Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxea
‘Esnatu ala hil’ liburuaren egileak

«Euskarak aurrera egingo badu 1960koaren antzeko beste olatu bat sortu beharko dugu»

Euskalgintzan adostasunez baieztatzen da aurrera edo atzera egiteko puntuan gaudela. Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen ‘Esnatu ala hil’ liburuak euskararen egoera irudikatu eta ideia gako batzuk desmuntatzen ditu. Adibidez, ezagutzan gero eta hobeki gaudela eta erabilera dela arazoa.

Garikoitz Goikoetxea, Iñaki Iurrebasorekin batera ‘Esnatu ala hil’ idatzi duen ikerlaria.
Garikoitz Goikoetxea, Iñaki Iurrebasorekin batera ‘Esnatu ala hil’ idatzi duen ikerlaria. (Jon URBE | FOKU)

‘Esnatu ala hil’. Izenburua bera alarma dei bat da. Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak Elkarrekin argitaratu duten liburuaren asmoa ikuspegi berri bat eskaintzea, jendea esnatzea eta kontzientzia hartzea da. Lanaren oinarrian Iurrebasoren doktore tesia dago. Horren gainean bi ariketa egin dituzte. Alde batetik, 2016ko datuak 2021era ekarri dituzte. Bertzetik, edozein euskaltzalek erraz ulertzeko moduko liburu bat izan zedin ahalegindu dira. Beraz, ez da datuen bilduma bat, interpretazioa eta proposamenak egiten dituzte.

Euskara «minorizazio gorrian» dagoela ohartarazten duzue behin eta berriz.

Iñaki Iurrebaso: Minorizazio gorriarena funtsezko ideia da. Batzuetan badirudi ahaztu egin dugula, baina minorizazio gorrian ginen 1960an, duela 20 urte, eta gaur ere bai. Adierazle nagusien balio guztiak oso-oso maila ahulean daude. Hori da gure errealitatearen funtsezko ezaugarri bat. Ahaleginik egin ezean, minorizazio gorri horretan egoteak berez dakar galtzeko joera. Ahalegin horretan ari gara euskaldunok eta horretan aritu gara azken 60 urteetan.

Maiz goraipatzen duzue 1960an hasi zen iraultza ere.

I. I: Izugarria izan zelako, Estaturik eduki gabe, euskararen aldeko batere indar publikorik gabe, herri ekimen hutsez indarrean jarri zen dinamika oso indartsu bat euskararen alde, jende pila baten konpromisoarekin. Egoera orain oso ezberdina da. Baina guretzat erronka da halako beste olatu batera jo behar dugula.

Garai hartako abiapuntua orain baino okerragoa izan zitekeen, eta hala ere lortu zuten.

Garikoitz Goikoetxea: Frankismo amaierako urteetan zeuden. Gaur egun egitura batzuk sortuak ditugu, euskarak bide bat egin du batez ere arlo formalean. Administrazioan, hezkuntzan zer esanik ez. Hortik ekarpen ikaragarria etorri da: garai hartan ez zegoen milaka eta milaka etxetan sartu da euskara. Euskarak aurrera egin du modu nabarmenean arlo askotan.

Baina, bestalde, garai hartan jarri ziren espektatiba batzuk ez ditugu bete. Testuinguru soziala, politikoa, ekonomikoa eta globalizatua asko aldatu da, eta olatu berri horrek beste osagai batzuk izan behar ditu derrigor. Baditugu abantaila batzuk orduko egoerarekin konparatuta, baina desabantaila batzuk ere baditugu. Azken 50 bat urteetan olatu hark ekarritakotik egin du euskarak aurrera neurri handi batean, baina orain nabaritzen da olatu horren eragina gero eta txikiagoa dela. Itsas bazterrean gaudenean eta olatu indartsu bat etortzen denean urak aurrera egiten du, baina iristen da momentu bat non olatu horren indarra gutxiago sumatzen den eta atzetik beste olatu bat ez badator ura pixkanaka atzerantz hasten da hondartzan.

