Azkura
«Zorionak emakume guztiei», bota du gizonezkoak martxoaren 8an. Goizean goizetik azalean sentitzen dudan azkura piztu zait berriro. Zergatik nago deseroso? Zergatik erdi haserre-amorratuta? Nondik datorkit egonezin bitxi hau? Martxoaren 8 zoriontsuak bizi izan ditut. Aliatuak-lagunak alboan, borroka eder eta beharrezko baten parte sentitzearen plazera izan dut azalean sikiera ordu batzuetan. Egia da martxoaren 9 guztiak igualak direla. Bezperan kulero moreak jantzi izanak ez duela ezer aldatzen, ez bada unean uneko laineza. Hori ere garrantzitsua, noski.
Baina aitortu behar dut aurtengo martxoaren 8a eztarrian trabatuta geratu zaidala, ez atzera ez aurrera. «Sanbalentindu» egin dela sentitu dut. Bularretakoetan deskontuak eskaini dizkidate, ezpainetakoetan bi baten prezioan, eskaintzak bonboietan, emakumearen ikurra aparkaleku pribatuen pantailetan. Feministak agertu zaizkigu izkina guztietatik; jertse, belarritako, bufanda moreak nonahi. Mezu melengak whatsapp taldeetan, emakume izatearen zoriontasun infinitua iragarkietan... eta ni, aldrebestuta. Pozik, behintzat, ez. Mugituta, aztoratuta.
Feminismoa adineko emakume jakintsua dela uste dut, ilea urdinduta eta zimurrak oparo. Asko ikusi, bizi izan, sufritu duenaren azala eta begiratua soinean. Imajinatzen dut aulkitxo batean eserita, zorrotz eta zuhur, berriz ere patriarkatuak ziria sartuko digula konturatuta. Postureoaren garaian, denak hain feminista eta parekide. Hala balitz, gure kaleetan ez litzateke hainbeste min eta ezin pilatuko urteko gainontzeko egunetan. •

Des collégiens de Cambo font chanter leur corps
L'arrestation de Bayonne serait liée à une action contre l'usine Lafarge

Más de mil personas denuncian en Amurrio «el anacronismo» de la condena a Barbado y Zelaia

EP, abierto a favorecer la alcaldía de EH Bildu en diez municipios de Bizkaia y Gipuzkoa

La parte sindical y asindical de la Ertzaintza elevan el tono contra Lakua

Asiron destaca que no aceptará en Iruñea vías que excluyan al 27% del electorado

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
