Estitxu Zabala Odriozola

Tren geltoki guztiz berria izango du Irunek

Ingurunean integratuta geratuko den geltoki berria trenbideen gainean eraikiko da, zubi baten gisa, eta bidaiarien erabilerak bateratzeaz gain, trenbideen berrantolaketa ere ahalbidetuko du.

Trenbideen gainean eraikuntza berri bat eraikiko da, zubi baten gisa, eta bertan bidaiarien erabilerak bateratuko dira.
Trenbideen gainean eraikuntza berri bat eraikiko da, zubi baten gisa, eta bertan bidaiarien erabilerak bateratuko dira. (NAIZ)

Irungo tren geltokia eta haren ingurua guztiz aldatuko dira laster; izan ere, eraikin berriak mugikortasun iraunkorraren eta multimodalaren erreferente gisa finkatuko du hiria, eta bertako urbanismoa berroneratzen lagunduko du.  

Eraikuntzarako hitzarmena joan den urtarrilean sinatu zuten Adif-ek, alde batetik, eta OHLA taldeak eta bere filiala den Construcciones Sobrino eraikuntza enpresak, bestetik. Hitzarmenaren arabera, akordioak 55 milioi euroko kostua izango du.

Proiektuak zehazten duenez, trenbideen gainean eraikuntza berri bat eraikiko da, zubi baten gisa, eta bertan bidaiarien erabilerak bateratuko dira (aldiriak eta distantzia ertain eta luzeko lineak), lehendik dauden trenbideak berrantolatuko dira eta eraikina ingurunean integratuko da, bidaiarien egungo eraikina eta nasetako beste eraikin tekniko batzuk eraitsiz.

Proiektuaren arabera, geltokiak hiru maila izango ditu: beheko solairua kalearen parean egongo da, tarteko solairuan bulegoak egongo dira, eta lehen solairuan atari nagusia.
Beheko solairuak izango du eraikinerako sarrera nagusia, eta eskailera finkoak eta mekanikoak, baita igogailuak ere, lehen solairuko atari nagusiarekin lotzeko.

Lehen solairuak lotura zuzena izango du treneratze gunearekin, sarbide kontrolekin. Horretaz gain, hor egongo dira bidaiarientzako arreta zerbitzua, komertzioak, kafetegia, eta txartelen salmenta.

Proiektuak aldaketa handia ekarriko du eta Renferen erabiltzaileek lotura zuzena izango dute Euskotrenen Lasarte-Oria eta Hendaia arteko linearekin, baita hiri-autobus lineekin ere, Irun Bidea izeneko eremuan. Gainera, eraikin berriari esker, orain arte azpiegiturak hirian eragindako etena libratzea ahalbidetuko dute.

Trenaren integrazio iraunkorra izango dela dio Adifek. Azken batean, lanen bidez, arduradunek ziurtatu dute erabiltzaileentzako mugikortasuna hobetuko dela eta garraio publikoaren erabilera bultzatuko dutela. Azaldu dutenez, trenbidea irisgarria izango da, inolako oztoporik gabea. «Geltokiaren eta pasabidearen proiektuaren gauzatzeak bilakatuko dute Irun mugikortasun iraunkorraren eta multimodalaren eredu», adierazi dute Adifeko arduradunek.

Iñaki Arriola Garraio sailburuak akordioa sinatu zutenean azaldu zuenez, «urte askotako lanaren ondoren, hilabete batzuen bueltan ikusiko dugu Via Irun puzzle handi hori nola hasiko den egokitzen».

Hiriarekin lotura zuzena

Geltoki berriak oinezkoentzako pasabidea ere izango du, hiriarekin lotura zuzenarekin. Adif, Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udala dira proiektu honetan parte hartu duten erakundeak eta 6,9 milioi euroko aurrekontua izango du.

Terminala eta hiriaren arteko bide berriak alde batetik bestera zeharkatuko du trenbidearen zabalera. Eusko Jaurlaritzak kostuaren %22 jarriko du; %33 Adifek; eta %44 Irungo Udalak finantzatuko du, proiektua idazteko, obrak egiteko eta azpiegitura martxan jartzeko. Horretaz gain, behin lanak bukatuta, udalak izango du kontserbazio eta mantenuaren ardura.

Pasabideak, gainera, geltokirako sarbidea izango du, eta eraikina hiriaren erdigunearekin lotuko du. Horrela, pasabidea Geltokiaren plaza berriarekin lotuko da mendebaldean, trenbide zabalgunea zeharkatuko du iparraldetik, eta Sebastian Errazu kalearen inguruarekin lotuko da ekialdean. Beraz, geltokiaren inguruko auzoetarako irisgarritasuna bermatuko dutela ziurtatu dute.