 

Iñaki Iurrebaso (eskuinetik hasita bigarrena), UEMAko kideekin, Siadecoren 2036ko proiekzioa aurkezten. (Jon URBE/FOKU)

 

Gaitasuna indargunea zela uste genuen, baina ahulgune nagusia da izatez.

G. G: Urte hauetan ikerketak egitean ezagutzari begiratu izan diogu. Hor hiru tipologia klasiko erabili izan ditugu: euskaraz hitz egiteko gai diren hiztunak, euskara ulertzen dutenak, eta euskara ulertu ere egiten ez dutenak. Ezagutza eta gaitasuna bereizten hasi beharko genuke, ze gaitasunean alderdi gehiago sartzen dira. Bizi garen testuinguruan, non badugun gutxiagotasun egoeran dagoen hizkuntza bat eta hizkuntza menperatzaile bat, uste dugu ezinbestean erreparatu behar zaiola bi hizkuntza horietan daukagun gaitasunari. Gero eta gehiago hitz egin behar dugu gaitasun erlatiboari buruz.

Badakigu azken hamarkada hauetan egin dugun bidearen ondorioz euskaldunen zaku hori gero eta pluralagoa dela gaitasunaren ikuspegitik. Alegia, euskaldunaren gaur egungo irudia ez da euskaraz oso erraz moldatzen den eta egunero euskaraz bizi den euskaldunarena, profil hori ez da handitu azken hamarkadetan; hortxe dago. Euskal elebidunak begiratzen baditugu, euskaraz erosoen hitz egiten duten hiztunak %8 inguruan dabiltza. Zer ari dira igotzen? Beste profil bateko euskaldunak, euskaraz erdaraz bezain eroso egiten dutenak eta batez ere erdaraz erosoago moldatzen direnak.

«Euskal elebidunak begiratzen baditugu, euskaraz erosoen hitz egiten duten hiztunak %8 inguruan dabiltza. Zer ari dira igotzen? Beste profil bateko euskaldunak»

 

Euskaldunen kopurua handitzen ari da, eta txalotzekoa da, jende askoren lana dago horren oinarrian, baina euskaldun multzo horren barruan azpimultzo guztiak ez dira berdin handitzen ari, eta hori oso inportantea da gero ez badugu ondorio okerretara iritsi nahi. Zein da ondorio oker hori? Gero eta euskaldun gehiago daukagu versus euskararen erabilera ez da handitzen ari. Formulazio horren abiapuntuan dago hutsune handia.

Tipularen irudia erabiltzen duzue euskaldunen komunitatea nolakoa den azaltzeko.

G. G: Gaitasunarekin gertatu zaigu lurraldearekin edo arnasguneekin gertatu zaiguna. Nukleo hori emantzat hartu dugu, hor dago, eta akaso ez diogu behar adinako arretarik eman. Asko hitz egiten da euskarara gerturatu diren herritarrez, eta bigarren edo hirugarren kapa horietan egon daitezkeen hiztunez. Liburuan ere askotan jaso dugu txalotzekoa eta ezinbestekoa dela herritar horiek egin duten ekarpena. Baina horrek ez gintuzke eraman beharko muinaz ahaztera, ze muin hori ezinbestekoa du euskarak aurrera egingo badu.

Tipularen irudi hori erabili dugu konparatzeko euskararen tipula hori nolakoa den gaitasunaren ikuspegitik eta frantsesaren edo gaztelaniaren tipula nolakoa den. Gaztelaniak eta frantsesak tipularen multzorik handiena muinekoa daukate. Alegia, elebakar asko dituzte edo hizkuntza hori erosoena duten milioika hiztun dituzte. Euskararen kasuan ez da bakarrik gutxiagotasuna daukagula kopurutan, baizik eta muina dela bereziki txikia, eta uste dut hori badela oso kontuan hartu beharko genukeen aldagai bat.

Horrek isla dauka erabileran, gaitasuna eta erabilera bi aldeetara lotzen direlako.

