Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Txus Vidorretaren curriculumak hiru mugarri ditu: entrenatzailea, kazetaria eta bilbotarra

Igandean Bilbao Arenan FIBAren Txapeldunen Liga irabaztean, Indautxuko entrenatzaileak kontrolatu ezinezko poza eta euforia askatzen laga zituen. Dantzan ere azaldu zen nonbait, hunkituta bere emazte eta seme-alaben aurrean garaile. Bere herrian profeta, bere garaian atzeko atetik irten bazen ere.

Inoiz ez bezain euforiko Txus Vidorreta, FIBAko Txapeldunen Ligako finalean.
Inoiz ez bezain euforiko Txus Vidorreta, FIBAko Txapeldunen Ligako finalean. (FIBA BASKETBALL)

Txus Vidorreta saskibaloi entrenatzailea, kazetaria eta batez ere, bilbotarra da, onerako eta txarrerako. Eta orain, bigarren aldiz bere palmaresean, FIBA Basketball Champions Leagueko txapelduna, biak ala biak Club Baloncesto Canarias taldeko entrenatzaile gisa. Baina 2016/17 denboraldian Tenerifen bertan irabazi bazuen aipatu lehiaketa, 2021/22 denboraldiko balentria hau Miribillako Bilbao Arenan lortu du.

Alabaina, Indautxukoa bere herrian profeta izan dela mundu guztia esaten ari den honetan, gogoan izan behar da 2010eko urtarrilean atzeko atetik hanka egin behar izan zuela Bilbao Basketetik, bere kargutik egotzi baitzuen artean klubeko akziodun nagusi zen Gorka Arrindak –eta Xabier Jon Davalillo presidenteak– emaitza txarren erruz. Bere lekuan Fotis Katsikaris iritsi zen Bilbora eta ezin esan Bilbao Basket negarrez eta bururik altxa ezinda bizi izan denik beti aulkian Txus Vidorreta izan ez duelako.

Alegia, Vidorretari txalo jo izan zaio beti zeinahi aurkarirekin etxera itzuli den bakoitzean –dela Estudiantes, Alacant, Valentzia eta Tenerife–, behin baino sarriagotan Indautxukoak zuzenduriko taldeak sailkapen nagusian arerio zuzen-zuzenak izan badira ere, eta taldetik egotzi izana –90. hamarkadan Bilbao Patronato klubarekin diru falta zela-eta ACB Ligara igo ezinik geratu beharra kantxan balentria hori lortuagatik– halabeharrari lotu izan zaio beti, beste ezeri baino gehiago.

Baina orain dena da zoriona Txus Vidorretarekin, are gehiago bere emaztea eta bere seme-alabak igandean Bilbao Arenako harmailetan zeudela jakinda. «Malkoak bestela ere erraz ateratzen zaizkit. esperientzia zirraragarria da etxean irabaztea. Nire seme-alabak txikiak dira oraindik, baina gertatzen denaz gero eta gehiago ohartzen dira eta haiekin garaipen hau partekatzea oso hunkigarria da», berretsi zuen.

Eta bide batez, garaikurra jasotzen ikurrina aldean eramateaz gain, duela egun gutxi hil den Alex Aurre entrenatzailea gogoan izan zuen Miribillako prentsa aretoa utzi baino lehen. Loiola Indautxu taldearekin Espainiako Junior Txapelketa jokatzen ari zela hil zen Maristas taldean Vidorretarekin batera jardun zuen entrenatzailea.

Maitatua, gorrotatua eta errespetatua

Bilbotar izaera azkeneraino darama Txus Vidorretak. Bilbao Basketeko atzeko atetik «adostutako agurra» egin zuenean ere, ez zen bere zigilua utzi gabe joan. «Taldea aurrera ateratzeko gaitasuna eta indarra sobera ditudala ziur nago, baina uneotan zaleen artean entrenatzailea ezbaian dago, ezbaian mundu guztiaren babesa behar duen une batean. Hala, pauso bat albora ematea erabaki dut», bota zuen. Hau da, «bota egin naute, bai, baina erabaki horrekin konforme nagoelako».

