Aimar Etxeberria
DONOSTIA

Denboraleak sortutako kalteak «anitzak eta handiak» direla dio Donostiako Udalak

Denboraleak eragindako kalteen balorazio ekonomiko baten faltan, horiek «anitzak eta handiak» izan direla azpimarratu du Donostiako Udalak. Ildo horretan, pairatutako kalteen parte emateko eskatu diete herritarrei.

Kaltetutako herritarrekin bildu da gaur Donostiako Udala. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Kaltetutako herritarrekin bildu da gaur Donostiako Udala. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Mugimendu handiko goiza izan da gaurkoa Donostiako udaletxean, pasa den asteburu honetan Euskal Herriko kostaldea kolpatu duen denboraleak sortutako kalte materialak zenbatzeko ordua baita. Kaltetutako hiritarrekin egin dute bilkura lehenik Udaleko ordezkariek eta, ondoren, prentsaurrekoa eskaini dute Juan Karlos Izagirre alkateak eta Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Azken bi egun hauetako balorazioa eginez hasi du bere hitzartzea Izagirrek. Modu horretan, Udalaren krisi mahaiak eginiko lana goraipatu du eta zerbitzu guztiak une oro edozertarako prest egon direla nabarmendu. Kalte pertsonalik ez dela izan eta horregatik egindako lana zoriondu du. Hala ere, kalte materialak handiak izan direla esan du.

Horregatik, Aseguruen Konpentsazio Kontsortzioarekin harremanetan jartzeko eskatu die kaltetuei, berau izango baita kalte-ordainen arduraduna. Era berean, Udaleko Harreman Publikoetarako zerbitzuan partea emateko ere eskatu du.

Bi zubi itxita

Galparsoron denboralearen ondorioen inguruan hitz egin du. Kaltetuenak zubiak izan direla nabarmendu du –anitzak eta handiak izan direla azpimarratu badu ere– eta une honetan Mundaizekoa eta Maria Kristinakoa itxita daudela gaineratu du. Bi zubi horiek beren egituretan kalteak jasan dituzte eta konpondu egin beharko dituzte.

Mundaizkoa oinezkoentzat irekiko dute, baina gero konponketak egin beharko dituzte, izan ere olatuen indarrek bere tokitik mugitu egin zuten.

Maria Cristina zubiari dagokionez, aztertzen ari dira bere egoera, oso zaharra delako eta azken konponketak duela urte asko egin zirelako.

Paseo Berrian ere denboralearen kalteak oso handiak izan direla esan du Galparsorok.

Kalte guztien gaineko balorazio ekonomikoari dagokionez, denak zenbatzeko pare bat egun beharko dituztela azaldu du.