Autobiografiak, jolas literarioak

«Neskamearen ipuina» liburuaren promozio ekitaldi batean, audientzian zegoen gizonezko batek honakoa esan zuen: «‘Neskamearen ipuina’ autobiografia bat da». Ez zen galdera bat. «Ez, ez da», erantzun nion. «Bai, bada». «Ez, ez da. Etorkizunean kokatuta dago». «Hori aitzakia bat da», erantzun zuen gizonezkoak.
Margaret Atwooden “Book of lives. A memoir of sort” liburuko hitzaurretik hartutakoa da pasarte hori.
Atwoodek dioen moduan, bere bizitzan ez du inoiz traje gorri bat jantzi; ez da indarrez behartua izan hierarkia teologiko bateko goi-karguekin haurrak edukitzera. Baina, bestalde, gizonak esandakoak bazuen arrazoi ukitu bat. Finean, baten idatzietan agertzen den gauza oro, modu batean edo bestean, haren burutik pasatu delako.
Autobiografia den galdera hori obsesio moduan hartzen duten hainbatek.
2013. urteko udaberrian “Kristalezko begi bat” liburuaren jatorrizko edizioa argitaratu zenean, borborrean zebilen nobela eta liburu kritikarien artean autofikzioaren eta autobiografiaren gaia. Miren Agur Meaberi liburuaren inguruan egin zizkioten elkarrizketa guztietan, hari ere antzeko galderak egin zizkioten. Zenbat zeukan autofikziotik, zenbat ez-fikziotik, zenbat fikziotik, zenbat autobiografiatik, zenbat bere bizitza pertsonaletik. Zenbat, zenbat, zenbat.
Meaberen azken liburua, «Amorante frantsesa», irakurtzen hasi nintzenean, ez neukan egin zizkioten kritiken eta elkarrizketen ezagutzarik. Bere lan denak irakurri ostean, banekien idaztea beti izan dela Meaberentzat bere bizitzan gertatutakoak kudeatzeko modu bat. Eta, inkontzienteki espektatiba batzuekin nindoan, aurretik hainbeste kritikatu nuen autofikzio horren bila. Sorpresa atsegina izan zen jolas literarioz betetako narrazio aberats, ezusteko eta ezberdin bat aurkitzea. Kristalezko begi bat liburuko M.ri erreferentzia aurkitu nuenean, irribarre egin nuen.
Bi asteren buruan Danele Sarriugarteren “Beste zerbait” irakurri nuen; nobela mutantearen kontzeptuak atentzioa eman zidan, eta ezohikoa den beste zerbait eskaini digu Sarriugartek maisutasunez. Protagonista lehenengo pertsonan ari da ia liburu osoan.
Aste berean Laura Mintegiren “Akabo” izan dut esku artean. Argitaratu gabe luzez egon ondoren itzuli da Mintegi izugarri disfrutatu dudan lan batekin. Bere obsesioetatik idazten jarraitzen duela zioen Mintegik; guztiok kontatzen dugula gure bizitza modu batera edo bestera, baina berak fikzioan sinesten duela.
Berriro ere galdera antzekoa egin zioten berari. Behin eta berriz.
Gizonezko idazleei, hainbestetan egingo ote diete haien lanak autobiografia diren galdera hori?
ChatGPT-ri galdera egin diot. Ezetz esan dit. •

