Haritz Larrañaga

Lurralde debekua kendu diote lehen aldiz preso ohi bati: Igor Uriarte Urruñan bizi ahalko da

Parisko Auzitegi Korrekzionalak Igor Uriarte gasteiztarrari ezarri zion lurralde debekua bertan behera uztea erabaki du. Lehen kasua da euskal preso ohi bati Estatu frantsesean egoteko debekua kentzen diotena.

Urruñan elkarretaratzea egin dute Igor Uriarteri elkartasuna adierazteko. Larraitz Otazo
Urruñan elkarretaratzea egin dute Igor Uriarteri elkartasuna adierazteko. Larraitz Otazo

Parisko Auzitegi Korrekzionalak epaitu du Igor Uriarte gasteizatarra, hau da, espetxe zigorra eta lurralde debekua ezarri zion epaile berak erabaki behar zuen lurralde debekua kentzen zion ala ez, eta Fiskaltza Antiterroristarekin batera, lurralde debekua kentzearen alde agertu da.

Horrela, Fiskaltza Antiterrorista lehen aldiz preso ohi bati lurralde debekua kentzearen alde azaldu da, bere lan eta familia egoera aintzat hartu ostean. Uriarteren abokatuak «zinez urrats garrantzitsua dela» nabarmendu du, eta «epai honek beste euskaldunentzako prezedentea ezartzea» espero duela adierazi du.

Orain Parisko Auzitegi Korrekzionalaren ebazpena gauzatzeko tramite administratiboak egin beharko dira, eta horrek epe batzuek bete beharra eskatzen du, baina abokatuaren esanetan, «epe zehatzik ez bada ere hilabete baten buruan edo, Urruñara itzuli ahal izango du normalki, zeren epailearen erabakia hor da, gero errekurtso epe bat bada, baina ez du zentzurik fiskaltzak errekurtsoa jarriko duela pentsatzeak, zeren audientzian defentsarekin bat etorri da, beraz epaia ejekutatzeko epe bat izango da eta horren ostean, epaia formalki ejekutatzen denean, Igor etxera itzuli ahal izango da».

Hurrengo urratsa Baionako epaitegian emango du Uriarteren defentsak, irailaren 21ean lurralde debekua ez errespetatzeagatik egingo dioten epaiketan zigorra bertan behera uztea eskatuko baitu. Artean, ordea, gasteizatarrak bere Urruñako etxera itzuli ahal izango du oraindik zehazteke dagoen epe batean.

Aurrekari posible bat

«Lehen aldia da fiskaltza antiterrorista euskaldun bati lurralde debekua kentzearen alde agertzen dela, bere egoera familiarra eta laborala kontuan hartu dute, integratua dela esan du fiskaltzak eta bere egoera establea dela ondorioztatu du», azaldu dio NAIZi Maritxu Paulus-Basurco abokatuak.

Edozein hiritarrek bere bizitza pribatua eta familiarra garatu ahal izateko eskubidea duela esaten duen Europako 8. artikuluarekin alderatuta, lurralde debekua ezartzea «desproportzionala» dela ondorioztatu du fiskaltza antiterroristak eta, zentzu horretan, Paulus-Bassurco baikor azaldu da etorkizunera begira: «fiskaltzaren jarrera berria da, lehen ate hori erabat itxia zen, beraz aldaketa esanguratsu bat izan da, goiz da esateko beste kasuei nola eragingo dien, baina zalantzarik gabe aurrekari bat da».

Ez da preso ohi batek lurralde debekua kentzeko eskatzen duen lehen aldia, azken ezezkoa iazko irailean jaso zutela eman du aditzera Paulus-Basurcok, baina kasu honetan fiskaltzaren jarrera erabat desberdina izan dela azpimarratu du. «Ordena publikoari ez diola kalte egiten eta bere egoera pertsonala kontuan hartzea oso garrantzitsua da», azaldu du abokatuak.

Baionako auzitegian

Igor Uriarte Lopez de Bikuña gasteiztarra 2013ko maiatzaren 7an atxilotu zuen Polizia frantsesak eta, epaileak ezarritako 6 urteko espetxe zigorra beteta, aske geratu zen 2018ko martxoaren 23an, baina Estatu frantsesean egoteko lurralde debekua ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak.

Espetxetik atera ostean Urruñan jarri zen bizitzen eta enpresa bat sortu zuen. 2020ko urriaren 6an Polizia frantsesak gasteiztarra atxilotu zuen Ziburun ezarritako errepide kontrol batean eta lurralde debekua ez errespetatzea egotzi zioten. Bi egun Baionako espetxean egin ostean aske geratu zen.

Bere kontrako auzia abiarazi zuen Baionako epaileak urte bateko epea eman zion bere «egoera administratiboa erregulatu» zezan. Artean, ez zuten gasteiztarra kanporatu, baina Estatu frantsesean egoteko debekuak indarrean jarraitzen zuenez berriz atxilotua izateko arriskua zuen, eta ondorioz, ordutik Araban bizi da.

Baionako epaitegiak Uriarteren aurkako auzia ireki bezain laster defentsak lurralde debekua kentzeko eskaera egin zion bere garaian epaitu zuen Parisko Auzitegi Korrekzionaleko epaileari eta honek gaur eman du ebazpena, Uriartek Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea duela onartu du.