
Herrirako kide Emile Martin eta Fran Baldak agerraldia egin dute Baionan, bertan iragan larunbatean euskal preso politikoen eskubideen alde burututako manifestazioaren balorazioa egiteko.
Nabarmendu dutenez, «aspaldi Baionan egin den handiena» izan zen larunbateko mobilizazioa, eta eskaera «argi bat» helarazi zien agintari frantsesei: «bazter dezatela euskal presoen aurka indarrean mantentzen duten muturreko espetxe politika, has daitezela hauen giza eskubideak errespetatzen eta lotu daitezela Euskal Herrian bultzatzen ari den gatazkaren konponbiderako lanari».
Lapurdiko hiriburuko kaleetan, gainera «kolore eta pentsaera politiko oso desberdinak» bildu izanaren garrantzia azpimarratu du Herrirak, «giza eskubideen errespetuarekin konprometituak dauden eremu guztien inplikazioa beharrezkoa izango baita gobernuak mugi daitezen».
Azken hilabeteotan presoen alde ekimen ugari egin dela gogoratu ondoren, adierazi dute, «tamalez», egindako lana ez dela «nahikoa izan espetxeetako giltzen jabe direnak jarrera alda dezaten».
Halere, Herrirako kideek azpimarratu egin dute argi daukatela «indarrak batuz eta eremu berriak inplikatuz lortuko dugula gure mobilizazioak eraginkortzea».
Hori dela-eta, datorren urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute, eta jendarte osoari bertaratzeko gonbitea egin.
«Benetako bake egoera baten alde ari gara lanean eta, bide horretan, urtarrilaren 12an Bilbon eginen dugun manifestaldiak mugarri bat ezar lezake», azpimarratu dute.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
