Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Sare bakoitzeko onenarekin

Zeri edo nori esker «funtzionatzen» ote du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dugun hezkuntza sistemak? Zeri edo nori esker bermatzen ote da gure neska-mutilen heziketa, bazkaria, garraioa, euskalduntzea? Nork eusten ote die, finean, ikasleek dituzten oinarrizko eskubideei?

Hausnarketa, seguruenik, gainerako lurraldeetara zabal daiteke. Testuinguruak eskaturik, eta ezagutzak mugaturik, ordea, gaur herrialde horietako hezkuntza sistemari begiratuko diot.

Berriki, sare publikoko garbitzaileek, Heziketa Bereziko espezialistek, sukaldeetako langileek eta irakasleek protesta egin dute, Hezkuntza Saila ez delako ordezkapenak betetzen ari. Lanpostu horiek ez ordezkatzeko arrazoia, gainera, ez da ordezko langileen eskasia, baizik eta Administrazioak dituen kudeaketa arazoak.

Protesta horien karietara jakin dugu afera ez dela berria. Hartzen ari zen tamaina ikusirik, eta ordezkatu beharreko pertsonaren lankideengan egoerak sortzen zuen lan gainkarga arintzeko, 2015ean hezkuntzako sindikatu guztiek Hezkuntza Sailarekin adostu zuten “Menu Salvamento” deitu zuten protokoloa. Sukaldariei dagokienez, hiru ekinbide jasotzen ditu; horien artean, ikasleei lehen platera eta postrea ematea: hau da, sukaldarien lana arintzeko, Zuzendaritzaren onespenarekin, ez dute bigarren platerik prestatzen. Eta horixe omen da bide erabiliena.

Auskalo zenbat diren bigarren platera jan gabe gelditzen diren ikasleak. Azken hiru urteetan, antza, ordezkapenen gaiak nabarmen okerrera egin duenez, gero eta gehiago. Edonola ere, nahikoa da ikasle bakar bat izatea eta egun bakarrean, gehiegi izateko.

Pandemia garaian zabaldu zen kezka datorkit gogora. Gero eta ikasle gehiagoren kasuan eskolako bazkaria da eguneko fundamentuzko otordu bakarra, horrek ikasleen ongizate eta osasunean duen eraginarekin. Bestalde, badakigu oinarrizko beharrak aseta ez badaude zaildu egiten dela ikasketa prozesua. Non gelditzen da eskolak bete behar duen funtzio konpentsatzailea?

Zalantzarik gabe, sistemak langileen lanari eta ahaleginari esker funtzionatzen du, lehen lerroan dauden langile horien guztien borondateagatik: sarritan, dagokiena baino gehiago ematen dutelarik. Zenbat ardura hartzen ez ote duten beren gain sistemak dituen zuloak estaltzeko! Gertuko kudeaketak eta kontratazio sistema arinagoek prozesu azkarragoak bermatuko lituzkete, dudarik gabe.

Hezkuntza sareei baino begira diezaiegun hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonei, haien behar eta eskubideei. Administrazioari gero eta gehiago kostatzen ari zaio haiek zaintzea.

Adostu eta eraiki nahi dugun hezkuntza sistemaren erdigunean, sistemaren ardatz, haur, nerabe eta gazteen ongizateak eta haien kulturarekiko errespetuak egon beharko luke. Ondoren, sare bakoitzaren praktika onetatik –izan badituztelako sare guztiek–, eraiki dezakegu denok hobeto kabituko garen hezkuntza sistema, bakoitzak bere kolorearen ekarria eginez, sareak konpetentzian aritzeari utziz eta elkarlanean arituz. Desiragarria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako eta baita, noski, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoarako ere.

Harro nengoke sare bakoitzaren onenetik duen hezkuntza sare bakarraz!