NAIZ

Euskaltel-Euskadik Esloveniako Tourra eta Belgikako hiru klasika lehiatuko ditu aste honetan

Taldea bi multzotan banatuko da eta guztira 14 txirrindulari izango ditu lehian. Esloveniako Tourra asteazkenetik igandera bitartean lehiatuko da eta Belgikako hiru klasikak larunbatetik astelehenera bitartean izango dira.

Iker Mintegi, aurtengo lasterketa batean.
Iker Mintegi, aurtengo lasterketa batean. (SPRINT CYCLING | EUSKALTEL EUSKADI)

Txirrindunlaritzak ez du etenik. Giroa igandean bertan amaitu zen, baina beste lasterketa batzuk han eta hemen lehiatzen ari dira. Hala, Euskaltel-Euskadi taldeak Esloveniako Tourra eta Belgikako hiru klasika jokatuko ditu aste honetan bertan. Taldea bi multzotan banatuko da eta guztira 14 txirrindulari izango ditu lehian, prentsa ohar bidez astelehen honetan jakinarazi duenez.

Hain zuzen, Jon Agirre, Marton Dina, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Jordi Lopez, Iker Mintegi eta Danny van der Tuuk dira Esloveniako Tourrari ekingo dioten zazpi txirrindulariak, Ruben Perez kirol zuzendaritzapean. Lasterketa honek bost etapa izango ditu lehian asteazkenetik igandera bitartean, ekainaren 4tik 8ra.

Taldeak adierazi duenez, Agirre, Dina, Juaristi eta Mintegi sailkapen nagusia lehiatzen saiatuko dira; Jordi Lopez, berriz, etapa garaipenen bila arituko da, orain dela gutxi Beiras Sari Nagusian saio bat irabazi ondoren; Isasak eta Van der Tuukek taldekideak babestuko dituzte eta ihesaldietan euren aukera bilatuko dute.

Bestalde, Jon Aberasturi, Iker Bonillo, Xabier Berasategi, Gotzon Martin, Paul Hennequin, Andoni Lopez de Abetxuko eta Louis Sutton taldekideek hiru klasikori ekingo diote Belgikan Pablo Urtasunen zuzendaritzapean: Heistse Pijl (ekainak 7), Brussels Classic (ekainak 8) eta Antwerp Port Epic (ekainak 9). Helburua da garaipena lehiatuko den tropelean egotea, batez ere aurreneko bi probetan.