Estatu Batuen esku-hartzeak ez dira harrigarriak Latinoamerikan
Estatu Batuek goizaldean Venezuelaren aurka egindako erasoa ez da herrialde horrek Latinoamerikan egin duen lehen esku-hartzea, ezta hurrik eman ere. Ugari izan dira, eta hildako asko eragin dituzte.

Hugo Chavez Venezuelako presidente zenak eta orain haren ondorengo Nicolas Madurok, orain AEBen esku-hartzean bere emaztearekin batera bahituak, behin baino gehiagotan egotzi zioten Washingtoni Estatu kolpe saiakerak babestea; esate baterako, 2002an bi egunez Chavez boteretik kendu zuena.
Gerra Hotza hasi zenetik, bere gain hartu ez dituenak kontatu gabe, gutxienez honako esku-hartze hauek egin ditu AEBk Latinoamerikan:
Guatemala. 1954ko ekainaren 27an, Guatemalako presidente Jacobo Arbenz Guzmán koronela kargutik kendu zuten Washingtonek entrenatu eta finantzatutako mertzenarioek, nekazaritza erreforma bat zela eta, United Fruit Corporation –ondoren Chiquita Brands– enpresa estatubatuar boteretsuaren interesak mehatxatzen baitzituen.
2003an, AEBk bere historia ofizialean jaso zuen CIAk estatu kolpe honetan izan zuen papera, «komunismoaren aurkako borrokaren» izenean.
Kuba. 1961eko apirilaren 15ean, AEBk bidalitako B-26 hegazkinek Kubako baseak bonbardatu zituzten Aireko Indar Iraultzailea suntsitu eta 2506 Brigada zelakoa Playa Gironen lehorreratzea errazteko. Brigada hori erbesteratuek eta CIAk Guatemalan eta Nikaraguan entrenatutako mertzenarioek osatua zen, eta hilaren 19ra arte saiatu ziren Cochinos Badian lehorreratzen, Habanatik 250 kilometrora, Fidel Castroren Gobernua bertan behera uzteko, baina ez zuten lortu Kubako Armada mendean hartzea.

Borroken ondorioz, ehun bat hildako izan ziren bando bakoitzean.
Dominikar Errepublika. 1965ean, beti ere “arrisku komunista” zela eta, AEBk 20.000 marine eta paraxutista bidali zituen Santo Domingora, Juan Bosch ezkerreko presidente ohiaren aldeko altxamendu bat menderatzeko. Juan Bosch 1963an militarrek boteretik kendu zuten.
Hego Konoko diktaduren alde. 1970eko hamarkadan, Washingtonek ezkerreko mugimendu armatuei aurre egiteko gotorlekutzat jotzen ziren hainbat diktadura militar babestu zituen.
Augusto Pinochet Txileko diktadoreari lagundu zion 1973ko irailaren 11n Salvador Allende presidentearen aurka emandako Estatu kolpean.

Henry Kissinger AEBko Estatu idazkariak Argentinako junta militarra babestu zuen 1976an. 2003an desklasifikatutako dokumentu estatubatuarren arabera, ‘gerra zikina’ lehenbailehen amaitzera animatu zituen militarrak. Gutxienez oposizioko 10.000 argentinar desagertu ziren.
70eko eta 80ko hamarkadetan, ‘Condor Plana’-ren esparruan eta Estatu Batuen isileko laguntzarekin, Argentina, Txile, Uruguai, Paraguai, Bolivia eta Brasilgo diktadurek bat egin zuten ezkerreko oposiziokoak desagerrarazteko.
Erdialdeko Amerikako gerrak. Nikaraguan, matxinada sandinistak Anastasio Somoza diktadorea boteretik kendu zuen 1979an. AEBko presidente Ronald Reaganek, Managua Kubarekin eta SESBekin lerrokatu izanak kezkatuta, CIAk Nikaraguako kontrairaultzaileei, Kontrari, 20 milioi dolarreko laguntza ematea baimendu zuen ezkutuan. Laguntza hura, neurri batean, Irani armak legez kanpo salduz finantzatu zen.

Nikaraguako gerra 1990eko apirilean amaitu zen, 50.000 pertsona hil ondoren.
Reaganek, orobat, El Salvadorrera aholkulari militarrak bidali zituen Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen (FMLN) matxinada menderatzeko, 1980 eta 1992 artean 72.000 pertsona hil zireneko gerran.
Granada. 1983ko urriaren 25ean, Granadako uhartean batzorde militar batek Maurice Bishop lehen ministroa hil ondoren, AEBko marineek eta rangerek esku hartu eta iraultza baino lehenagoko erregimena ezarri zuten.
Ekialdeko Karibeko Estatuen Erakundeak eskatuta, Reaganek ‘Urgent Fury’ operazioa abiatu zuen mila herritar estatubatuar babesteko. NBEren Batzar Nagusiak gogor gaitzetsi zuen operazioa, ehunetik gora hildakorekin azaroaren 3an amaitu zena, Reaganek «arrakastatsutzat» jo bazuen ere.
Panama. 1989an, George Bushek Panaman militarki esku hartzea erabaki zuen. 13 egunen buruan, Manuel Noriega jenerala, CIAren kolaboratzaile ohia eta Washingtongo Justiziak narkotrafikoagatik jazarria, errenditu egin zen.
27.000 soldadu inguruk parte hartu zuten ‘Justa Causa’ operazioan. Ofizialki 500 pertsona hil ziren, baina GKEen arabera, milaka batzuk.

Panaman Ameriketako Eskola sortu zen 1946an, komunismoaren aurkako borrokan espezializatutako heziketa militarreko zentroa, 1984ra arte Estatu Batuek kontrolpean egon zena. Bertan diktadore ugari prestatu ziren.
Abenduan, Hernandez indultatuta
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ez da AEBko justiziak auzipetutako agintari edo agintari ohi bakarra. Goian aipatutako Manuel Antonio Noriegaz gain, besteak beste, Juan Orlando Hernandez hondurastarra ere badago zerrenda horretan.
Hernández Hondurasko presidentea izan zen 2014tik eta 2022 arte. Urte horretan, Hondurasen atxilotu zuten eta Estatu Batuetara estraditatu zuten. 2024an, New Yorkeko auzitegi federal batek erruduntzat jo zuen narkotrafikoarekin eta armen erabilerarekin lotutako karguak zirela eta. 45 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Hala ere, joan den abenduan aske irten zen Donald Trump presidentearen indultu bati esker.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas






