Jon Ormazabal
Entrevue
Jokin Altuna eta Julen Martija
Aspeko pilotariak

«Juleni nabaritzen diot bere buruarekin konfiantza askoz handiagoa duela»

Konplizitatea erabatekoa da amezketarraren eta etxeberritarraren artean. Aurtengoa  elkarrekin jokatu duten laugarren Binakakoa. Lehen bietan finalerdietatik ez zuten aurrera egiterik izan, baina orduan «elkarrekin txapeldun izango zirela» egindako promesa beteta, errepikatzeko asmoa agertu dute.

Jokin Altuna eta Julen Martija.
Jokin Altuna eta Julen Martija. (Aitor KARASATORRE/FOKU)

Bikote, txapelketa 0-4 hasi zenuten eta finalean zaudete. Nola aldatu diren gauzak!

Jokin Altuna: Bai, asko, asko. Hilabete asko dira, baina orduan erreakzio azkar bat behar genuen, eta hor lau partida jarraian irabazteak sekulakoa eman zigun. Momentu horietan bai ikusten genuela oso zaila lehen seietan sartzea ere. Baina ondoren, lau irabazita, hirugarren edo laugarren sartzeko aukerak ikusten genituen. Gero, nik mina hartu nuenean, garrantzitsua izan zen Javik eta Julenek partidak irabaztea eta play-offa jokatzea. Orain ondo gaude.

Bartzelonako buelta luzea izango zen.

Julen Martija: Ona ez zen izan, baina, tira, gogoratzen dut egun horretan bertan hitz egin genuela eta partida hori ahaztu behar genuela. Aste horretan gustura entrenatu genuen hurrengo partidan pentsatzen, eta, berriz ere irabazita, konfiantza hartu genuen. Uste dut nahiko erraz ahaztu genuela hori. Ongi edo gaizki jokatu, irabaztea behar genuen. Lortutako puntuak beste konfiantza bat eman zigun eta entrenatu ere beste era batera egin genuen hortik aurrera.

Zuk ere une horretatik nabarmen egin zenuen gora. Ez dakit burua den, Jokinen itzulera...

J.M: Denetik pixka bat, txapelketa hasi baino lehen oso ondo nengoen, konfiantza askorekin eta ondo jokatzen. Baina lehen partidak galdu genituen, eta ez da bakarrik galtzea, emaitzak oso txarrak izan ziren eta horrek konfiantza galtzea eragin zidan; partidak horrela galtzeak ez zidan ondo egin, eta konfiantza aldetik oso justu nengoen. Entrenatzen-eta gustura nenbilen, baina gero partidetan asko kostatzen zitzaidan eta ezin nion buelta eman. Partida bat irabazi eta buruari klik egin nion. Pentsatzeko era aldatu nuen eta hurrengo partidetan hobera egin nuen.

Martija: «Txapelketa hasi baino lehen oso ondo nengoen, konfiantza askorekin eta ondo jokatzen. Baina lehen partidak galdu  eta gainera emaitzak oso txarrak izan ziren, eta horrek konfiantza galtzea eragin zidan»

Jokin, zuretzat txapelketa zailak izan dira azken biak.

J.A: Lehen lesioa bi txapelketen artean izan nuen, bat bukatu eta bestearen hasieran ezin izan nuen egon eta gero ia berriz ere  jokatzen hasi nintzenean Bilboko partida batean oso zorte txarra izan nuen, barruraino sartu zitzaidan pilota, zain bat lehertu eta kosta egin zitzaidan gero errekuperatzea. Aurtengo txapelketak ez dira errazak izaten ari baina, hor nago bukaerara arte eta aurrekoa txapelarekin amaitu nuen eta honetan aukerak ditugu eta topera borrokatuko dugu.

Ematen du kudeatzen ikasi duzula eta unerik erabakigarrienetara puntuan heltzen zarela.