G. G: Hori da. Ezin dugu pentsatu euskaldun guztiek egokiera bera daukatenik euskaraz egiteko. Etxean euskara jaso duen eta oso inguru euskaldunean bizi den euskaldunaren profila ezin dugu alderatu eskolan bigarren hizkuntza gisa euskara jaso duen, euskara erabiltzeko aukera mugatua duen eta, beraz, gaitasun mugatua duen euskaldunarekin. Ia miraria litzateke biek antzeko erabilera izatea.

 

«Jende asko dago ahaleginarekin bizi dena. Adibidez, erdaraz errazago egin arren, seme-alabak euskaraz hazten ditu. Hizkuntza gutxitu batentzat osagai hori edukitzea funtsezkoa da aurrera egiteko, eta ez da hain arrunta»

 

Euskaldunok aunitz egiten dugu euskaraz dugun gaitasunerako.

I. I: Bai. Erabilera bi alderdik baldintzatzen dute oso modu zuzenean. Bat da erabiltzeko aukera duzun ala ez. Adibidez, bikotean bizi bazara eta zure bikotekideak ez badaki euskaraz, berarekin ezingo duzu euskaraz egin. Halako egoeretan askotan egoten dira euskaldunak. Bestetik, erraztasuna hartu behar da kontuan. Komunikatzen garenean helburu batzuk bete nahi ditugu: argudio bat borobildu, grazia egin, seduzitu... edozer. Hori egiteko bi tresna baditugu eta batean trebeagoak baldin bagara ez da arraroa horretara jotzea. Baina erdaraz errazago egiten duten euskaldunek euskara asko egiten dute. Errealitate oso positiboa da hori eta berezi egiten gaitu. Jende asko dago ahaleginarekin bizi dena. Adibidez, erdaraz errazago egin arren, seme-alabak euskaraz hazten ditu. Edo kalean harreman batzuk behintzat euskaraz ditu. Izugarrizko altxorra da hori.

G. G: Askotan esaten dugu: ‘Horrek umeekin euskaraz egiten du eta bikotekidearekin erdaraz’. Nahiko genuke harekin ere euskaraz egin dezan, baina uste dugu baloratu behar dela hiztun horrek umeekin edo dena delako testuinguruan euskaraz egiteko egiten duen ahalegin hori ere, erraztasunak edo bere gaitasun erlatiboak ez lukeelako euskarara eramango.

Liburuan askotan aipatu dugun irudia da Gotzon Garatek erabiltzen zuena: eskuinez erosoago jotzen duen pilotariak eskuinez joko du pilota ahal duen guztietan. Eta ezkerra erabiliko du horretarako beharra daukanean edo hobeto datorkionean. Hori da euskaldunei gertatzen zaiena, eta batzuek, nahiz eta beharrik ez izan ezkerrarekin pilotari jotzeko, hautu hori egiten dute.

Umeei euskaraz egitearena barneratua dago euskaldunon artean.

I. I: Bai, eta sekulakoa da. Hizkuntza gutxitu batentzat osagai hori edukitzea funtsezkoa da aurrera egiteko, eta ez da hain arrunta. Garabidekoek kontatzen dute hizkuntza gutxituetako hizkuntzen aldeko militanteek ere etxean hizkuntza menperatzailea transmititzen dutela. Guretzat hori pentsaezina da.

G. G: Etorkizunari begira ere orube inportante bat jartzen digu. Demagun alderantziz egingo bagenu, zaharrekin euskaraz eta umeekin erdaraz, zer testuingurutan jarriko gintuzkeen horrek aipatzen ari garen jauzi edo olatuari begira.

Bost euskaldunetatik bi, egunero gaztelania edo frantsesa baino euskara gehiago eginez, euskara gaitasuna fintzen ari dira. Gainerakoak, ordea, erdara gehiago erabiliz, euskara gaitasuna kamusten.