Esan bezala, 2010eko urtarrileko aurreneko egunak ziren haiek. Hamabi urte baino gehiago pasa dira ordutik hona eta, esan dezagun egia, Bilbori estu loturiko entrenatzaile «soil» bat izango zela uste zuen hamarretik zortzik, bere garaian Caja Bilbao zahar hartan Jose Antonio Figueroa entrenatzailea eredu.

Baina Figueroak ez bezala, Bilbon lorturiko balentriak berdindu eta gainditu egin ditu etxetik kanpoko txango luze honetan Vidorretak. Indautxukoak oraindik ez du "nola kanporatu Real Madril Kopako kanporaketa batean" izeneko hitzaldirik eman –arrazoi askoren artean, ez baitio Real Madrili Kopan irabazi–, baina esateko asko dauka. Ekainean 56 urte betetzera doa entrenatzaile bilbotarra, baina bere jokoa gaztea da oraindik, nahiz eta 1991az geroztik aulkietan dabilen, eta 2004ko udazkenetik hona, ACB Ligan etengabe.

Bilbon maite badute, Gasteizen gorroto bizia diote Vidorretari, batez ere 2006an Bilbao Basketek Barakaldoko Bizkaia Arenan Perasovicen Baskoniari irabazi zionetik: «We Are The Champions» megafonian eta Vidorreta Euroliga irabazi izan balu baino estasi handiagoan.

Baina Vidorretak ez dio bere izaerari muzinik egin bateko edo bestekoen txalo merkeen truke, eta bere kirol bizitzak, palmaresak –FIBAren bi Txapeldunen Liga eta beste bi Kontinenteen Arteko Kopa, eta Valentzia Basketekin ACBko Superkopa, Espainiako selekzioarekin 2015eko Eurobasketeko urrezko domina, 2017ko Eurobasketean brontzea eta 2016ko Olinpiar Jokoetako brontzezko domina– eta jokoarekin areriorik zorrotzenen errespetua ere bereganatu ditu, histrionismo ororen gainetik –Kopa bateko finalerdietan epailearen aurrean belaunikatu zenekoa gogoan, adibidez–.

Dena den, adinaren eraginez edo, arerioen txaloak jaso eta eskertu izan ditu behin baino sarriago. Batetik, Manresatik Miribillara joandako 5.000 zaleenak; bestetik, aurtengo denboraldian, ikusleak kantxetara joateko baimena izaten hasi zirenean, Burgosen jaso zuen txalo zaparrada. «Niri harmailak beteta ikustea gustatzen zait, eta berdin zait gure alde edo kontra dauden», onartu zuen igandean, Bilbao Arenan.

Zentzu horretan, Sergio Vegas entrenatzaile eta kazetari gasteiztarrari eskerrak eman behar zaizkio. Covid-19agatik lehiaketa oro geratu zenean Youtubeko bere kanalean «Confinados sin Basket» bilduman Indautxukoa elkarrizketatu zuenetik, Vidorretarekiko oldarkortasuna asko baretu da Gasteiz eta inguruetan, entrenatzaile «mozorroaren» atzean pertsona sentibera bat ere ageri baita.

Bilbotarren batekin, «etxekoekin» alegia, izan du gainera Vidorretak tupustekorik. Batez ere «Kiko» De la Maza epaile ohiarekin sekulakoak eta bi izan zituen bere garian Indautxuko entrenatzaileak, artean Bilbao Basketen zebilela. Partidaren bat galdu izanaren errua ere bota zion Vidorretak De la Mazari eta AEBA epaileen elkarteak kargu hartu zion behin edo behin entrenatzaile bilbotarrari halakorik adierazteagatik. «Ni ez naiz epaileei buruz berriketan jarduten, pentsatzen dudana esan besterik ez dut egiten», bota zion Bilboko hedabide bati prentsaurrekoren baten.

