina Ibaik ez darama bere lagunek duten bizitza berdina. Bizitza bikoitza daramala esan genezake. Hilabeteen erdia gutxi gorabehera bidaiatzen ematen du, gainerako egunetan Bergarara itzultzen da hamar-hamabi eguneko egonaldiak egitera. Sakrifizio horri esker, hamar domina eskuratu ditu Espainiako txapelketetan eslalom, erraldoi eta supererraldoi kategorietan.

Eskiatzaile taldeak Sierra Nevadako (Granada) teknifikazio zentroan du egoitza. Handik joaten dira Europan antolatzen diren txapelketetara. Udan, ordea, Suitzako Saasfee glaziarrean entrenatzen dira. Abenduan berriro hasiko dira txapelketak eta Aste Santu osteraino luzatuko dira. Normalean Granadatik joan-etorriak egiten dituzte, baina aurten Italian apartamentua alokatu dute egoitza bertan izateko. «Taldean bost gara. Bartzelonako neska bat, Granadako neska eta mutil bana, Madrileko mutil bat eta ni. Guztiak 17 eta 18 urte bitartekoak», azaldu digu Ibaik. Hainbeste denbora pasatzen du haiekin, ezen familia txiki bat bezalakoak diren.

Hala ere, etxetik kanpo egotea gogorra egiten zaio, eta horregatik, aurten urte sabatikoa hartuko du. «Lagunekin egoteko denbora gutxi daukat, egia esan, eta urte batez behintzat hori egin nahi dut; eskiatu, eta hemen nagoenean pixka bat libreago egon», aipatu du. Era berean, gidabaimena lortzen duenean EGA atera nahi du eta ingelesarekin ere buru-belarri sartuko da. Era berean, eskian salto bat ematea du helburu, eta Europako txapelketetan sariren bat lortzen saiatuko da.

Datorren urtean edo bi urteren bueltan unibertsitatean hasteko intentzioa dauka. «Fisioterapia ikasi nahi dut, kirolarietatik gertu egon nahi dudalako», kontatu digu. Urte libre bat hartzeko erabakia ondo iruditu zitzaien gurasoei: «Arduratsua da, dena lehenengoan atera du eta klaseetara joan gabe nahikoa egin du», ziurtatu du Ani Molina amak.

Bergaran dagoenean lagunekin batera ikastolara joaten da, baina kanpoan dagoenean ezin izaten du ikasgaia behar bezala jarraitu eta itzultzean lan asko izaten du pilatuta. Kanpoan dagoenean badute irakasle bat klaseak ematen dizkiena, baina ez da berdina. Ani irakaslea da, beraz, Ibaik aitortzen du zaila izan den arren amari esker lortu duela ikasmaila gainditzea.

Kanpoan dagoenean ondo pasatzen badu ere, badauka bere lana. «Udan 05.30ean altxatzen ibili gara 07.00etarako elurretan egoteko, gero bero egiten duelako eta elurra bigundu egiten delako», azaldu digu Ibaik. Bazkaldu eta atseden pixka bat hartu ostean, gimnasioan edo korrika aritzen dira pixka bat eta gero errekuperazio txokoetara joateko aukera izaten dute kirolari «handiek» bezala.

Izan ere, Granadan adibidez, haiekin nahasteko aukera badute. Mireia Belmonte igerilaria edo Joaquim Purito Rodriguez txirrindularia bezalako goi mailako kirolariak Sierra Nevadan entrenatu ohi dira. «Altuera ona da kirolarientzat, baina baita autoentzat ere –aipatu zuen amak–, hara kotxeak frogatzera joaten direlako». Haren esanetan, marka ospetsuek auto berriak eramaten dituzte motorra probatzera, garaiera handian badago ere, errepideak egoera onean daudelako. «Kamuflatuta eramaten dituzte besteek diseinua ez kopiatzeko», gaineratu du ahapeka bezala.

Kirolariz jositako familia

Bolada luzeak etxetik kanpo igarotzeak gauza onak eman dizkio eskiatzaileari, lagunak egin dituelako, baina familiaren falta igartzen du eta hura baloratzen ikasi du. Baita kozinatzen, garbigailua jartzen eta bere gauzez arduratzen ere. «Aparte, Ibai artista bat da maleta prestatzen. Ez dakit nola egiten duen hainbeste gauza hain leku txikian sartzeko!», dio amak.

