NAIZ

Garrastatxuko Askatasun Mendi Martxa, konpromisoari eutsita

Etxerat Elkarteak antolatuta eta ‘Elkartasuna bide, askatasuna helburu’ lelopean, Garrastatxuko Askatasun Mendi Martxa izango da datorren igandean, ekainak 11, Baranbion (Amurrio) hasita. Euskal presoen aldeko beste ekimen bat, helmugara iritsi artean.

Garrastatxuko Mendi Martxaren kartela.
Garrastatxuko Mendi Martxaren kartela. (NAIZ)

Ohikoak dira euskal presoen aldeko mobilizazioak, elkarretaratzeetatik manifestazio erraldoietara. Baita helburu bereko bestelako ekimenak ere: kontzertuak, hala nola Hatortxu Rock; lasterketak, esate baterako Lasterbidean, edo mendi martxak. Joan den larunbatean Amasa-Villabonan egin zuten Lasterbidean lasterketaren bederatzigarren edizioan orain arte egindako bidea txalotu zuten, eta preso guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Konpromiso horri eutsita, datorren igandean mendira eramango dute aldarrikapen hori, presoen aldeko borroka irudikatuz.

Izan ere, gorabeheraz betetako borroka da baina, mendi martxek bezala, helmuga izango du, euskal preso guztiak etxera iristen direnean.

Helmuga bereko ibilbide eder bi

Baranbioko Garrastatxu leku paregabetik 07.30ean abiatuta, 22,9 kilometro egin ondoren Garrastatxun bertan amaituko da mendi martxa, Gorbeia mendiguneko zenbait gain zeharkatuta: Katzabaso, Nafarkorta, Araneko Harria, Oderiaga, Ipergorta eta, Arraban zehar, Usotegieta. Arlobiko txabolan anoa-postua egongo da. Ibilbide ederra, mendian ohituta daudenentzat behinik-behin.

Hain ohituta ez daudenentzat, berriz, beste ibilbide murritzago bat antolatu dute, 8,5 kilometrokoa, besteak bezala irteera Garrastatxun izango duena, 08.00etan. Mendi gain gutxiago igota ere, inguruaz gozatzeko aukera bikaina izango da Katzabason, Nafarkortan, Araneko Harrian, Upoko Makatza mendi-lepoan, Arlamendiko mintegian eta Ansulueta errekako pasabidean zehar.

Izen ematea www.herrikrosa.eus webgunera sartuta egin daiteke, 10 euroan. Edonola ere, martxaren egun berean ere egin daiteke Baranbion, 12 euroan.

Euskal presoekiko elkartasunaren hurrengo hitzorduak, beraz, Baranbion du abiaburu eta bertan helmuga, beti ere «askatasuna helburu».