NAIZ

Erakundeei mezua mugatik: hitzetatik ekintzetara igaro eta benetako harrera politikak bultzatu

Diakité, Etorkinekin, LaCimade, Bizi! eta Irungo Harrera Sareak deituta, milaka persona Hendaia eta Irun artean mobilizatu dira, erakundeei eskatzeko «benetako gizarte eta harrera politikak» bultzatu ditzatela.

Diakité, Etorkinekin, LaCimade, Bizi! eta Irungo Harrera Sareak deituta, Migrazio politika arrazistei planto egin diete larunbat honetan Ipar eta Hego Euskal Herriko milaka herritarrek. Bidasoa ibaian iragan astean hildako gazte migratzailearen heriotzak markatuta, Hendaia eta Irundik abiatu da jende-saldo bana eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan elkartu dira, Santiago zubian, erakundeei eskatzeko «hitzetatik ekintzara» pasa daitezela eta «benetako gizarte eta harrera politikak» bultzatu ditzatela.

17.00etan hasi da mobilizazioa, bi zutabetan banatuta. Bat Irungo udaletxearen aurrean hasi da eta bestea Hendaiakoaren parean. Bi blokeek Santiago zubirako ibilbidea egin dute, ‘Euskal Herria, harrera herria. Liberté de circulation, égalité de droits. Dignidad, derechos y alternativas’ lemadun pankartaren atzean.

Mugan elkartu dira Irun eta Hendaiatik abiatutako herritarrak. Bertan, antolatzaileak erakundeetako ordezkariei zuzendu zatzaizkie, beraien arteko mugak gaindi ditzatela eskatuz eta eskura dituzten baliabideak erabiliz «benetako politika» egitea: «Egin ahal duzuen guztia beharrean dagoen jendearen alde. Hori baita politikaren handitasuna: pertsonen bizitza hobetzea».

Zentzu horretan, gizarteak eskatzen duen bideari jarraitu eta «benetako gizarte eta harrera politikak» eraikitzea galdegin diete, horretarako eskumenak aldatu behar badituzte ere. Zubien alde egin dute, Euskal Herrira, «etxera», etortzeko «bide seguruen» alde.

«Pertsona orok dauka bizimodu hobeago baten bila joateko eskubidea, utz ditzagun bake-bakean bidean doazenak. Nazioartean sinaturiko hitzarmenak errespetatu eta bete itzazue. Gizonak, emakumeak, haurrak… gu bezalako pertsonak dira polizia eta politikek erasotzen eta ehizatzen dituztenak. Mamadou, Aicha, Ibrahim, Marcelle dira... bidaia luzea egin dute eta harrera duin bat merezi dute», agertu dute.

Pasa den astean Ipar Euskal Herrirantz muga zeharkatzen ari zenean Bidasoan hildako 28 urteko gaztea, Yaya, gogoan izan duten larunbateko mobilizazioan, baita orain hilabete bere buruaz beste egin zuen pertsona ere. Ildo horretatik, argi esan dute migratzea ez dela «bidean hiltzea», eta ordezkari publikoei galdetu diete: «Ez duzue nahiko Bidasoa heriotza-muga bihurtzea ezta?»

Manifestua

Larunbat honetako mobilizazioa babesteko manifestu bat argitaratu zuten manifestazioaren deitzaileek. Bertan, besteak beste, EAEko eta Ipar Euskal Herriko administrazioei eskatzen diete «gizarte politika publiko serio eta arduratsuak» aplikatuz, egoera zaurgarrian dauden pertsonen beharrei lehentasunez erantzutea.

Esteka honetan sinatu daiteke manifestua.