J.A: Kudeatu baino gehiago, momentu horietan ezin baduzu jokatu, ezin duzu jokatu. Ez zaio buruari buelta askorik eman behar. Frontoira joandakoan pilotari eman ezin nionez, prestatzailearekin hitz egin eta hiru aste horietan fuerte entrenatzen aritu nintzen, normalean baino fuerteago, eta saiatu momentuari momentukoarekin aurre egiten. Zortea izan dut, baita ere, Julenek txapelketa oso-oso ona egin duela; eta Julenez gainera, Javi sartu zen, hura ere orain arteko bere unerik onenean zela.

Erabakiak hartzea ez da zaila izan, beraz.

J.A: Hasieran kanpoan nintzenean eta punturik lortu ezinda aritu zirenean, hor bai, kanpoan egotea luzeagoa egin zitzaidan. Irten nahi duzu, baina pixka bat hasi eta ez nintzen gai. Gogoan dut Bartzelonara ere duda dezenterekin joan nintzela, baina, Bartzelonan galdu arren, Julenentzat ere partida hura uste dut garrantzitsua izan zela, ze aurreko partidak erraz galdu eta hemen 21 tanto eginda geratu ginen; sentsazioak ez ziren txarrak izan, eta biak gogotsu ginen buelta emateko. Bigarren aldian errazagoa izan zen kanpoan egotea, ondo zeudela ikusten nuelako eta puntuak irabazten ari zirelako.

Duela urte batzuetako Jokinek gehiago arriskatuko zukeen?

J.A: Agian bai, baina egoten asmatu nuen ze irten ezkero agian gerorako batere mesederik ez dizu egiten. Behin lau eta erdikoa amaituta, esan nizuen banekiela geratu behar nuela, Juleni ere esan nion garbi ahalik eta azkarren itzuliko nintzela, baina ondo itzuli nahi nuen eta niretzat alde batetik sorbaldakoa ahaztea ederra izan da eta orain berriz entrenatu-jokatu-entrenatu dinamika horretan egonda, berriz ere pilotari sentitu naiz eta gustura.

Ondo ezagutzen duzue elkar, erabakiak elkarrekin hartzen zenituzten?

J.A: Ez zen izan hobetzen ari naizela edo min pixka bat nuela, izaten zen pixka bat pilotan hasi eta mina hasi. Eta berak bazekien nik esaten banion ez nengoela jokatzeko zerbaitegatik zela eta bukaeran eskuarekin berdin, ez nengoen jokatzeko.

Laugarren txapelketa elkarrekin. Zertan aldatu da Jokin?

J.M: Aldatu ez dakit. Beti izan dugu kimika ona, oso erlazio ona dugu, asko hitz egiten dugu ea nola gauden bata eta bestea, partidan ere beti batak bestea animatzen dugu, saiatu bestea lasai egon dadila. Egia da jokatzen oso kimika ona dugula, baina kanpoan ere bai, eta hori nabaritzen da. Beti hitz egiten dugu, bestea nola dagoen arduratzen gara, eta hori, nik uste, oso garrantzitsua da.

Eta alderantziz? Julen ere, isil-isilik, bere bidea egiten ari da.

J.A: Nik nabaritzen diot bere buruarekin askoz konfiantza handiagoa duela. Iruditzen zait hori emaitzek ematen dizutela, esperientziak ere bai, gazteak garen arren, urteak daramatzagu hemen. Berak ere izan ditu txapelketa oso onak, beste batzuk nahi baino okerragoak, eta denetatik ikasi egiten duzu. Gogoratzen naiz berekin jokatzen hasi nintzenean, 21 urte nituen eta berak 20, baino bere lehen txapelketa zen lehen mailan eta ikusten nuen beldur edo urduritasun gehiagorekin. Orain askoz osoago ikusten dut. Javirekin jokatu duenean ere, ikusi zaio; Javi oso ondo egon da, baina berarengan konfiantza handia zuela-eta Julenek gidatzen zuen bikotea.

