Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevue
Julen Aginagalde
Bidasoa Irun taldeko jokalaria

«Taldea sendotzeko unean dago, sustraiak errotzeko lanean gabiltza»

Duela 23 urte egin zuen debuta Aginagaldek (1982) gorengo mailan. Etxean eman zituen lehen urratsak eta bertan emango ditu azkenak. Ademar, Ciudad Real eta Atleticon aritu zen Kielcen sei urtez jokatu aurretik. Txapeldunen Liga irabazi zuen bertan eta munduko jokalari onenen artean egon da.

Julen Aginagalde, atzo, Artalekun, prentsaurrekora abiatzen.
Julen Aginagalde, atzo, Artalekun, prentsaurrekora abiatzen. (Jon URBE | FOKU)

Julen Aginagaldek azken denboraldi bat emango du kantxa barnean. Jokalari eta kirol zuzendari lanak uztartuko ditu datorren sasoian eta onartu du azken hilabeteetan ere halaxe aritu dela. Alegia, hurrengo denboraldiko taldea osatzeko lanen «atzean» egon dela, NAIZi emandako elkarrizketan onartu duenez. Eskubaloian jokatzeak ilusioa sortzen dio, «txapelketek irrika berezia» sortzen diote, bai eta kirol zuzendari lanak ere. Ez du bere bizitza eskubaloi gabe ulertzen eta kantxan egin bezala, «ahal duen hoberena» emango du bulegoetan ere.

Denboraldi oso bat izango duzu agur esateko, kasik partiduro zaleen omenalditxoa jasotzeko.

Hainbesterako ez dut uste izango denik, baina gutxienez jakingo dut kantxa askotan jokatzen dudan azken aldia izango dela. Kantxa askotan gauza berezi asko bizi izan ditut eta agur moduko bat izango da.

Dena dela, oraindik gerra emateko moduan zaude.

Bai, nire ilusio guztia jokatzean dago. Gauza asko daude nire inguruan, baina nik beste urtebetez jokatzeko sinatu badut, gogotsu nagoelako da.

Jokalari eta kirol zuzendari izango zara. Hilabeteak daramatzazu bi lanak uztartzen.

Bai, badakit ez dela erraza, baina ahalik eta modu hoberenean eramaten saiatzen naiz. Taldekideen jarrerarekin nago batik bat eskertuta, gauza batzuez beraiekin hitz egin egon behar izan dudalako; uste dut oreka nahiko ondo mantentzen ari naizela.

Jokalariek jada ikusiko zaituzte kirol zuzendari gisa, ez soilik taldekide gisa. Alde horretatik, errespetu gehiagorekin begiratzen zaituzte?

Ez dakit. Nik, gutxienez, ederki desberdintzen dut zein den jokalaria eta zein den kirol zuzendaria. Agian jendearentzat ez da horrela, kirol zuzendari gisa ere ikusiko nautelako, baina nik neuk, behintzat, argi dakit bata eta bestea ezberdintzen.

Ez da erraza izango Kauldi Odriozola, Xoan Ledo, Adrian Fernandez edo Sierra bezalako jokalarien ordezkoak topatzea, ezta?

Argi dago oso zaila dela. Asko eman duten jokalariak dira. Zaila izaten da horrelako jokalariek uzten duten hutsunea ordezkatzea, baina, dauzkagun aukerekin, ahalik eta gehien saiatu gara eta espero ondo joatea.

Kirol zuzendari izateko proposamena nondik dator? Zure anaia Gurutzek konbentzitu al zintuen? Edo erretiro garairako buruan zenuen jada horrelako zerbait?

Pixka bat denetarik. Banekien zuzendaritzak figura hori sartzeko beharra ikusten zuela, proposamena egin zidaten eta nik betidanik izan dut irrika berezi bat horrelako lan batean jarduteko. Dena batu da.

«Oso ondo pasatzen dut. Oraindik eskubaloiarekin disfrutatzen dut, txapelketek ematen duten irrika hori asko gustatzen zait. Taldeko giroa ona izanez gero, eskubaloia uztea are zailagoa egiten da»

Abenduaren 8an 40 urte egingo dituzu. Zerk motibatzen zaitu entrenatzera joan eta beste urtebetez jokatzen jarraitzeko?

Egia esan, oso ondo pasatzen dut. Oraindik eskubaloiarekin disfrutatzen dut, txapelketek ematen duten irrika hori asko gustatzen zait. Taldeko giroa ona izanez gero, eskubaloia uztea are zailagoa egiten da. Baina, tira, orain jarri diot data eta, alde horretatik, oso lasai.

Talde askotan aritutakoa zara, hainbat garaikur irabazi dituzu, Txapeldunen Liga bat tartean. Baina Bidasoan jokatzeak beste xarma bat dauka?

Bai, niretzat bai, ni bertakoa naiz eta argi dago hau dela nire taldea. Itzuli aurretik esan nuen itzultzeko irrikan nengoela eta hala izan zen azkenean. Esan nuen ere bertan hartu nahi nuela erretiroa eta hala izango da. Alde horretatik, oso harro nago.

