Idoia ERASO
BAIONA

Pederastiagatik salatutako apaiza gazte eta haurrekin egoten zen

Atzo jakitera eman zen Baionako elizbarrutiko apaiz bat pederastia salaketa baten ondoren suspenditua izan zela, eta Marc Aillet apezpikua gertakarien jakitun zela 2009tik. Gotzaina gaur  prentsaren aurrean agertu da, horren inguruko azalpenak emateko.

Marc Aillet gotzaina eta Jean-Marc Aphaule, Baionako elizbarrutiko Hezkuntza Katolikoko zuzendaria. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Marc Aillet gotzaina eta Jean-Marc Aphaule, Baionako elizbarrutiko Hezkuntza Katolikoko zuzendaria. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Jean François Sarramagnanek 1991an eta 2007an gauzatu zituen pederastia ekintzen jakitun, Baionako apezpikuak haur eta gazteengandik urrundu zuela adierazi zuen atzo; aldiz, gaztetxoekin harremanetan egoten zela agertu da. Azken urteotako prentsari begiratuz gero, argazki eta elkarrizketetan behin baino gehiagotan gazteei zuzendutako ekimenetan agertu da, Mediabaskek jakitera eman duenez.

Apezpikuak horrelako ekimenetan beti beste helduak ere bazirela eta horien ardura ez zitzaiola ematen nabarmendu du. Hori da bere esanetan horrelako erasoak saihesteko hartu zituen neurrietako bat, bestea helduen hezkuntzaren ardura izatea soilik, ez gaztetxoena. Eta azkenik, adingabekoekin buruz buru ez egotera «gonbidatzea».

Amaren salaketa

Sarramagnanek 1991an bere ilobari egindako pederastia ekintzengatik salaketa jarri zuen apaizaren koinatak 2015eko irailean, biktimaren amak. Azken fiskalari bidali dion gutunaren hainbat zati argitaratu ditu Mediapart agerkariak. Bertan lehen aldiz bere semearen kontra eginiko pederastia ekintzak salatu dituela kontatu du. Eta apaizak berak «bere kastitate-botoa» garai hartan 11 eta 12 urte zituen bere semearekin hautsi izana aitortu ziela erraten du.

Sarramagnanek ere hainbat adierazpen egin ditu agerkari horretan, eta ikasgela batzuetan aritu izan dela aitortu du, nahiz eta beti beste helduen aurrean izan den. Elizaren ierarkian bere nagusiek (Aillet baino lehen zegoen Pierre Moleres apezpikua ere horren jakitun baitzen) ez dutela gaia ezkutatu nahi izan, baina nola jokatu ez zekitela ere baieztatu du apaiz suspendituak.

Baionako gotzainak apirilaren 13an izan zuen salaketaren berri, bi egun beranduago berak ere Baionako Fiskaltzan jarri zuen salaketa, eta apaiza suspenditu zuen. Familiak iaz arte salaketa ez zuenez jarri, berari ez zitzaiola egokitzen argudiatu du Ailletek.

Apaiza bi pederastia gertakarien ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta 2007 eta 2009 urteen artean tratamendu psikologikoa jaso zuen. Suspenditua izan ondoren abadia batera erretiratua izan da eta Ailletei esan dionez, «justiziari aurre giteko prest» dago.