G. G: Askotan esaten dugu euskara jakin egin behar dela erabiltzeko. Aldi berean, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto jakiten da. Ez ikaste prozesuan dagoen hiztunak bakarrik, baizik eta edozein hiztunek. Zer gertatzen da, esate baterako, euskara heldutan ikasi duten baina oso testuinguru euskaldunetan txertatzen diren hiztunekin? Haien gaitasuna hobetzen joaten da. Kontrara, zer gertatzen da etxean euskara jaso arren testuinguru erdaldunago batean murgiltzen denarekin? Gaitasuna galtzen joaten da.

 

«Gehiago gertatzen da etxean euskara jaso duten euskaldunak erdalduntzea jatorriz erdaldunak direnak euskalduntzea baino. Hori lotuta dago minorizazio gorriarekin. Botere egiturek ere hori indartzen dute»

 

Euskararekiko atxikimendua handia da, baina ahultze-sintoma batzuk ere ageri dira.

I. I: Gaitasuna-erabilera-atxikimendua ardatzen artean indargunea atxikimendua da. Hor badago barne indar bat euskararen aldekoa. Baina badira ahultze-sintomak. Segur aski joera ideologiko zabalen eskutik: nazio kontzientziaren ahultzea, Estatuko markoetan gero eta gehiago kokatzea... Oso kezkagarria da. Gure minorizazio gorri honetan, zenbat jendek du interes praktikoa euskaraz egiteko, ideologiak, sentimenduak eta pentsaerak alde batera utzita? Euskaraz errazago egiten duen %8 horrek soilik. Alde subjektiboa indartsu eduki ezean, ezingo dugu aurrera egin.

G. G: Erabilera erosoa eta erabilera deserosoa daude. Gaur egun euskarak badu deseroso zaion erabilera handi bat. Egin ditugun kalkuluen arabera, euskararen erabilerak %1aren eta %20aren artean egon beharko luke. Nabarmena da %20tik askoz gertuago gaudela %1etik baino. Hor ikusten da nabarmen atxikimendua. Ez bakarrik euskaraz erosoago aritzen den %8 horrena, badago euskaraz egiteko hautua egiten duten beste profil bateko hiztunen presentzia hori ere, pilotari eskuinak izan eta ezkerrez jotzeko hautua egiten dutenena. Horren oinarrian hautu bat dago. Hautu hori ahultzen baldin bada, nabarmena da horien erabilera diluituz joango dela, ez daukatelako behar objektiborik.

Hizkuntza-bilakaera negatiboa den arren, irabazien eta galeren arteko aldea txikitzen ari da.

I. I: Bai. Gure lanaren beste ekarpen bat da, gai hau landu izan den moduan esaten zelako irabaziak handiagoak zirela. Guk argi ikusi dugu gehiago gertatzen dela etxean euskara jaso duten euskaldunak erdalduntzea jatorriz erdaldunak direnak euskalduntzea baino. Hori lotuta dago minorizazio gorriarekin. Erdararekiko esposizio horrek erdara ikastera eta erabiltzera eramaten du jendea eta zailagoa da euskarara hurbiltzea. Hori gutxi balitz, botere egiturek ere hori indartzen dute. Derrigorrezko hizkuntza erdara izatea eta euskara hautazkoa ez da garrantzia gabekoa. Horrek ondorioak ditu. Gizalegekoena hizkuntza txikia babestea litzateke. Hemen, ordea, hizkuntza handiari ematen zaizkio abantailak. Hori horrela izanda ere, erdalduntze hori lehen baino ahulagoa da orain. Horrek zerikusia du hezkuntzan eta beste arlo askotan egin den ahalegin handiarekin.

«Gehiago gertatzen da etxean euskara jaso duten euskaldunak erdalduntzea jatorriz erdaldunak direnak euskalduntzea baino»

 

Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten ditu euskaldunak.