Lehen bi txapelketetan finalerdietara sartu ginen, baina kalera joan ginen. Eta gogoratzen dut orduan nola esan genion elkarri egunen batean txapeldunak izango ginela. Lortu genuen eta aurten ere hasieratik hartu dugu txapelketa sekulako ilusioarekin. Nik pena ere banuen iaz finaletik kanpoan geratzeagatik, ondo egonda; heldu nahi nuen finalera, eta uste dut iaz Julenek ere ez zuela txapelketa erraza bizi eta biok geneukala gogo handia jokatzeko.

Altuna: «Duen nagusitasuna handia, eta azken urteetan handiagoa. Heldutasun batera heldu denean gorabehera askoz gutxiago izan ditu, oso erregular. Ematen dionaz gain ez du ezer oparitzen, eta hori barrutik nabaritu egiten da»

Zabaletaren aurka jokatzeak zenbateraino baldintzatzen du partida?

J.A: Duen nagusitasuna handia, eta azken urteetan handiagoa. Iruditzen zait bera ere heldutasun batera heldu denean gorabehera askoz gutxiago izan dituela, oso erregular. Ematen dionaz aparte, ez du ezer oparitzen, eta hori barrutik jokatzerakoan nabaritu egiten da, ze urte dezente dira bere aurka jokatzen, eta lehengo bere ezaugarriak eta oraingoak pixka bat aldatu egin dira. Orain, nik uste, pilotari osoa da. Noski dela zaila bere aurka jokatzea, baina esatea daukagu Julenek Binakako txapelketan behin baino gehiagotan irabazi diola, eta neronek ere bai. Bera ere guri  gailendu zaigu, normala den bezala. Finala oso zail ikusten dugu, baina irabazteko gai gara.

J.M: Esango nuke askoz ere konpletoagoa dela orain, erregularragoa. Lehen ere kolpe ikaragarria zuen, baina esango nuke partida batzuetan pilota gehiago huts egiten zituela, eta orain askoz gutxiago oparitzen du. Ikusi da partida klabeetan ikaragarri jokatu duela. Ez da urduri jartzen... Lehen ezkerra oso ona zeukan, baina esango nuke orain gehiago ematen diola. Asko kentzen du hor atzetik; zuk askotan aurretik eman, berak hamarretik erantzun eta berriz ere zazpian jartzen du. Oso zaila da hari min egitea. Partida zaila daukagu baina, Jokinek esan bezala, gauzak ondo eginez gero, aukerak ditugu eta konfiantzarekin gaude.

Zuretzat, Julen, berezia izango da, auzo herrikoa da, derbi bat izango da.

J.M: Bai, lehen finala da bere aurka jokatzen dudana. Hemengo jende guztia ikustera joango da eta orduan giro berezia  egongo da, ziur. Jende asko egongo da animatzen, eta gogotsu nago bere aurka jokatzeko. Badakit nola dagoen eta badakit hor atzean egotea tokatuko zaidala.

Normalean ez dago pike askorik. Gainera, ez dugu aukerarik izan finalean bata bestearen aurka aritzeko. Bion kuadrilletan lagunak gara eta ez da pikerik izan. Nolanahi dela, aurten desberdina izango da. Hemendik autobusak jarriko dituzte joateko, eta uste dut nahastuta ere joango direla. Giro ona izango da.

Martija: «Ez dugu aukerarik izan finalean bata bestearen aurka aritzeko. Bion kuadrilletan, gainera, lagunak gara eta ez da pikerik izan, baina aurten desberdina izango da»

Txapelketan zehar esan izan da gauzak orekatzen ari ote diren. Baina Aspeko bi bikote zarete finalean, eta txapela berriz Eibarrera. Aldatzen du horrek final bat?

