Maddi Txintxurreta

‘Arkanbele kantak’ poema liburua argitaratu du Mikel Tabernak, bizitzaz gozatzeko modu bat

Mikel Taberna idazle lesakarrak bidaia geografiko eta bital bat proposatu du Susarekin argitaratutako ‘Arkanbele kantak’ poema liburuan. Bere erretorikatik memoria kolektibora doan lanean Bidasoaldeari, 36ko gerrari edo ijitoei egiten die kantu arkanbeleak, besteak beste.

Mikel Taberna, ‘Arkanbele kantak’ poema liburuarekin. (Jon URBE/FOKU)
Mikel Taberna, ‘Arkanbele kantak’ poema liburuarekin. (Jon URBE/FOKU)

Mikel Tabernak ‘Arkanbele kantak’ (Susa, 2021) poema liburua aurkeztu du asteazken goizean, bere iragan zein argitaratutako aurreko lanen ispiluetako isla-puskak gaur egunera ekarriz osatu duen idazkia.

Hortik dator izenarekin lotura, erretorika esan nahi baitu ‘arkanbelearen kanta’ esamoldeak, jada esandako horretara behin eta berriz itzultzen den intsektu setatsua; nork berea duena, Tabernak ere bai. Irakurleak liburu honetan aurkituko ditu arkanbele kanta batzuk, lehendik egile lesakarra aurretik irakurri badu.

Lehen poema liburua (‘Mendearen ilunabarrean’) argitaratu zuenetik 25 urtera osatu du bigarren hau, aspalditik gordeta zituen poemak eta beste berri batzuk bildumara batuz.

Arkanbelearen irudiarekin eta deskubritzeke dagoen mundu eta bizitzaren bilaketarekin ekin dio bildumari eta heriotzaren hurbiltasunari eskaini dio hamaika ataletan azkenari. Narrazio bana hasi eta bukatzeko eta, tartean gertatzen den hori «bizialdi» bat da, Donostian egindako aurkezpenean egileak esan duenez.

Poema liburuaren izenburuko ‘kanta’ hitza ez da, ezta ere, ausazkoa, herri kantak biltzekotik ere baduelako lan honek. Poemetako batzuk, gainera, aurretik entzunak dira Joseba Irazoki musikariaren ahotan. Bestalde, azaldu duenez, errimatuak dira poemetako asko, baina ez «neurriz ortodoxoak».

Bidaia fisiko eta bital bat

Bizialdia eta «bizitza gozatzeko modu bat» proposatzen du Tabernak. Eta iraganetik orainaldira, heriotzaren hatsa sentitzerako bidaia horretan, gurasoek hainbeste sufritutako 36ko gerrari idazten dio, galdutako euskara eta lagunei, gaztaroko lehen sexu-jolasei, etorkin portugaldarrei, ijitoei. Batez ere Bidasoaldean gertatzen diren gauza partikular horiei, eta hango paisaia irakur daiteke, baita Iruñeko atzerriari eskainitako poemak, eta agertzen dira txoriak, arrainak, zuhaitzak, onddoak; ausartzen da, baita ere, osteratxoak egitera urruntzen den mugalde horretatik, herrietako jaiak ezagutzera-eta.

Mikel Tabernaren «izaera gordetik» bidaia geografiko eta bital bat gordetzen dute, beraz, orriok. Hala, «memoria pertsonaletik anitz» duten poemek begirada kolektibo bat ere osatzen dute, eta iraganetik ekarri ditu gaur egunerako balio duten gogoeta-gaiak.

Arkanbelera itzuliz, liburua osatzen duten hamaika atalak bata bestearekin lotuta daude, idazlearen baitan jasotako arrastoen seinale gisa, aurreko lanekin ere konektatzen dutenak. Arrasto batzuk ikusiak, biziak, beste batzuk asmatuak. Irakurleak lagun zahar bat topatuko du liburuan, ezaguna egiten zaiona, baina denborari doituz berri-berria izateraino umotu dena.