Iñaki Soto

Sexu-terrorea eta oldarraldi feminista Mexikon

Mexikon izan berri naiz. Biolentziaren mailak harritu egin nau. Ez da ez nekielako, kasuak eta datuak ezagunak ez direlako edo hango lagunek kontatu ez didatelako. Biolentziak baino gehiago, ordea, basakeriak harritu nauela esango nuke. Nola ez, emakumeen aurkako bortxa are eta biolentoagoa ere bada. Horregatik, astelehenean, feminizidioen aurkako eta emakumeen eskubideen aldeko geldialdi edo lanuzte nazionala egingo dute han.

Sexu-terrorearen eta krudelkeriaren datu hotzak

Feminizidioak, ofizialki, 2015ean hasi ziren neurtzen Mexikon. Urte hartan 411 zenbatu zituzten. Iaz, 2019an, 976 eta 1.006 artean egon ziren. Alegia, lau urte eskasetan %137tik gora handitu da feminizidioen tasa.

Adi, iaz Mexiko osoan 35.588 heriotza biolento gertatu baitziren guztira, 97,5 egun bakoitzeko. Ia 100 heriotza, nahita eta bortxaz, 24 orduero. Barbaridadea da.

Ingrid eta Fatima

Gure artean La Manada delakoarekin gertatu zen bezala, Mexikon Ingrid Escamilla gaztearen eta Fatima Aldrighett umearen heriotzak mugarri izan dira. Escamillak 25 urte zituen. Otsailaren 9an bere gorpua topatu zuten. Labankatu egin zuten, ondoren azala kendu eta barruak husteko. Bere bikotekidea atxilotu zuten, odolez blai. Tabloideek gorpuaren irudiak argitaratu zituzten “Fue Cupido” titularrarekin, Las Tesis parafraseatuz.

Ondoren, Fatima izeneko 7 urteko neskatilaren bahiketa etorri zen. Gurasoak ez ziren eskolara jasotzera azaldu; beren ezaguna zen emakume batek jaso zuen, bere senarrarengana eraman zuen, eta, hortik egun pare batera, Aldrighett txikia hilik azaldu zen. Bahitu omen zuen bikotearen ehiza hasi zen orduan. Beren senide batek emandako informazioari esker atxilotu zituzten.

Biolentziara ohituta egon arren, haserreak goia jo du. Feminizidioen auzia eta inpunitatearen arazoa eztabaida publikoaren erdian kokatu dira, azkenean. Biolentzia feminizidaren aurkako oldarraldi sozialari erreakzio gisa, epe laburrean sexu-terrorea handituko dela aurreikus daiteke. Tamalez, askatasunaren aldeko borroka garesti ordainduko dute hamaika emakumek.

Lanuzte eguna eta eztabaida politikoa

Testuinguru honetan, hainbat talde feministak martxoaren 9an lanuztea eta zaintzen greba deitu dute. Euskal Herrian iaz egin zenaren antzeko zerbait. Oso kritikoak dira Andres Lopez Obradorren Gobernuarekin. Dezepzioa hartu dute, ez baitu genero ikuspunturik eta kritikak oso gaizki hartzen baititu. Jakina ez dela erraza, baina, diskurtsoez harago, politikak eskatzen dizkiote. Bestalde, noraezean dagoen eskuineko oposizioak feminizidioetan ikusi du AMLOri kalte egiteko aukera. Hainbat feministak jokabide hori salatu dute, besteak beste abortuaren aurkako PANeko alderdia tartean dagoelako.

Mexikok bizi duen biolentzia mailari eta zigorgabetasunari buelta ematea oso zaila izango da. Edonola ere, han inon ez bezala ikusi dut, balioei dagokionez, ezkerrak izan duen ikuspuntu tradizionalaren aurka, askatasuna eta segurtasuna ez daudela inondik inora kontrajarrita. Emakumeen berdintasunaren eta eskubideen auzian, segurtasuna askatasunerako baldintza da. Baldintza ez nahikoa, ziur, baina derrigorrezkoa. •