Arantxa MANTEROLA
BAIONA
Entrevue
BEÑAT ARRABIT
EUSKAL ELKARGOAN EUSKARA ARDURADUNA, EEP-KO PRESIDENTEA

«Legearen mugaren mugara hurbildu gara hizkuntza politika lantzerakoan»

Gaur, ezusterik ez bada, Euskal Elkargoak hizkuntza politikaren lehen egitasmoa onartuko du. Horrekin batera, euskara eta okzitaniera (gaskoia) lurralde hizkuntza gisa aitortuko ditu ofizialki, betiere frantsesaren ondoan. Baikor mintzatu da Arrabit.

Gaurko bozketaz hitz egiterakoan, Asterix eta Obelixen komiki ezagunetan azaltzen den galiarren ustea bere egin du, umorez, Beñat Arrabitek. Izan ere, «zerua gainera etorriko» litzaiokeela dio Euskal Elkargoak «gehiengo aski handiz» hizkuntza politikaren proposamena onartuko ez balu eta, horrekin batera, euskara eta okzitaniera lurralde hizkuntza gisa aitortuko ez balitu. Bi delibero horiek izango dira gaurko saioko gai nagusiak.

 

Zein da zuen helburu behinena bi delibero horiekin?

Ekimen politiko azkarra izatea da gure xedea. Orain arte, Euskararen Erakunde Publikotik (EEP) egiten denaz aparte, ez da hizkuntza politikarik izan lurralde osoko eremuan. Herri guztietan paisaia linguistikoa aldaraztea dugu helburu, euskarak bere lekua berreskuratu dezan.

 

Euskara lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortzeak, zer babes ekarriko dio?

Argi esan behar da, maluruski, ez dela egiazko ofizialtasuna. Gai hori lantzen segitu behar dugu; ofizialtasuna lortzea gure lan politikoaren barnean baitago. Baina lurralde ezagupen horrekin Euskal Elkargoak ofizialki adierazten du euskara laguntzeko engaiamendua duela. Bigarren deliberoan, berriz, borondate horren alde praktikoa jasoko da.

Zeintzuk dira hizkuntza politikaren ardatzak?

Arlo ezberdinetan, Euskal Elkargoak dituen zerbitzu guztietan euskara sartzea da xedea. Hogeita bat sail landu dira (aisialdia, helduen euskalduntzea, kultura, mugikortasuna, garapen ekonomikoa, hondakinak, ura...) eta bakoitzean euskararen presentzia bermatzeko neurriak zehaztu dira, euskara teknikariekin batera. Horrez gain, barne antolamenduan eta funtzionamendua, kanpoarekiko sentsibilizazio estrategietan, herri eta herri sindikatei laguntza eta abar. Gai transbertsala izanen da. Eta jakina, ebaluaketarako neurriak eta prozedura bat ere zehazten dira.

 

Hori aitzina eramateko bitartekoak jarri beharko dira...

Bistan da Euskal Elkargoak baliabide propioak beharko dituela bere politika gauzatzeko. Adibidez, zer egiten den jakinarazteko hedabideetan, informazioa, publizitatea, sentsibilizazio kanpainak, itzulpenetarako... Gero, diru laguntzen esparrua EEPtik bideratzen segituko da. Kontuan izan behar da, Euskal Elkargoa erakunde horretako lau partaideetako bat dela eta urtean 872.000 euro jartzen dituela. Horrez gain, EITB hedatzeko ere beste 95.000 euro jartzen ditu.

Hain zuzen, nork eramango du euskara politikaren gidaritza? Nola banatuko dira bakoitzaren egitekoak?

Lan partekatzea egina da jada. Euskal Elkargoa herrien politikei lotutako eskumenez arduratuko da. Hizkuntzarena, berez, herri bakoitzarena da baina, Elkargoa sortu zenean bere gain utzi zituzten ahalak batzeko. Gero, euskalgintzako eragileei diru laguntzak emateak, irakaskuntzan egiten den lanak eta abar, EEPren egitekoa izaten jarraituko du.

Nola landu duzue hizkuntza politikaren egitasmoa?

Urtebeteko lana izan da. Lehenik eta behin, teknikari bakoitzak gai bat hartu du bere gain (lehen aipatutako 21 eremuak) eta diagnostiko bat egin du. Lantaldean aurkeztu izan da. Esan behar dut, Euskal Elkargoko ordezkariez gain, parte hartu nahi zuten herriko kontseilariei ere irekia zela taldea. Adibidez, nahiz eta Elkargoan bozka eskubiderik ez izan, kontseilari zuberotar batzuk izan dira bertan. Gero, euskalgintzako elkarteekin ere elkarlanean aritu gara. Bilkurak egin ditugu haiekin, batez ere historikoki eragile nagusiak izan direnekin (Seaska, AEK...). Zinez, serioski landu dute eta ekarpen inportanteak egin dituzte. Kontuan hartu ditugun ekarpenak, gainera. Uste dut gure hizkuntza politika proposamenean atzemanen dituztela. Gure nahia izan da ahalik eta partaidetza handiena sustatzea eta giro izugarri onean igaro da dena.