G. G: Herritar gehienak bizi diren testuinguruan euskarak oso toki murritza du. Euskal Herrian %15etik beherako erabileran bagabiltza kalean, horrek esan nahi du herritar asko, gero eta gehiago, erdara nagusi den testuinguruetan bizi direla. Horrek berak, eta botere egiturek, ikus-entzunezkoek eta pantailek duten eragin gero eta handiagoak, ekartzen du euskaldunak erdalduntzea, erdararen sarbide hori hiztun guztiek sumatzen dutelako.

I. I: Bada datu bat oso deigarria egin zitzaidana: etxean euskara jaso zutenen artean %53k jada ez dute euskaraz errazago egiten. Erdaraz egiten dute erosoago, edo bietan berdin. Erdara lehen hizkuntza izan eta gaur egun erdaraz hobeto egiten ez dutenak, ordea, %2 dira. Izugarrizko higadura da hori euskararentzat eta garrantzitsua da neurriak hartzea kontrapisua jartzeko. Kasu askotan, erdalduntze goiztiarra gertatzen da. Hau da, haurrak etxean euskaraz hazi ditugu, gero eskolara eramaten ditugu, eta ohartu orduko, urte gutxitan, beren euskara nagusitasuna galtzen dute. Testuinguru erdaldunagoetan lehenago gertatuko da prozesu hori. Izugarrizko galera da hizkuntzarentzat: ez du laguntzen euskara hizkuntza nagusi eta natural izango duen komunitate bat sendotzen.

 

«Badago barne indar bat euskararen aldekoa. Baina badira ahultze sintomak. Zenbat jendek du interes praktikoa euskaraz egiteko? Euskaraz errazago egiten duen %8 horrek baino ez» 

 

 

Sokatira bat bezala irudikatzen duzue. Alde batean etxea eta eskola euskalduntzearen alde; bestean, komunitate hurbila eta hedabide eta kultur kontsumoak erdalduntzearen alde. Saldoa positiboa da euskararentzat.

G. G: Belaunaldi berrietan helduagoetan ez daukan presentzia dauka euskarak, gaitasunaren, ezagutzaren eta erabileraren ikuspegitik. Horri balioa eman behar zaio. Irabazi bat badago. Badago familian edo eskolan inbertitzen dugunaren adinako irabazirik? Ez. Inbertsio hori mugatu egiten dutelako kalean euskarak duen presentzia sozialak, pantailen eta hedabideen munduak eta euskarak daukan posizioak.

Inoiz baino biztanle gehiago gara Euskal Herrian: 3,2 milioitik gora. Gero eta gehiago bizi gara hiriguneetan. Jaiotzak behera doaz, heriotzak gora, eta kanpotik etortzen direnak gehiago dira doazenak baino.

G. G: Askotan demografiari buruz hitz egiterakoan migrazioetan zentratzen gara eta ez diegu horrenbeste erreparatzen jaiotza eta heriotzei. Jaiotza tasa gutxitzeak badauka eragin bat euskararen indarberritze prozesuan. Gure indarberritze prozesuaren oinarri belaunaldi berriak izan baldin badira eta belaunaldi berriak gero eta meharragoak baldin badira kopurutan, horrek freno bat ekartzen digu. Beste aldean, heriotza kopurua areagotzen ari da azken urteetan eta horrek hazkunde erlatibo bat ekar dezake belaunaldi zaharrenak direlako euskararen presentzia apalena dutenak.

Migrazio mugimenduei dagokienez, asko hitz egiten dugu kanpo migrazioaren eraginaz, eta nabarmena da. Aurreikuspenek diote, gainera, hurrengo urteetan areagotu egingo dela. Baina kontuan hartu behar dira beste bi joera ere. Alde batetik, emigrazioa. Honi buruz gutxi hitz egiten da. Emigrazioak eragina izan zuen orain hamarkada batzuk, atzerrira joandako milaka eta milaka euskal hiztun galdu zituelako Euskal Herriak. Gaur egun, askotan esaten da ekonomiaren ikuspuntutik talentuari eutsi egin behar zaiola. Euskararen ikuspegi bat ere badu horrek. Gure gazte belaunaldi euskaldun prestatu horiek Euskal Herritik joateak badauka euskararen indarberritzean eragina.

