NAIZ

ACT TV-k arraunlari bat gazteleraz aritzera derrigortu nahi izana salatu du EHEk

Euskal Herrian Euskarazek salatu du Eusko Label Ligaren ACT TV-k Donostiarra Arraun elkarteko arraunlari bat gazteleraz egitera behartu nahi izan zuela bere borondatearen aurka. 

Donostiarraren trainerua -irudiaren behekaldean- Lekeitioko uretan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Donostiarraren trainerua -irudiaren behekaldean- Lekeitioko uretan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bidez, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak (EHE) salatu du ACT TV-k arraunlari bat bete borondatearen aurka gazteleraz egitera derrigortu nahi izana. Izan ere, uztailaren 25ean Eusko Label Ligaren baitan Lekeition jokatutako estropaden amaieran, Ligaren komunikazioaz arduratzen den ACT TV-ko langileek, ohi bezala, elkarrizketa egitea eskatu zioten Donostiarra Arraun elkarteko arraunlari bati; euskaraz eta gazteleraz egiteko eskatuz.

«Nik euskaraz bakarrik egin nahi nuela adierazi nien eta ezezkoa jaso nuen, gazteleraz egiten lagunduko zidatela argudiatuz», adierazi du arraunlariak. Hala ere, berretsi zien hizkuntza ezagutza ez zela arazoa, printzipio kontu bat baizik: «Nik adierazpenak euskaraz soilik egin nahi nituen; baina erantzun zidaten ACT-n geundela eta printzipioak baztertu behar nituela». Orduan, azpititulak jar zitzaketela eskatu zien arraunlariak ACT TV-ko langileei, berak euskaraz egingo zuelako erabakia mantenduz: «Elkarrizketatzailea haserretzen hasi eta nire hizkuntzarekiko konpromisoz mikroa kendu eta elkarrizketa egin gabe joan nintzen», nabarmendu du arraunlariak.

Egoera honen aurrean, borondate irmoa erakusten du Donostiarra Arraun elkarteko arraunlariak: «Zapalkuntza egoeran izanda ere euskaraz bizitzen saiatzeko konpromiso irmoa hartu dut eta ez diot borroka honi uko egingo».

Euskal Herrian Euskarazek gogor gaitzetsi du gertatutakoa. Elkartearen iritziz, «onartezina» da euskaldunei adierazpenak erderaz egitera behartzea: «Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa larria izateaz gain, euskararen bigarren mailako egoera elikatzen dute», salatu du elkarteak.

Era berean, raineruen munduko pertsona guztiak, batik bat arraunlariak, euskararen aldeko hautuari eustera animatu ditu elkarteak: «Beraien eskubide ukaezina da», aldarrikatu dute. Hala, euskaren normalizazioan urrats bat emango dela baieztatu du elkarteak: «Estropadetan ere euskara normalizatu dadin eta euskaldunok euskaraz bizi ahal gaitezen jarrera euskaltzale tinko izatera gonbidatzen ditugu».