Angorako katua igurtziz

Txus Vidorreta ez da entrenatzaile perfektua eta bere akatsak baditu, gauza askoren artean burugogorra izatea bere planteamenduetan, akatsak akats eta apostuak apostu. Bere taldeek, ezaugarri askoren artean, konplizeak bilatu ditu beti, entrenatzaileak zer pentsatu jokalariek hura egiteko, beti ere jokalariei pentsatzeko tartea emanda, jokoa uler dezaten eta kantxan zer gertatzen den antzeman dezaten.

«Bilbora iritsi nintzenean zerbait banintzela uste nuen, baina aurreneko denboraldian kantxan zer gertatzen zen ia ez nintzen enteratu ere egiten», esan izan du behin baino sarriagotan Marko Banic hegal-pibot kroaziarrak. Javi Salgado eta Marcelinho Huertasekin batera, Banic beti izan zen Vidorretak gidatzen zuen Bilbao Basket hartako erreferente nagusienetako bat. Antolatzailea eta pibota beti izan dira Indautxukoaren bi giltzarriak, kanpotik jaurtiketa fidagarria erakutsi behar izan duten hegalekoekin uztartuta.

Ordea, ezin da esan duela 15 urteko Txus Vidorretaren taldeak eta gaurkoak berdinak direnik. Jokoa bera asko aldatu da, hiruko jaurtiketei sekulako garrantzia emanez, eta batez ere uztaipean jokalari garaienentzat lekua egin nahian.

«Vidorretaren taldeak ezagunak dira eta ez dute inor engainatzen. Huertas eta Shermadiniren arteko blokeo zuzen batekin saiatuko da abantaila ateratzen, hegalekoak ertz banatan zabalik egongo dira horretarako eta handik aurrera aurkariaren defentsa non desorekatu, hor saiatuko da zigortzen», adierazi zion Juan Carlos Gallego Serrano entrenatzaile eta adituak FIBA BCLko Lauko Finala jokatu aurrean. Juzgua emaitzen araberakoa tranpa egitea da, baina Lauko Final honetan Marcelinho Huertasek eman duen maila neurri handi baten Vidorretarekin duen konplizitateari lotu behar zaio.

Defentsan, berriz, gazteago zela askoz arrisku gehiago hartu ohi zituzten bere taldeek: zonakako defentsa ezberdinak, presioa eta zona uztartuta, defentsa mixtoak... Denborarekin asko baretu du «etorri» taktiko hori, batez ere efizientzia bilatuz bere jardunean.

Dena den, partida garrantzitsuetan planteamendu bereziak egin zalea izan da beti Indautxuko entrenatzailea, arerioari mina nola emango buruan honek gutxien esperoko duen aldetik. 2016/17 denboraldian zehar, Tenerifen, hedabide honi eskaini zion elkarrizketan, esaldi bakarrean laburbildu zuen bere taldearen meritua: «Aurkariek gure jokoa kontuan hartu eta sakon azter dezatela lortu dugu».

Konplizitatez josia

Huertas eta Vidorretaren arteko konplizitate hori 2007/08 denboradian hasi zen josten. Sao Pauloko antolatzailea Joventutek utzi egin zion Bilboko taldeari. Javi Salgadori lagun egiteko Ivan Koljevic –talentua bai, baina txoriak buruan ere bai– lehenengo eta Nacho Azofra gero –2006/07ko erdialdetik aurrera iritsi zen antolatzaile madrildarra. Ordurako onenak emanda zegoen, baina Salgadok eta Bilbao Basketek asko eskertu zuten bere etorrera– aritu ziren bilbotarrekin, baina Huertas iristean gorantz egin zuen talde bilbotarrak.