Hiru urte beteko dituzu Bidasoa Iruneko bigarren fasean. Zer eman diozu taldeari?

Une konplikatuetan, baloiak pisatzen duenean, lasaitasuna. Horrez gain, edonori irabaz diezaiokegula helaraztea.

Azken denboraldia min hartuta hasi zenuen. Nola errekuperatu zara?

Bi hilabete egon nintzen min hartuta eta denboraldiaurrea egin gabe zuzenean jokatzera pasa nintzen. Ez da denboraldia hasteko modurik aproposena akaso, baina, tira, horrela suertatu zen eta horrela eraman genuen denboraldia. Bukaeran ere beste lesio bat eduki nuen, aduktorean desgarro bat eta azken hilabetean entrenatu gabe jokatzen egon nintzen. Lehenago geratzea zen zentzuzkoena, baina taldea laguntzeko gogoak pisu gehiago eduki zuen.

Aginagalde anaiak, Julen eta Gurutz, atzo Artalekun. (Jon URBE/FOKU)

Orain uste duzu gehiago aportatzen duzula aldagelan edo aulkian pistan baino? Edo nola sentitzen zara?

Ez, nik uste dut bietan aportatzen dudala. Duela urte batzuk taldeak jokatzeko forma ezberdina zeukan eta agian gol gehiago sartzen nituen, baina, egun daukagun jokalari tipoarekin, nahiz eta zuzenean ni ez nabarmendu, nire lana taldearentzat garrantzitsua da eta horrek inporta du.

Hirugarren amaitu duzue denboraldia. Arantzarik badaukazue?

Denboraldi oso zaila izan da, oso gogorra, gauza asko pasa dira. Argi dago denok gehiago nahi dugula. Nire kasuan ez dut esango ez daukadanik arantza hori, baina baloratu behar dugu nolakoa izan den denboraldia; Europan, Espainiako Kopan eta Asobal Kopan egindakoa kontuan izanda, balorazioa oso positiboa da.

Hilabete batzuetan partida asko pilatu zaizkizue, ezta?

Bai, eta gainera une horretan kointziditu dute lesio askok. Hor gazteen ekarpena oso garrantzitsua izan da eta, alde batetik kontran genuena, beste aldetik aldeko bilakatu da.

Kirol zuzendariaren ikuspegitik begiratuta, zein izango da Bidasoa Irunen proiektua?

Intentzioa da gazteek lekua hartzea, baina jakinda hori dena prozesu bat dela, kontua ez dela gazteak zuzenean jokatzen jartzea. Beraiek ere formatu egin behar dira, denak bere prozesua du eta hori dena errespetatzen jakin behar da.

«Gurutz [Aginagalde] iritsi zenean taldea une onean zegoen eta momentu hori soilik urte bateko kontua ez izateko saiakera egin behar zen, proiektua errotu eta sustraitzekoa. Uste dut horretan egin duela lan handiena»

Nola ikusten duzu egun Bidasoa Irun klub bezala?

Uste dut taldea sendotzeko unean dela, badaramatza urte batzuk denboraldi oso onak egiten, baina uste dut sustraiak ere errotu behar direla eta horretan gabiltza. Badakigu Bartzelonarekin alderatuta jauzi oso handia dagoela, baina uste dut sustraiak errotzen saiatu behar dugula oraingo une gozoa luzatzeko.

Eta une gozo horretan zein izan da zure anaia eta klubeko presidente Gurutz Aginagalderen papera?

Iritsi zenean taldea une onean zegoen eta momentu hori soilik urte bateko kontua ez izateko saiakera egin behar zen, proiektua errotu eta sustraitzekoa. Uste dut horretan egin duela lan handiena. Nahiz eta emaitzak errepikatu, urratsak aurrera egitea zailagoa izan da. Sustraiak errotzea, baina, oso garrantzitsua izan da.

Jacobo Cuetara dabil teknikari moduan azken urteetan. Horrek Bidasoari nortasun jakin bat ematen dio, ezta?

Bai, entrenatzaile batek jarraipena izatea beti da garrantzitsua da. Sumatzen da bere eskua hor dagoela eta emaitzek argi uzte dute egindako lana ona izan dela. Horrela jarraitzea espero dugu.

Zer egin behar da Kauldi Odriozola edo Ander Izquierdo bezalako jokalari gazteek ligan jarraitzeko? Edo beharrezkoa dute kanpora joatea beren maila hobetzeko?

Guretzat politena horrelako jokalariak bertan geratzea izango zen, baina horretarako aurrerapauso gehiago egin behar dira. Gauzak ondo egiten ari dira klubean, baina goi mailako taldeetara joan dira, gauza garrantzitsuak jokatzen dituzten taldeetara, eta beraien bidea izango da. Talde horien ispilu ere izan behar dugu. Etorkizunen horrelako jokalariak bertan geratu ahal izatea espero dugu.