Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Aroztegiko isunei aurre egin ahal izateko diru-bilketa bati ekingo diote

Aroztegiko epaiak auzipetuei ezarritako isunei aurre egin ahal izateko diru-bilketa bat ekingo diote, elkartasun taldeak jakitera eman duenez. Orotara, 70.000 euro bildu nahi dituzte zigor honi aurre egiteko.

Diru-bilketaren kanpainaren aurkezpena.
Diru-bilketaren kanpainaren aurkezpena. (AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA)

Aroztegiko egitasmoaren kontra egiteagatik zigorturiko baztandarrei ezarritako isunei aurre egin ahal izateko dirua biltzeko kanpaina bat ekin dio elkartasun komiteak.

Duela lau hilabete Iruñeko zigor-arloko hirugarren epaitegiak ezarritako epaiak «talde kriminala» osatzeagatik ez zituen zigortu eta Aroztegiko proiektua bultzatzen zuen enpresak nahi ez bezala, erantzunkizun zibila ez zuen ezarri. 

«Horri esker, zazpi herritarrek kartzela-zigorren mehatxutik libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekar zitzakeen zigortze-neurri larriak ere», nabarmendu du elkartasun komiteak.

Halere, epaiak 62.000 euroko isunak ezarri zien auzipetuei. Dirutza honi hainbat kalte-ordain eta epaiketako gastuak behar zaizkio.

Enpresaren helegiteak

Palacio de Arozteguia enpresak helegitea jarri zuen Nafarroako Auzitegian diru gehiagoren bila. Instantzia honetan ez zuen lortu, baina bide judiziala luzatuz beste helegitea aurkeztu du.

«Ondorioz, herri honek pairatzen duen errepresio juridiko eta ekonomikoak aitzin segitzen du. Epai hau behin betikoa ez bada ere, ez dugu arrazoirik pentsatzeko etorkizunean etorriko diren helegiteek gure kontrako zigor ekonomikoa arinduko dutenik», azaldu du elkartasun komiteak.

Gauzak horrela, zigor honi aurre egiteko diru-bilketa hasi dute. Helburua 70.000 euro biltzea da eta horretarako kontu korronte bat (ES8230350136371360022868) ireki dute ekarpenak jasotzeko.

«Aldi berean, gonbidatzen ditugu orain arte herriz herri auzolanean gure bidelagun izan diren herri mugimenduak, herritarrak eta kolektiboak kanpaina honekin bat egitera, eta auzoz auzo nahiz herriz herri ekimen ezberdinen bidez diru-bilketa honetan laguntzera», gaineratu du elkartasun komiteak.