CONTENU SPONSORISÉ

Produktu tradizionalak erosteko eta animaliak ikusteko aukera izango da Santa Lutzi azokan

Haragitarako zaldi-aziendaren erakusketa izango da aurtengo Santa Lutzi azokaren berrikuntzetako bat. Ganaduari eragiten dion dermatosi gaixotasuna dela eta, arriskuan egon da azoka, baina azkenean posible izango da ospatzea. Guztira, 224 postuk elikagai eta artisau produktuak salduko dituzte.

Aurten ere zaldiak izango dira Urretxu-Zumarragako Santa Lutzi azokan.
Aurten ere zaldiak izango dira Urretxu-Zumarragako Santa Lutzi azokan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Urretxu eta Zumarragak Santa Lutzi azoka ospatuko dute larunbat honetan, abenduak 13. Zumarragan «zaldiak izango dira protagonistak» eta pottoka arrazako zaldi-aziendaren, Euskal Herriko mendiko zaldiaren eta haragitarako zaldi-aziendaren lehiaketa egongo da.

Aurten, berrikuntza gisa, epaimahaiaren eta publikoaren aurrean erakutsiko da, esparru baten barruan, haragitarako zaldi-azienda. Gainera, Gipuzkoako Mendi behor elkarteak (GIMEBEL) moxal pintxoak eskainiko ditu euro batean.

Fruta, barazki eta errege-sagar lehiaketa «egun honetako beste erakargarri bat» izango da. Horiez gain, nekazaritza eta abeltzaintzako makinak ere jarriko dira azokan ikusgai.

Era berean, artisauak beren produktuak egiten ikusi ahal izango dira, hala nola saskigintza, zeramika, forjaketa eta larrua. Horrez gain, jateko produktuen merkatua (tartak, goxuak, eztia, odolkia, etab.) eta talo-postuak ere izango dira, guztira 224 postu.

Santa Lutzi azokaren baitan ere egingo da eskualdeko ezti lehiaketa, Gipuzkoako ezti ekoizleen elkartearekin elkarlanean. Kalea girotzen, 19:00etatik aurrera, erromeria izango da Urretxu-Zumarragako Areizaga Kalebarren plazan.

Eguna amaitzeko rantxerak izango dira Oilarbeltzak taldearen eskutik.

Ardo Azoka

Gainera, Ardo Azokaren 32. edizioari hasiera emango diote ostiral honetan eta, arratsaldeko zazpietan, Arabako Errioxako urteko ardoaren dastaketa izango da, Manuel Ruiz enologoak zuzenduta.

Egun honetan bertan Urretxuko Labeaga kalean txahal bat erreko da 16 orduz eta larunbatean 11.00etatik aurrera pintxotan dastatu ahal izango da. Pintxoen salmentarekin bildutakoa Katxalin Bularreko Minbizia edota Ginekologiako Gipuzkoako Emakumeen Elkartera bideratuko da.

«Ekintza honekin bi apustu sendo egin dira: bata bertako produktuaren aldekoa, txekorra Euskolabelena izango delako Hazi Fundazioaren laguntzarekin, eta bestea azokaren esparruan eta jai giroan elkartasuna bultzatzekoa», nabarmendu zuten aurkezpen ekitaldian.

Herri kirolak ere izango dira Ederrena pilotalekuan eta artzain txakurren eta ardien erakustaldia Zubimusu plazan. 17:30ean profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan (sarrerak agortuta daude).

Animalien gaixotasunak

Santa Lutzi azokan abereek garrantzia handia dute, eta horregatik, azken aldian somatu diren animalien gaixotasunak direla eta, kolokan egon da azken unera arte. Hala, hegazti gripea dela eta, ez dira kapoi, oilo eta oilarrak ikusgai izango, baina bai zaldi eta abelgorriak, animalia hauei eragiten dien dermatosiaren kontrolaren eboluzioa egokia izaten ari delako.

Izan ere, ganadu azokak ospatzeko debekua altxatu du Lakuako gobernuak, kontrol neurriak mantenduko diren arren, printzipioz, urtarriaren 15era arte mantenduko direnak.

Tren zerbitzu berezia

Renfek tren zerbitzua indartuko du azokaren egunean jendea erosoago bertaratu ahal izan dezan. 9.25 eta 10.46 orduen bitartean, tren bereziak abiatuko dira Tolosatik Zumarragara, eta 13.10etan ere tren handiago bat prestatuko dute Zumarragatik Iruneko norantzan, azokan buelta eman ostean jendea etxera itzul dadin.

Informazio honen babesleak: Eitza consulting, Iraeta tabakoak, Lanbroa belardenda, Prest lan bertikalak