Kirolerako afizio hori familiatik datorkio. Aitona rallyetan ibiltzen zen, eta haren semeak, Asier eta Aitor ere mundu horretan aritu ziren. Aitor pilotua zen eta Asier kopilotua. Azken hau snowboard munduan murgildu zen, Ani bezala. «Erabaki genuen gure semeak eski alpinoan ibiliko zirela, diziplinatuagoa delako. Guri elurretara joatea gustatzen zitzaigun, eta horregatik ez genituen futbolean edo horrelako talde batean sartu. Horrek asteburuero Bergaran gelditzera behartzen zaitu eta guk ez genuen hori nahi».

Aitona oso harro zegoen bere bilobez eta Molinak irribarrez ekarri du gogora. «Aitxajuna hil zenean Espainiako txapelketak ziren eta gu Vaqueiran geunden. Ibaik aitxajunagatik irabazi zuen... baietz?», esan du semeari begira.

Ibaik bi urte eta erdirekin jantzi zituen eskiak lehen aldiz. Samurtasunez oroitzen du une hori amak. «Nik trineoa jarri nahi nion eta berak hori ez zuela nahi esan zuen, eta eskiak seinalatzen zituen. Plastikozkoak jarri nizkion eta horiek ere ez zituen nahi, benetakoak nahi zituen. Eski txiki batzuk erosi genituen azkenean eta orain gordeta ditugu, euren gelan jartzeko oso politak direlako», azaldu digu.

Mikel anaiak, 16 urtekoak, bide horretatik jo zuen hasiera batean, baina eskalada probatu, eta bietan primeran aritzen bazen ere, bigarrenarekin gelditu zen azkenean. Orain bi anaiak Europan zehar dabiltza bakoitza bere kirolean ahalik eta hoberen egiten Euskal Herria maila dotorean uzteko.

«Normalean onenak euskaldunak eta katalanak izaten gara», nabarmendu du Linacisorok. Estatu osoan hiru teknifikazio zentro besterik ez daude, Granadan, Aragoin eta Katalunian. Horietan banatzen dira eskiatzaile euskaldunak. Onenak izatearen arrazoietako bat izan daiteke eski estazioetatik gertuago gaudela eta, hortaz, errazagoa dela txikitatik eskia probatzea eta kirol horretan hastea.

Hala ere, ona izatearekin ez da nahikoa Ibai dagoen moduko talde batean sartzeko diru laguntzak badituzte ere gurasoek ere esfortzu ekonomiko handia egin behar dutelako. «Ez dago dirurik, diru guztia futbolera doa eta zertxobait tenisera, telebisiboak direlako», salatu du Ani Molinak. «Maila honetan badituzte babesleak, baina hala ere gurasoek dirua jartzen dugu. Talde nazionalera pasatu arren bakoitzak dirua jartzen jarraitzen du eta oso garesti ateratzen da», gaineratu du. Ibaik materiala merkeagoa eskuratzen du, Bat Basque Teamek laguntza eskaintzen dio (medikuak, adibidez) eta bidaiak egiten dituztenean Madrilek diruz laguntzen die, baina ez ehuneko ehunean.

Sakrifizioaren alde onak

Sakrifizioa bikoitza da, beraz, gurasoek dirua ordaindu behar dutelako eta gazteek euren bizitzak errotik aldatu behar dituztelako. Hala ere, satisfazio handiak dituzte. «Etortzen naizenean lagunek galdetzen didate ea zenbat denbora egon behar naizen hemen, ez naizelako luzarorako gelditzen», aipatu digu Bergarara aurreko egunean iritsi berri den gazteak. Hamar egunen ostean berriro alde egingo du. Hala ere, gauzak oso argi ditu: «Beti pentsatzen dut honaino iritsi banaiz ezin dudala orain utzi, jarraitu egin behar dut», baieztatu du, eta irribarre lotsati bat agertu zaio aurpegian.

Munduko estaziorik onena omen den horretan ere egoteko aukera eman dio abentura honek. 12 urte zituela taldearekin Whistlerren (Kanada) izan zen. «Txapelketa batera joan ginen, eta pista batzuk erreserbatuta genituen entrenatzeko, baina monitoreak esan zigun bertan geundenez disfrutatu egin behar genuela eta pistetatik kanpo ibili ginen, pinu artean. Ordubete jaisten ibili ginen etengabean, igotzeko telesillarik hartu beharrik gabe. Konpetizioak bi egun iraun zituen, baina gu astebete egon ginen», gogora ekarri du Ibaik, «eta gainera sariak ekarri zituen!», gehitu du amak.