Aimar Etxeberria Korta
infraganti

Alex Mendizabal

Musikaria eta euskaltzalea bera, hiru hamarkada dira jada Alex Mendizabalek Eroman –eta ez Erroman– lur hartu zuenetik. Azken hamarkada honetan buru-belarri dihardu ACE-Eromako Euskal Etxean, euren «etxean». Hamaika ekimen garatu dituzte euskara eta euskal kultura sustatze aldera; azkenaldian, baina, zailtasun batzuk gehitu zaizkie.

Artikulua kontzeptu argiketa ezinbesteko batekin hasi beharrean gara gaurkoan. Eromara –eta ez Erromara– egingo dugu-eta salto datozen lerroetan. “R” bat galdu zuen hiria da Eroma, bertako hiritarrek “R” suabe batekin ahoskatzen dutelako Italiako hiriburuaren izena. Kontzeptu argiketa hori Alex Mendizabalek (Donostia, 1961) egin digu, 1982. urteaz geroztik bertan den musikari eta euskaltzaleak.

Italiako hiriburua izateaz gain, beste gauza askoren hiriburu ere izan daiteke Eroma. Baina kostako zitzaion neurtzea Mendizabali hiriak –eta herrialdeak– Euskal Herriarekin zuen harreman historikoa zenbaterainokoa izan zitekeen: «Iritsi bezain pronto, harrituta geratu nintzen Euskal Herriarekin zegoen harreman historikoaren garrantziaz eta sakontasunaz jabetzean. Mendeetan zehar hainbat jende ibili da Italiara joan-etorrian, eta alderantziz».

Aipatu harremana, gainera, eremu anitzetara hedatzen da: hasi Erromatar Inperioaren garaian azpiegituren arloan zabaldu zituzten jakintzetatik; jarraitu hizkuntzei dagokionez euskararen eta latinaren arteko harremanarekin; edota artea, teologia, literatura edo filosofia bezalako jakintza arloetan eman diren trukeak aipa genitzake. «Gaur egunera etorrita ere, ikus dezakegu nola hainbat idazlek idatzi duten Italiaren inguruan, edota nola –Joseba Macias Egin Irratiko zuzendari izan zenak esan zidan bezala– 70eko eta 80ko hamarkadetan irrati libreetako hainbat kide etorri zen hona, hemen hain zabalduta zegoen mugimendua eta erabiltzen zuten teknologia ikusi eta ikastera. Bestalde, nik egunero hartzen dudan metroa CAFen egina dago», dio Mendizabalek. Adibide batzuk baino ez dira, baina Euskal Herriaren eta Italiaren artean historikoki eman den harremana islatzen dute.

ACE ez, «etxe»

Hala, 2002. urtean, eta Marlene Merikaetxebarriarekin bat, elkarte baten sorrera bultzatu zuen Mendizabalek. Emaitza: Associazione Culturale Euskara-Eromako Euskal Etxea. «Etortzen zitzaigun eskaera andanari erantzuteko hartu genuen elkarte bat sortzeko erabakia. Euskal etxe bat izateko eskakizuna egin genuen, eta ontzat eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Gaur egun, Viviana Tommassetti da lehendakaria, euskararen eta euskal kulturaren alde azken hamar urteotan horrenbeste lan egin duen emakumea», azaldu du.

Baina zergatik “etxe” eta ez “ACE”? «ACE, italieraz, ‘atxe’ bezala irakurtzen da. Hortik ateratzen dugu ‘etxe’-ren ideia. Egoitza sozialik gabeko euskal etxea da gurea, eta horrek behartu gaitu hasieratik egitasmoak leku ezberdinetan egin behar izatera. Horrek onura garbi bat dauka: gastu bat kentzen dugu gainetik eta jende multzo ezberdinengana heltzea ahalbidetzen digu», azpimarratu du.

Estuki hartu dute euskararekiko konpromisoa eta horrek maila handiko ekimenak garatzera eraman ditu, betiere bestelako elkarteekin elkarlanean. Ekimen horietako bat da Unibertsitateko

Euskal Saila, 2005ean Jaurlaritzaren Euskara Sustatze Idazkaritzaren laguntzarekin jaio zena. Horren bidez euskara eta euskal kultur eskolak, ikerketa proiektuak, itzulpenak, argitalpenak eta abar bideratu dituzte. «Euskal Sailak azken hamar urteotan egin duen lana luzea eta sakona da. Duela bi urte, ordea, unibertsitatez aldatu behar izan genuen, Etxepare Institutuak diru laguntza osoa kendu ziolako proiektuari. Harrigarria suertatzen zaigu Etxepare Institutuak ekimenarekin izandako jarrera; erakundearen gaineko hausnarketa sakon bat beharrezkoa dela iruditzen zait, urgentziaz gainera. Hausnarketa egiteaz gain gardentasuna exijitu behar zaio Etxepareri, ez baita ulergarria erakunde publiko bat izanik inork ez jakitea, adibidez, zenbat ikasle dauden irakurlego bakoitzean. Euskal Sailari diru laguntza osoa kendu zitzaionean 153 ikasle zeuzkan». Egun, ROMA3 unibertsitateak garatzen du Euskal Saila, Etxepare Institutuaren inongo diru laguntzarik gabe.

Bestalde, LIBE on line argitaletxea sortu zuten 2011n, euskal literatura italieraz argitaratzen duen argitaletxea. «Dagoeneko sei liburu argitaratu ditu: Sarrionandiaren bi eta Koldo Izagirre, Irati Jimenez, Mariasun Landa eta Xabier Erkiziaren bana. Lan guztiak Roberta Gozzik itzuli ditu. Azken bi urteotan LIBEk ere ez du Etxepare Institutuaren partetik diru laguntzarik jaso», salatu du Mendizabalek.

Aipatu ekimenekin nahikoa ez eta Euskanta proiektuaren berri ere eman digu. Azken sei urteotan garatu duten proiektua da, Marcello Liberatorekin elkarlanean. Eromako eskola publikoetan 9-10 urteko gaztetxoek kantuak egiten dituzte, euskaraz. Egindako lan guztiak www.euskanta.wordpress.com helbidean eskegi dituzte. Euskara-Italiera hiztegia ere argitaratu dute Interneten (www.euskara.it/hiztegia), «Gozziren urteetako lanari esker». Orain Italiera-Euskara hiztegia garatu nahian dabiltza, «baina baliabideak falta zaizkigu».

Eusko Ikaskuntzaren ENE saria

Egindako lan guztia ez da urik gabeko putzuan erori eta Eusko Ikaskuntzak nolabait saritu nahi izan du ACE-Eromako Euskal Etxearen jarduna. Hamarnaka lagunek osatzen dute berau, baina Euskal Saila edo LIBE argitaletxearen kasuetan, esaterako, askoz ere lan profesionalagoa garatu behar izaten dute. «Oso pozik eta eskertuta gaude. Era batera edo bestera ekarpena egiten dugun guztiontzat hats berria izan da saria», adierazi du Mendizabalek.

Aurrera begira, berriz, nazioartean euskararen alde aritzen diren talde ezberdinen arteko elkarlanean sakontzea gustatuko litzaioke: «Uste dut nazioartean euskararen alde aritzen diren taldeen artean oso gutxi ematen den kontu bat dela elkarlanarena». Ildo horretan, dio badela jarraitu ahal den elkarlan bide bat: HABEren Euskara Munduan programaren bidez proposatzen dena, adibidez. •