«Haurtzaroko ilusioarekin» itzuliko da 70. Zinemaldia normaltasunera

Erabaki gogorrak atzean utzita, «ume batek duen ilusioaz» bueltatuko da Zinemaldia. Normaltasunaren garaia da, kakotxik gabe: aforoak %100era, alfonbra gorriak, festa ofizialak… Glenn Close izango da Sail Ofizialaren epaimahaiburua sintonia berria estreinatzen duen 70. edizio borobilean.

Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja, sintonia berriaren egileak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin.
Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja, sintonia berriaren egileak, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azken asteotan piluletan iritsi zaizkigu ospatzear den 70. Zinemaldiaren nondik norakoak, sekzioak osatzen dituzten filmak, Donostia sariak, epaimahaikideak, bisitatuko gaituzten zinema izarrak… tradizioari eutsiz, baina, justuki bi aste baino falta ez direnean deskubritu ohi ditu beste zenbait «sekretu».

Ostiral honetan eman dute jakitera Donostiako Tabakaleran Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita komunikazio arduradunak Glenn Close (Connecticut, 1947) aktorea izango dela Sail Ofizialeko epaimahai taldeko presidentea.

Rebordinosek berak aitortu duenez, eskaini bezain pronto bere agenda kontsultatu zuen. Posible zuela ikusi eta «dudarik egin gabe» eman zuen baiezkoa. Honen harira kontatu du amerikarrak Donostiako jaialdiarekin duen sintonia «erabatekoa» dela. Ez da hirian bere lehen aldia izango, aktoreak 2011an jaso baitzuen Donostia Saria, hain zuzen Rebordinosek Zinemaldiko zuzendariaren ardura hartu zuen urtean. Aurretik, hala ere, Zinemaldian ere izan zen, hogei urte lehenago.

Geroztik, «oso harreman ona dugu», kontatu du. «Oso presidente ona izango da, ez dut zalantzarik», esan du.

Irailaren 16tik 24ra bitartean garatuko den jaialdiak 70 urte beteko ditu aurten. Bada urteurrena borobila dela aprobetsatuz egin nahi izan da aldaketa esanguratsu bat: proiekzio bakoitzaren aurretik entzuten den sintonia berritu da.

Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi dira egileak, eta musikariek beraiek prentsaurrean kontatu dutenez, «pertsonala eta nortasun handikoa da» melodia. «Elementu sintetikoak eta organikoak» baliatu eta nahastu dituzte, horretarako ahotsa eta haizezko instrumentuak erabiliaz; zehazki korneta, tuba eta serpentoia, oso instrumentu berezia, antzinakoa eta tinbrikagatik besteengandik ezberdina egiten duena.

Euskadiko Orkestrako Oscar Avella eta Salome Limon soinu injenieria izan dituzte alboan, bidelagun. «Bi pauta eman zitzaizkigun lana eskatu zitzaigunean: laburra behar zuen izan, eta sormen aldetik erabat librea», kontatu du Callejak.

Pozik agertu dira emaitzarekin. «Uste dut oso ondo definitzen gaituela talde artistiko bezala, zerbait pertsonala bilatzen genuen eta lortu dugu».

Aurrera begiratzeko garaia

Ezin baieztatu lortuko dutenik, baina Rebordinosek ez du ezkutatu hirugarren Donostia Sari bat emateko ahaleginak egiten ari direla antolakuntzatik. Bi dira iragarri eta baieztatu direnak: Juliette Binoche aktore frantsesari eta David Cronenberg zuzendari eta gidoilariari. «Lanean gaude hirugarren bat egon dadin, baina oraindik itxi gabe dago, baina gure nahia hori da, hirugarren bat ere egotea», esan du.

«Normaltasuna» hitzari kakotxak kentzeko garaia heldu da, Zinemaldia horretara bueltatuko delako, zentzu guztietan. Eta bi urteko sasoi zailaren ostean, parentesia itxi eta etorkizunari gogoz ekingo diotela berretsi du Rebordinosek.

«Ilusio handiarekin begiratzen diogu edizio honi, normala izango den edizioari. Sentsazioa erabateko zoriontasunarena da, umeak bezala ari gara gozatzen, gogobetetasuna dugu, baina zentzu batean zuhurtziaz jokatu behar dugu, ez baitakigu eta ezin jakin publikoak nola erantzungo duen», aitortu du.

«Hemendik jendea zinemara animatu nahi dugu, aretoak bete daitezela, aretoak ez baitira arriskutsuak, hori erakutsi da. Publikoa berreskuratu nahi dugu, berriro izan nahi dugu areto guztiak betetzeko gai den hiri hori».

Normaltasunak gauza asko inplikatzen ditu, adibidez: Belodromoko saioak berreskuratuko dira, eta Victoria Eugenia zein Kursaaleko alfonbra gorriak ere, hala nola Maria Cristina hotelean bisitatzen gaituzten aktore zein zuzendariei harrera egiteko aukera. Jai ofizialak ere berriro ospatuko dira, eta sarrerak on line zein lehiatilan erosi ahal izango dira.

Sarreren salmenta eta programazioa

Hain zuzen, sarreren salmenten harira zenbait datu: programazioa datorren astelehenean, hilaren 5ean, emango da jakitera, baina hots, eta oso inportantea, aurten ez da paperezko programaziorik editatuko eta dena on line kontsultatu beharko da. Internet bidez kontsultatu ahal izango dira emanaldiak hilaren 7tik aurrera, eta sarrerak salgai jarriko dira datorren igandean, irailaren 11.

Perez de Anucitak esan duenez, egun horretan lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahal izango dira, eta apurka irekiko dira erosi ahal izateko epeak. Epe bat irekitzen den bakoitzean, hurrengo hiru egunetarako soilik erosi ahal izango dira. Denak, zenbakidunak izango dira.

Ostiral honetan ere jakitera eman dutenez, Wang Chao zuzendari txinatarraren ‘Kong Xiu / A Woman’ filmak itxiko du Sail Ofizialean Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko diren filmen zerrenda. Baina bada oraindik misteriorako tokirik. Urtero sorpresaz eskaini ohi den filma, aurten, «izen handi batek lagunduta» eskainiko delako.

Ezin gehiago esan. «Badakigu jostariak zaretela, baina guri ere jolastea gustatzen zaigu, eta hor utziko dugu», esan du irribarrez Jose Luis Rebordinosek.