Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Kalitatezko osasungintza izateko Euskal Errepublika ezinbestekoa dela aldarrikatu du Ehunek

Kalitatezko osasungintza publikoa izateko Euskal Errepublika ezinbestekoa dela aldarrikatzeko ekintza egin du Groseko anbulatorioan, Donostian, Ehun mugimenduak. Euskal Herrian osasungintzak bizi duen egoera larria salatzeko eta hori konpontzeko Estatu espainolarekin moztu behar dela adierazi dute.

Kalitatezko osasun publikoa izateko Euskal Errepublika ezinbestekoa dela aldarrikatzeko ekintza egin du asteazken honetan Donostiako Gros auzoko anbulatorioan Ehun mugimenduak, egun Estatu espainolak ezartzen dituen mugak eta trabak gaindituz.

Hamarka hiritar zeuden Groseko osasun etxeko atarian, ilaran, frogak noiz egingo zizkieten zain. Bat-batean sirena hotsak entzun dira eta furgoneta batetik «larrialdi» zerbitzuetako kideak atera dira, Euskal Herrian osasun publikoak bizi duen egoera azaleratu eta salatzeko. ‘Kalitetatezko osasungintza Euskal Errepublikan’ zioen pankarta bat zabaldu dute Ehun mugimenduko beste kide batzuk. Ondoren, anbulatorioko sarrerara pasa dira eta minutu batzutan, osasun zentroaren funtzionamendua oztopatu gabe, pankarta zabaldu dute. 

Anbulatorioaren kanpoaldera atera eta ekintzaren zergatiak azaltzeko adierazpenak egin dituzte ondoren. «Ugariak dira kapitalismoak, bizitzaren partez kapitala lehenestearen ondorioz, eguneroko bizitzan sortzen dizkigun kalteak. Paradoxikoa badirudi ere, kalte hauen konponbidea irudikatzeko, ezarrita datozkigun markoak erabiltzen ditugu. Marko horiek kapitalismoak, patriarkatuak, Espainiak eta Frantziak sortutakoak dira nagusiki eta legeak noraino uzten duen, noraino iritsi gaitezkeen eta azken finean, noraino imajinatu dezakegun esaten digute», azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

78ko erregimena

«Kapitalismoak gurean hartzen duen forma 78ko erregimenarena da. Erregimen hau, denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa da, funtsean. Lapurreta hau edozein alorretan ikusi daiteke; hasi elektriketatik, hormigoiaren mafiarekin jarraitu eta osasungintzaren ‘negozioarekin’ bukatu. 78ko erregimenak gu denon ongizatea lapurtzen du, betiko elitetxoak etekinak atera ditzan. Estatu aparatu guztiek lapurreta hori legalizatzea dute helburu. Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legal  horren zaintzaileak dira. Hori da Estatu espainiarra, ez besterik», salatu dute.

«Esan bezala, osasungintza ez da espolio honetatik libratzen. Azken urte hauetan ikusten ari garen osasungintza publikoaren gainbeherak hori erakusten digu. Osasungintza publikoari baliabideak kendu zaizkio osasungintza pribatuaren mesedetan. Betiko moduan, osasungintzaren mafia pribatuak konexio zuzena du 78ko erregimenaren elitearekin. Osasungintza publikoari baliabideak kentzea zeharkako pribatizazioa da, gero eta jende gehiago bultzatzen baitu osasungintza pribatura, publikoak oinarrizko zerbitzuak bermatu ezin dizkiolako», gaineratu dute.

«Horregatik, uste dugu, oximorona dela osasungintza publiko eta duina eskatzea Espainiatik ateratzea planteatu gabe. Edo, ba al da norbait osasungintza publiko eta duina Espainian lortu daitekeela uste duenik? Independentismoari iritsi zaio beste urrats berri bat emateko tenorea, Espainiak eta Frantziak eskaintzen diguten markoan osasungintza publikoa eta duina ezinezkoa dela espreski esatekoa. Eta euskal errepublika behar beharrezkoa dugula etenik gabe baieztatzekoa.  Iritsi zaio marko mentala aldatuz, proposamen sinesgarriak egiteko garaia. Gaur eta hemen osasungintza publikoak  euskal errepublika esan nahi du», aldarrikatu dute.

Ordu laurden pasatxo iraun du protestaldiak. Amaitu denerako, anbulatorio atarian frogak egiteko hiritarren ilarak bertan segitzen zuen. Luzexeagoa izan da hauen itxaronaldia.