NAIZ

‘Izarak’ eleberria plazaratu du Goizane Aizpuruak

Goizane Aizpuruak ‘Izarak’ liburua aurkeztu du ostegun honetan, Debako idazlearen lehen eleberria. Alberdania argitaletxeak argitaratutako lanean, hiru pertsonaia nagusien hainbat arlotan bilakaera kontatzen da, hala nola gorputzaren bizipena; intimitatea; bikotea, sexua edo maitasuna.

Goizane Aizpurua, ostegun honetako aurkezpenean. (ALBERDANIA)
Goizane Aizpurua, ostegun honetako aurkezpenean. (ALBERDANIA)

Goizane Aizpurua idazleak ‘Izarak’ eleberria aurkeztu du ostegun honetan Donostiako Udal Liburutegian, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearekin. Editoreak azaldu duenez, hiru pertsonaia nagusi ditu kontakizunak: Ane eta Xabi, «bizitza arrunta duen bikote gazte arrunta, eta haien lagun mina, Elene. Oporretan doaz hiruak elkarrekin, eta bidai horren ondorengo urtebetearen buruan, ezerk ere ez du lehenean iraungo».

Abiapuntu horretatik, plano diferenteetan mugitzen den kontakizuna osatu du Aizpuruak. Narratzailea ez da bakarra: «Anek hitz egiten du hainbat pasartetan, baina baita narratzaile neutro batek ere beste hainbatetan, eta atal bakoitzaren hasieran ahots ezberdin bat ageri da, gogoetatsua, poetika zeharo propio bat duena, nobelako gainerako ahotsetatik aldenduta baina gehiegi urrutiratu gabe mintzo dena», azaldu du eleberrigileak.

Ane eta Eleneren arteko harremanak osoki inplikatuko ditu biak, arima zein gorputz, eta harreman horren bilakaerak osatzen du eleberriaren hezurdura. «Esan genezake bi emakume horien identitatearen eraikuntza dela eleberriaren mamia. Alor guztietara zabaltzen den eraikuntza da: gorputzaren bizipena; intimitatea; rolen banaketa eta haiek barneratzeko modua; bikotea, sexu eta bestelako harremanak; maitasuna... Den-dena», jarraitu du idazleak.

Egileak azpimarratu duenez, bila dabiltza etengabe bi emakumeak, dena kuestionatzeraino daramatzan bilaketa batean bizi dira, ziurgabetasunaren erdian. Elkarren bila, norberaren bila, irtenbide bila: «Emakume ahotsa ardatz sendo hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea».

Eleberriko pertsonaia maskulinoa, Xabik, aldiz, bilaketaren antipodetan dagoela dirudi, ziurtasunez eraikitako dorre batean, antza. «Garrantzi berezia dute eleberriaren eraikinean intro modura funtzionatzen duten sarrerek, atal bakoitzari hasiera ematen baitiote», amaitu du Goizane Aizpuruak.

Aizpuruaren lehen eleberria

Ez da Izarak eleberria izan, hala ere, plazaratu duen idazlan bakarra: 2013an, ‘Irarrazabalgo hormarteratua’ izeneko kondaira-bildumarako kontakizun bat eskatu zioten, liburua itxiko zuena hain zuzen ere, eta 2018an, Afasia Airlines poesia liburua argitaratu zuen, Pasaia Hiria–Xabier Portugal saria irabazi ondoren.

«Lehen eleberria du Goizane Aizpuruak, gaur aurkezten duen ‘Izarak’ izenekoa. Eta gezurra dirudi. Gezurra dirudi, apustu zehatz bezain osotua dakarrelako Aizpuruaren nobelak. Ekoizpen umotua da, zalantzarik gabe, nobela hau, bai formaz, bai idazkeraz umotua. Lorpen harrigarria, lehen eleberri baterako, egilearengan dagoen idazle senaz pista esanguratsua ematen digun zeinua», azaldu du Jorge Gimenezek.

Deban jaioa, Arte Ederretan lizentziatua da Aizpurua, eta lanbidez, zaharberritze eta kontserbazioan dihardu. Formazioz eta lanbidez dago, beraz, sormenetik hurbil, eta, editorearen hitzetan, «horren araberakoa du sentiberatasun artistikoa, artegintzaren hainbat alorretan jardutera eraman duena».