J.A: Iruditzen zait aldatzen duela entrenamenduetan, Jokinekin –Etxanizekin– gaudenean, bere papera aldatu egiten da. Ez dakit traba handi bat den harentzat, baina niri gehiago gustatzen zait berarekin egotea Baikokoen aurka denean. Kontu praktikoez aritzen gara. Zuk ere zure ikuspuntua ematen diozu... Azken finean, orain ezin dizu lagundu gauza taktikoetan. Posturetan-eta, beti bezala, laguntzen dizu, baina orain neutral egon beharra dauka. Ziur nago berak biek irabaztea nahi lukeela. Baina bikoteetako bat irtengo da txapeldun. Harentzat ziur ez dela erraza, baina pozik ere egongo da, bi bikoteak Aspekoak izateagatik.

Eta bai, orekaz  hitz egin denean, nire ustez hitz egin behar da behin emaitzak ikusita. Bestalde, gertatu da Erikek eta Mariezkurrenak hainbeste partida irabazi dituztela, bikote hain indartsua izan dela, ematen baitzuen gauzak orekatuago zeudela.

Beraientzat, nik uste, garrantzitsua izan da azkenera arte bi bikote izatea. Faboritoak ziren Erik eta Mariezkurrena. Iruditzen zait horrekin pena izango dutela, baina haientzat ere positiboa izango da, nik uste, Iñaki eta Anderrek egin duten txapelketa.

Zu poztu zara Iñakirengatik.

J.A: Noski. Nik galdu banu finalerdia, min handia izango genuen, pena handia. Baina Iñaki iritsiz gero, nik poz handia hartuko nukeen, asko merezi duelako. Lan asko egiten ari da, txapelketa  latza egin du eta uste dut erakutsi duela ze mailatako pilotaria den. Ni eta jende gehiago ere, espero dut, pozik gaudela Iñaki berriz maila horretan ikusteaz.

Pilotazale asko ere poztu dira Iñakirengatik.

J.A: Bai, aparte jende asko joaten da pilotalekura bera ikustera. Kantxa barruan gaudenok nabaritzen dugu, aurrelariek eta baita atzelariek, aurkari deserosoa dela beti. Ikusi da berak jokatutako partidetara zenbat jende joan den, batez ere Tolosan. Jende aldetik badauka erraztasuna, bera oso irekia da.

Inoiz baino pilotazale gehiago egon da pilotalekuetan, zer pasa da aurten jendearekin?

J.A: Gu ere harrituta geratu gara, pasada bat izan da Binakakoa. Guk, urteak daramatzagunak, ez  dugu gogoratzen Binakakoa hainbeste jenderekin, astebururo betekadak egon dira. Lehen Iruñean igual normala zen, baina guri tokatu zaigu Eibarrera joan eta 400 lagun egotea, eta aurten betekada latzak. Bilbon ere larunbat asko izan dira 980 edo 1000 pertsonakoak. Ez dakigu arrazoia baina pilotarentzat behintzat ona da oso.

Bilbon jokatu beharrean Nafarroan jokatzea berezia da?

J.M: Joateko eta etortzeko askoz gertuago, baina gainera azken biak Bilbon jokatu nituen eta gogoekin nago Nafarroan jokatzeko. Askorik jokatu ez dugun pilotaleku bat da baina aurten etnrenatzeko aukera dago, frontoi ona da, jokatu dudanetan gustura jokatu dut, frontoi azkarra da. Ikusteko, nik uste, politagoa dela, Bilbon baino gertuago dago jendea, ikusteko egokia da eta ikusiko ze giro dagoen.

J.A: Nik ere goga daukat, nahi nuke Iruñean jokatu eta irabazi final hau, ze aurreko zazpi txapelak Bilbon irabazi ditut eta gogoa badaukat. Azken partidetan binaka jokatu dudanetan ondo sentitu naiz, baina gutxi ibili gara. Garrantzi gehiago ematen diot nola gauden, frontoiari baino. Frontoia ona da eta ez dago aitzakiarik, gu ondo gaude eta ea puntu-puntuan heltzen garen.