NAIZ

Groseko Zabalza erretiratuen etxerako alternatibak badirela nabarmendu du EH Bilduk

Astelehenean itxiko dute Donostiako Gros auzoko Zabalza jubilatuen etxea, 43 urtez irekita egon ondoren. Egoera salatu du EH Bilduk eta Udaleko Gobernu taldeari zerbitzu hau mantentzeko alternatibak badirela gogoratu dio.

Izar Hernando eta Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotzien agerraldia.
Izar Hernando eta Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotzien agerraldia. (EH BILDU DONOSTIA)

Zabaleta kalean Zabalza etxea 43 urtez egon eta gero Donostiako Gros auzoko jubilatuen etxerik gabe geratzeko arriskua dutela gogoratu ondoren, zerbitzu honekin auzoan jarraitzeko alternatibak badirela nabarmendu du EH Bilduk. Astelehenerako dago aurreikusita Zabalza etxearen itxiera.

Zabalza etxea «leku neuralgikoa da, non komunitatea egiten den, harreman sozialak indartzen diren eta nahi ez den bakardadeari aurre egiten den», adierazi dute Izar Hernando eta Ricardo Burutaran zinegotziek.

«Adierazi behar dugu, berriro ere, Insaustiren Gobernuak planteatu duen alternatiba ez dela nahikoa: Nafarroa Beherea plazako lokalak, behin-behinekoa izateaz gain, ez du bermatzen proiektuak modu integral batean irautea, eta, hain zuzen ere, horrek izan behar du helburua. Hau da, etorkizunean planteatzen den kokapen berriak iraunkorra izan behar du denboran, eta gaur egun Zabalzan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduera guztien bideragarritasuna blindatu behar du», esan dute.

Gobernu taldeari erantzunkizuna eskatu diote

Gobernu taldeari erantzukizunez eta konpromisoz inplika dadila lokal berri horren bilaketan eskatu dio EH Bilduk. «Itxieraren arrazoia teknikoa bada ere, alternatiba baten falta bai da erabaki politikoa, eta hori da kritikagarria, salagarria. Planifikazioa falta egon da, eta aurreikuspena eza. Hau da, Insaustiren taldearen kudeaketa txar bat», esan du Burutaranek.

«Badakigu auzoan bertan, Grosen, eta Zabalzatik gertu, lokal erabilgarrien alternatiba bideragarriak daudela, eta horien inbertsioa Udal honek bere gain har dezakeela erabat. Badakigu, baita ere, aukera horiek mahai gainean jarri direla», adierazi du Hernandok.

Burutaranek gaineratu duenez, «hori baieztatzea ez da zuhurtziagabekeria, koherentea baizik, are gehiago metro gutxira GOe eraikitzeko auzoan bertan ekipamendu partzela bat laga denean».

«Donostiako auzoek zailtasun handiak dituzte beren jarduerak garatzeko, udal lokalen gabezia errealitate bat baita. Hiri honetako elkarte-sarea eredugarria da, baina, zalantzarik gabe, arlo publikotik bultzada behar du. Sare hori blindatzeko eta indartzeko bitartekoak estrategikotzat jotzen dugu EH Bildutik, hiria auzoetatik eta auzotarrekin egiten delako», gaineratu dute.

Igandean, Santo Tomas egunarekin batera, Txofre plazan jubilatuek egingo duten sinadura bilketa sostengatzera deitu du EH Bilduk.