
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko gizonek 81,7 urteko bizi itxaropena dute, eta emakumeek 87 urtekoa, Eustaten 2024ko datuen arabera. Balio horiek Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik daude, 2,5 urteko aldearekin gizonen kasuan eta 2,6 urtekoarekin emakumeen kasuan. Gizonen bizi itxaropenak gora egin du eta bien arteko tartea txikitu egin da: emakumeak gizonak baino 5,8 urte gehiago bizitzen ziren 2019an, eta 5,3 urte gehiago 2024an.
65 urterekin, bizi itxaropena 19,9 urte gehiagokoa da gizonentzat, eta 24 urte gehiagokoa emakumeentzat. Horrek erran nahi du 65 urte dituen emakume batek, batez beste, 89 urte arte bizitzea espero dezakeela, eta adin bereko gizon batek, berriz, 84,9 urte arte. Bien arteko diferentzia 4,1 urtekoa da, emakumeen alde. Eustaten Osasunaren Panoraman agertzen da informazio hau guztia, osasunaren arloko estatistika garrantzitsuenaren sintesian, alegia.
Desgaitasunik gabe egonen diren urteen bizi itxaropena ere handiagoa da emakumeen artean (81,9 urte) gizonen artean baino (77,3 urte), eta genero-aldea txikixeagoa da bizi itxaropenaren kasuan baino (4,6 urte).
Osasun mentaleko arazoak, gora
Gizonek modu positiboagoan baloratzen dute beren osasuna. %82k ona edo hagitz ona dela uste du; emakumeen kasuan, ordea, ehuneko hori %78,1era iristen da, 2023ko Osasun Inkestaren arabera. Azken bost urteetan bietan jaitsi da pertzepzio hori, %4,2 gizonen artean eta %4,4 emakumeen artean.
2023an, osasun mentaleko arazoak maizago ikusi zituzten emakumeen artean (%26,5) gizonen artean baino (%17,7). 2018ko datuekin alderatuta, bi taldeek ehuneko 10,1 eta 8,1 puntuko igoera izan dute, hurrenez hurren. Antsietate eta depresio sintomak ohikoagoak dira 75 urtetik gorako herritarren artean.
2024an, suizidioaren eta norberak eragindako lesioen ondorioz hildakoen %68,4 gizonak izan ziren, eta %31,6, emakumeak, Heriotzen estatistikaren arabera.
Hipertentsioa, gaixotasun kroniko ohikoena
Gaixotasun kronikoei dagokienez, behera egin du prebalentziak, eta pixka bat altuagoa da emakumeetan (%42,3) gizonetan baino (%41,4). Hipertentsioa da kausarik ohikoena, eta, ondoren, kolesterol altua eta bizkarreko mina.
2023an, tabakismoak behera egin zuen gizonen artean, eta pixka bat igo zen emakumeen artean, 2018arekin alderatuta. Hala ere, intzidentziak handiagoa izaten jarraitzen du gizonetan (%17,2) emakumeetan baino (%13,8). Genero-arrakala 3,4 puntura murriztu da. 2018an ez bezala, 15-24 urteko eta 65-74 urteko taldeetan, emakumeek gizonek baino tabako gehiago kontsumitzen dute.
Epe luzera arrisku handiko alkohola kontsumitzea, osasun arazoak izateko arrisku handiagoarekin lotuta, ohikoagoa da gizonen artean (%16,6) emakumeen artean baino (%11,1). Hala ere, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, mota horretako kontsumoa emakumeen artean %14,8koa da, eta gizonen artean %10,7koa.
Obesitateak gora egin du 2023an, 2018ko datuekin alderatuta, emakumeen artean gehiago (%2) gizonen artean baino (%0,3), nahiz eta arazo horrek handiagoa izaten jarraitzen duen gizonen artean (%14,2) emakumeen artean (%13,2) baino.
Oro har, emakumeek (%45,7) gizonek baino (%41,5) joera handiagoa dute dieta mediterraneoa jarraitzeko. Adinaren arabera, 65 eta 74 urte bitarteko pertsonak dira atxikimendu handiena erakusten dutenak (emakumeen %59,8 eta gizonen %54,7), eta gazteenak dira (15 eta 24 urte bitartekoak) txikiena erakusten dutenak (emakumeen %33,7 eta gizonen %23,6).
Jarduera fisiko gehiago, bereziki emakumeek
2023an, gizonen %84,3k eta emakumeen %80k jarduera fisiko osasungarria egiten dute. Azken bost urteetan igoera handiagoa izan da emakumeen artean (%6,1 puntu) gizonen artean baino (%4,6). Bilakaera positibo horrek genero arrakala 4,3 punturaino murriztu du (5,8koa zen 2018an).
2024an, gripearen aurkako txertoaren estaldura %82,2koa izan zen 74 urtetik gorakoen artean, gomendatutako %75a gaindituz. Bularreko minbiziaren (%79,4) eta kolon-ondesteko minbiziaren (%71) baheketetan izandako parte-hartzea ere gomendatutako balioetatik gora dago.
Ama-haurren osasuna prebenitzeko programen atxikimendua (orpoaren eta gorreriaren proba) %99tik gorakoa izan zen. Haurren Hortzak Zaintzeko Programak (PADI), azkenik, parte-hartzea hobetu zuen 2024an (%65,2) aurreko urtearekin alderatuta (%61), baina pandemiaren aurreko mailetara iritsi gabe jarraitzen du (2019an %68,2).
Langile gehienak, emakumeak
2024an 67.315 osasun-langile zeuden, hau da, enplegu guztiaren %7,1. Enplegu hori %8,4 hazi da 2020koarekin alderatuta, eta gehienak ospitale-jardueretara bideratu dira (%55,4). Emakumeak dira nagusi osasun arloko lanbideetan (%76,3).
Feminizazio hori Osasun Zientzietako unibertsitate-ikasketen esparrura ere hedatzen da, non graduatutako ikasleen %79 emakumeak diren, titulazio guztietan gehiengoa izanik (medikuntza, erizaintza, fisioterapia, farmazia, giza nutrizioa eta dietetika, odontologia eta psikologia). Joera hori osasun-prestakuntza espezializatuan ere mantentzen da: Barneko Medikuntza Egoiliarrean (BAME) %71 emakumeak dira eta Barneko Erizaintza Egoiliarrean (BAE) %94,7.
Lehen arreta eta ospitaleratzeak
Emakumeek sarriago erabiltzen dute lehen mailako arreta: urtean 5,7 kontsulta mediko izaten dituzte; gizonek, aldiz, 4,4; halaber, erizaintzako 3,1 kontsulta dituzte emakumeek, eta 2,9 gizonek. Adin aurreratuenetan (85 urte eta gehiago), aldiz, joera hori alderantzizkoa da eta gizonak dira erabiltzaile nagusiak. Kontsultaren arrazoi ohikoenak lokomozio-aparatuko eta larruazaleko arazoak dira.
Ospitaleratutako pertsonen artean, %51,3 gizonezkoak izan ziren 2024an eta %48,7 emakumezkoak. %52,3k 65 urte edo gehiago ditu. Ospitaleratzeko hiru arrazoi nagusiak digestio, zirkulazio eta arnas aparatuko gaixotasunak dira.
Hiru horiek dira, eta ordena horretan, ospitaleratzearen kausa ohikoenak gizonen artean. Emakumeen kasuan, arnasketa-kausak dira nagusi, eta, ondoren, digestio-kausak. Azken horiek haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko eta puerperioagatiko arreten maila berean daude.
Gastuaren %69,5, publikoa
2022. urtearekin alderatuz, osasun-gastua %6 hazi zen 2023an, eta 8.554 milioi eurora iritsi zen. Gastu horren % 69,5 sektore publikoak finantzatu zuen, eta gainerako %30,5a, pribatuak.
Gastu hori 2023ko BPGaren %9,2 izan zen, eta per capita gastua, 4.262koa izan zen biztanleko, Europar Batasuneko batez bestekoa (3.835) baino handiagoa. Gastuaren parte handiena ospitaleko eta anbulatorioko osasun arretari dagokio.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza


