NAIZ

Bilboko Kafe Antzokiak ateak itxiko ditu gutxienez hilabetez

Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakariak asteartean iragarritako neurri murriztaileak ezagutu ostean, Bilboko Kafe Antzokiak ixtea erabaki du, gutxienez urtarrilaren 28ra arte.

Bilboko Kafe Antzokia itxita.
Bilboko Kafe Antzokia itxita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Kafe Antzokia arnasten hasi den unean iritsi da itxieraren albistea. Izan ere, pandemiaren ondorioz, 18 hilabetez egon zen itxita Kafe Antzokia eta iragan den urrian ireki zituen ateak berriz ere. Hala ere, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban indarrean jarri diren neurri murriztaile berriek hala bultzatuta, antzokia berriz ere itxi egingo dute, NAIZi bertatik baieztatu diotenez. Izan ere, Lakuak ezarritako neurriek baldintzatuta Kafe Antzokia ez da errentagarria. 

Oraingo honetan, urtarrilaren 28an, murrizketak amaitzen direnean, zabaltzea aurreikusten dute. Dena den, irekiera une horretan indarrean dauden neurrien araberakoa izango da. Hortaz, gerta liteke ere beranduago zabaltzea.

Kafe Antzokian 50 langilek egiten dute lan asteko 7 egunetan.

Bestalde, asteazken eta ostegun honetarako programatuta zeuden Los Zigarros taldearen kontzertuak 2022ko martxoaren 5 eta 6ra atzeratu dira.