«Ez dut inoiz ahaztuko ACB Ligako lider izan ginen egun hura», bota zuen Txus Vidorretak Bilbao Basketetik egotzi zuten egunean. Garai hartan Santutxuko antolatzailea zen baloia eskuetan denbora luzez gordetzen zuen jokalaria eta brasildarra, berriz, gaitasun fisikoz jantzitako morroia zen, buruarin ospea ere bazekarrena.

Joventut ez zen damutu Huertasi ihes egiten laga ziolako. Izan ere, antolatzaile lanetarako, artean 17 urte zituen Ricky Rubio izeneko gaztetxo bati lekua egitea erabaki zuen Aito Garcien Reneses handiak, eta Rudy Fernandezekin batera –«R&R» famatua– Kopa eta ULEB Cup delakoa –egungo Eurocupa– eraman zituzten katalanek.

Baina Marcelinho Huertas 2007/08 denboraldian ACB Ligako bosteko onenean sartu zen aurrenekoz; Bilbao Basketek Gasteizen ospatu zen Kopan parte hartu zuen, final-laurdenetan Dusko Ivanovicen Bartzelona kanporatuz eta finalerdietan Neven Spahijaren Saski Baskoniari gorriak eta beltzak ikusi araziz; ACB Ligako play-offetan ere muturra sartu zuen Bilbao basket hark, eta Fase Erregularreko 15. jardunaldiaren ostean, sailkapen nagusiko aurreneko postuan jarri zen.

Urteak ez dira alperrik pasa eta Marcelinho Huertasek kirol bizitza oso oparoa burutu du Vidorreta gabe ere, baita Vidorretak Huertas gabe ere. Baina Tenerifen berriro elkartu ziren momentutik, bien arteko konplizitatea bat izan da beti, Indautxukoak hala bilatu duelako antolatzailearekin eta pibotarekin.

Bilbon Huertas eta Salgado izan zituen konplize alde batetik, eta Banic zein Fred Weis uztaipean. Salgadorekin Estudiantesen ere topo egin zuen berriro eta han ere Indautxukoak jokoaren giltzak eman zizkion Santutxukoari. Alacanten Pere Llompart izan zuen konplize eta Lamont Barnes zein Kaloyan Ivanov ziren uztaipeko erreferenteak. Alabaina, Alacanten Kyle Singler hegalekoari postu horretan aritzen diren jokalariei eskuarki ematen ez dien garrantzia eman zion. Alegia, jokalarien gaitasunaren arabera jokoa moldatzen asmatu duela, zenbait urte geroago Tenerifen Marius Grigonis eskolta lituaniarrarekin lortu zuen bezala.

Ez beti, egia esan. Egun NBAn ari diren Iffe Lundberg edo Juancho Hernangomezi ez zien bere garaian –Tenerifen eta Estudiantesen– behar beste zuku atera eta 2017/18 denboraldian, Valentzia Basketen eta Euroligan debuta egin zuen denboraldian, lesioek eta Euroligak eta ACB Ligak ezarritako erritmoak ez zioten Vidorretari talde hark zuen guztia ateratzen laga. Egia da Alberto Abalde hegalekoa eliteko jokalari entrenatzaile bilbotarraren eskutik egin zela, baina hura izan zen Vidorretak Valentzian egin zuen ekarpen handiena.

Bilbo eta Tenerife dira, itxura batean, Txus Vidorretaren habitat gustokoenak. Hargatik Teneriferekin lortu ditu bere palmareseko ia sari gehienak eta Bilbon, berriz, entrenatzaile zenean baino zalantza gutxiagorekin, kanpoan arrakasta izan duen «etxeko» mutila izatea lortu du eta bueltan datorren bakoitzean etxera itzultzen den mutilari txalo jotzen diote, ia beti Bilbao Basketen arerio den arren. Azken batean, Txus Vidorreta, onerako zein txarrerako, bilbotarra baita.