Gorka Zozaia
Kimikaria

Zientziaz ase, pazientziaz gose

Pello Zabalaren oroimenez, bere hitz batzuekin zabaldu nahiko nuke artikulu hau: «Hortxe, naturaren eskolan, azienda, hegazti, txori ta beste, landare ta zuhaitz, haize eta euri, hodei eta laino, ekaitz eta uztargi, horien denen bidez landu zuen bere jakinduria berezkoa». Inguratzen zuena irakurtzeko gaitasuna zuela irakurri diot Onintza Enbeitari, eta jarduera zientifikoa definitzeko modu polita iruditu zait. Jakina, ingurua irakurtze horretan zientziak baditu beste bertute eta miseria batzuk, zutabe honetan agerian jarri ohi dudanez, eta elikaduraren eremu gero eta politikoagoa ez da salbuespena.

Pasa den astean irakurri nuenez, «haragia jateak gizaki egin ote gintuen» eztabaidatzen ari omen da zientzia. Ildo beretik egon da soka espainiar hedabideetako zientzia ataletan... zientziak ez omen du helburu politikorik, baina urteetan erabili izan da beltzak zuriak baino gutxiago direla frogatzeko, emakumeak gizonak baino tuntunagoak direla baieztatzeko edo azukreak osasunean duen eragin kaltegarria kamuflatzeko. Orain, haragiaren kontsumoa mahai gainean, batzuek kategoria humanista existentziala eman nahi diotela dirudi... Egiari zor, Homo erectusaren garunaren garapen bortitza haragiaren kontsumoaren lehenengo aztarnen garaikidea da, baina hortik kausalitatea eraikitzera badago tarte bat.

Izan liteke garai horietan janari metaketa hasi izana eta horrek berak elikatu izana garunaren garapena, amamaren hipotesi bezala ezagutzen dena. Baina haragia jateak garatu bazuen garuna, jateari uzteak ez gaitu berriz animalia egingo, ala?

Era batera edo bestera, agerikoa da haragi gehiegi jaten dugula, gure osasunaren kalterako, baina batez ere, horren ondorioz eragiten dugun lapurreta eta biodibertsitate galerari erreparatuz. Izan ere, agroindustriak dakarren biodibertsitatearen galera globalak haragiaren kontsumo neurrigabe honetan du sustrai nagusi bat. Erantzuna baina, ez da sinplea, eta gutxiago izaera globalekoa. 2020an bioaniztasuna bermatzeko balio ekologiko handiko eremuak babesteko plana jarri zen martxan, lurrazalaren %30 edo %50 babestea helburu. Orain, “Nature” aldizkariak zabaldu duenez, plan honek Asia hegoaldean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan ondorio larriak izango lituzke. Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileen arabera, bioaniztasunaren galerari hain modu globalean begiratzea herrialde aberatsentzat soilik da onuragarria. Izan ere, %30 babestuz, 93.000 heriotza ekidingo lirateke herrialde aberatsetan haragiaren kontsumoa murriztean, baina 377.000 heriotza eragingo lituzke tropikoko herrietan fruta eta barazkien kontsumoa murriztearen ondorioz. Lurraren %50 babestuta, ordea, 297.000 heriotza ekidin baina 691.000 heriotza berri eragingo lituzke.

Gakoa, jakina, tokian toki ikertu eta eraldatzea da. Lur eremu bakoitzean bizi direnak lur horretatik nola bizi diren aztertu, eta poliki-poliki, praktikara eraman. Pazientziaz. Vandana Shiva fisikari hinduista ez da nire debozioko santua, baina gako bat ematen digu: «Gizartea eraldatu nahi duenak aukera ezin hobea du egunero hiru aldiz: gosaltzean, bazkaltzean eta afaritan». •