«Emigrazioaren eragina ere kontuan hartu behar da: gure gazte belaunaldi prestatu horiek Euskal Herritik joateak badauka euskararen indarberritzean eragina»

 

Barne migrazioari ere erreparatu behar zaio. Arnasguneetan gertatu diren aldaketen oinarrian neurri handian barne migrazioak daude. Aldi berean, pentsa daiteke inguru euskaldunetatik inguru erdaldunagoetara egindako mugimenduek badaukatela eragin bat euskararen biziberritzean. Bilakaera demografiko hori bere osotasunean aztertu behar da.

Hori esanda, egia da, eta 2036rako proiekzioek ere hala erakusten dute, kanpo migrazioaren eragina nabarmena izango dela eta horrek berak ekarriko dizkigula eta jada ekarri dizkigula ondorioak. Ipar Euskal Herrian, adibidez, euskaldunen kopurua ez da jaitsi, baina biztanleriaren igoera esanguratsuak ekartzen du euskaldunen ehunekoa ezin areagotzea. Gai hori kudeatu egin behar da. Behar objektiboak aipatu ditu Iñakik. Migratzaileekin ez da ezer berririk gertatzen. Zer behar objektibo daukate euskara ikasteko? Beharrak sortu behar dira eta, bestetik, hautuetan eta jarreretan eragin behar da.

Euskalduntze-prozesua, lurralde aldetik, arnasgunetze prozesua izango da ala ez da izango, baieztatzen duzue.

I. I: Oro har, Euskal Herrian korrontea erdararen aldekoa da. Salbuespena arnasguneak dira. Horietan, euskalduntzea eta belaunaldi berriei hizkuntza pasatzea erraza da sistema horretarako dagoelako prestatuta. Euskarak alde dituen joko zelaiak dira. Hortaz, lehentasuna du euskaraz ditugun gune horiei eusteak eta ahal bada handitzen joateak. Ez dirudi oso egingarria euskara nagusi den eremuak galdu eta gero denak batera askoz ere maila apalagotik euskara indartzen joateak. Askoz ere egingarriagoa dirudi ditugun gune trinko horiei eusteak eta inguruko gune batzuk poliki-poliki arnasgune bihurtzen joateak.

«Oro har, Euskal Herrian korrontea erdararen aldekoa da. Salbuespena arnasguneak dira»

 

G. G: Eremu euskaldunenetan biztanleriaren zati txiki bat bizi da, baina gune horietan ekoizten da egunero erabiltzen den euskararen ia erdia. Alde kuantitatibotik ere oso-oso serio hartu beharrekoa da arnasguneetan gertatzen ari zaigun atzerakada hori. Horrekin ez dugu esan nahi arnasguneetan bizi direnak direnik euskararen salbatzaile edo heroi. Zergatik egiten dute euskara gehien? Horretarako egokiera haiek daukatelako. Ekosistema bat daukate euskaraz egitera bultzatzen dituena, hautu kontziente batetik harago.

Etorkizunari begira, galera-fase bat ikusten da. Baina ez du zertan gertatu hizkuntza politika egokiak eta hiztunen aktibazioa martxan jartzen badira.

G. G: Gure planteamendua ez da hil-kanpaiak jotzea, baizik eta kanpaiak jotzea jendea esna dadin. Errealitatearen aurrean begiak ireki behar ditugu, ondo interpretatu behar dugu, eta aurrera begirako neurriak hartu behar ditugu. Jauziaz gero eta gehiago hitz egiten da. Badago adostasun bat iritsi garela momentu klabe batera. Diagnostikoaren ikuspuntutik ere badago adostasun bat. Horrek hurrengo pauso bat eskatzen du: hori baldin bada errealitatea, norabide horretan baldin bagoaz, benetan hel diezaiogun honi egoerak eskatzen duen neurrian.