 

Giro hori mantentzea espero duzue?

Gaur gainerako hautetsietan ere atzemanen dugula espero dut. Hizkuntza politikaren proposamenak babes zabala jasotzea nahiko genuke. Bozka %51rekin soilik irabaziko balitz, gauzak ez ditugula ontsa egin esan nahiko luke. Araiz, gehiengo azkar bat ukanen ote dugu.

Gerta al daiteke adibidez, lehen deliberoa (lurralde hizkuntza izendatzearena) ez onartzea ofizialtasun kontzeptu hori dela medio eta, aldiz, hizkuntza politikarena bai?

Ez dut uste. Ez luke zentzurik. Bata bestearekin lotuak dira erabat. Guk erabiliko dugun ofizialtasun kontzeptu horrek ez du euskara hizkuntza ofiziala bilakatuko. Hori, egun, ez da posible Frantzian. Legearen mugaren mugara hurbildu gara. Azken asteetan Estatuari erakutsi diogu gure lana, prefetaren bitartez. Gaia gertutik segitu du eta bere ekarpenak egin ditu. Horren arabera, gauza batzuk kendu ditugu. Adibidez, legea urratzen zuela-eta, ez zuen nahi lanpostuen deialdietan euskara baldintza bezala jartzea. Hori kendu egin dugu baina, gure barne arauetan sartzen saiatuko gara.

Zee aukera ikusten duzue legearekin talka ez egiteko?

Orain, esperimentazioak deiturikoen haritik aukera batzuk badira. Esaterako, lehen hiru urteetan haurrak soilik euskaraz eskolatzen ahal dira. Hala, egun, 15 eskola publikotan, 18 eskola giristinoetan (eta jakina Seaskako ikastoletan) euskara hutsean ari dira. Esperimentazio horiek bederatzi urtez luzatu daitezke. Lege horrek baditu, halere, traba batzuk, esperimentazio hori gero Frantzia guztian hedatzekoa izan behar dela. Baina badirudi Macronek egin nahi duen Konstituzioaren moldaketan, ezberdintzeko eskubidea sartuko duela. Oraindik ez da egina, baina badugu esperantza orain arte posible ez ziren hainbat gauza egin ahal izanen ditugula. Emeki-emeki aitzina egitea da gure nahia.

Okzitanieraren aldeko lan bat ere eramatekoak zarete. Finkatua da jada?

Ez, oraino ez. Urte bukaerarako edo, beranduenez, datorren urteko hasierarako, euskararekin bezala, gaskoiarentzat ere hizkuntza politika finkatu nahiko genuke. Teknikari bat kontratatu dugu joan den martxoan eta dagoeneko lanean hasia da. Bere lehen egitekoa gaskoia non baliatu behar den ikertzea da. Hau da, aplikazio eremua zein izan beharko litzatekeen zehaztea, Angeluko edo Urepeleko errealitateak ez baitira berdinak. Bitxikeria moduan, nik uste nuen Bardoze gaskoiaren eremuan sartzen zela, Bidaxunen ondoan baita. Ba historikoki ez omen da gaskoia, euskalduna da.

Euskararen hizkuntza politika aldiz, lurralde osoan aplikatuko da?

Bai, euskararentzat euskal perimetro osoan aplikatuko da.

Baikor zara, beraz, gaurko bozketarako?

Bai, bai. Bestela, zerua buru gainera etorriko zaigu.

 

 

Ez da hizkuntza ofiziala izango, «ofizialki aitortutakoa» baizik

Euskarari eta okzitanierari lurralde hizkuntzaren ezagupen ofiziala emateko formulazio zehatza aztertu behar izan du Euskal Elkargoak, hain zuzen ere, frantsesa Estatuko hizkuntza ofizial bakarra dela dioen Konstituzioaren 2. artikulua ez urratzeko. Planteamendu ezberdinak jorratu ditu Eneritz Zabaleta Zuzenbide ikertzaileak, lehendik Bretainian eta Ipar Katalunian ildo horretan egindako urratsen haritik.

Hala, «Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta gaskoia (okzitaniera) bere lurraldearen hizkuntza bezala ezagutzen ditu ofizialki frantsesaren ondoan», jartzea jo dute formulazio egokitzat. Zabaletaren esanetan, aitortza horrek ez dio euskarari estatus edo balio juridikorik emango, baina Euskal Elkargoaren engaiamenduaren keinu indartsua izango da. Estatuak bere garaian Katalunian eta Bretainian hartutako deliberoen aurka egin ez zuen arren, ez du erabat baztertzen hemen halakorik gertatzea. A.M.