G. M. ZUBIARRAIN
baiona

Baionako suprefeturan hemezortzi oin kateatuta Guimon askatzeko

Oro har larri gaixo dauden preso politikoen egoera salatzeko, baina bereziki Lorentxa Guimon angeluarraren egoera bistaratzeko, suprefeturaren burdinazko hesira kateatu ziren atzo bederatzi lagun Baionan. Ordu erdiz hiru metroko garaieran presoen aldeko oihuak eta paskinak botaz aritu ondotik, kateak zizailaz ebaki eta atxilotuta eraman zituen poliziak, 18.00 aldera aske uzteko. Rennes espetxera larunbatean egingo den martxan parte hartzera deitu zuten.

Estatuak Baionan duen egoitza inguratzen duen burdinazko hesi berde irmoa bi zurubiren laguntzaz gainditu eta hiru metro pasatxoko altueran kateatu zuten euren burua bederatzi lagunek atzo, hamabi eta erdiak doi, Baionan. Ekintzaren zioa, kateatu aurretik hesi gainean zabaldu zuten pankartak agertu bezala, «Lorentxa Guimon S.O.S. Aske eta bizirik» nahi dutela aldarrikatzea izan zen, eta estatu frantsesa «bere arduren aitzinean» ezartzea.

Eraikina itxiarazi

Hesi gainean poliziek jaitsarazi zituzten artean iraun zuten ordu erdi onean, preso gaixoen askatasuna eta guztien etxeratzea eskatzen zuten oihuak egin zituzten kateatuek. Bitarte horretan, beste bi lagunek bigarren pankarta bat, «eri diren presoak askatu» goiburu zuena, zabaldu zuten eraikin ofizialaren aurreko espaloian.

Urtarrilaren 1az geroztik eraikinaren aitzinean gau eta egun CRS talderik ez denez egoten, polizia indarren erantzuna ez zen berehalakoa izan. Lehen polizia autoa bi minutura iritsi bazen ere, ia hamar minutu behar izan zituzten errefortzu gisa eskatutako furgonetak eta autoak bertaratzeko. Horietan eraman zituzten atxilo bederatziak.

Ti-ta egin zutena suprefeturako atea alderik alde ixtea izan zen, eta horrek, protestak iraun zuen artean, izapideak egitera bertaratutako herritarrak espaloian metatzea eragin zuen.

Ordu bata jotzear zela gerturatu zitzaien polizia arduradun bat kateatuei, «jaisteko asmorik zuten» itaunka. Kateatutako batek ihardetsi zion ezetz, «ekintza ez bortitz bat» zela, eta hantxe «loturik zeudela Lorentxa Guimon askatzeko». Hitz truke horrek ekarri zuen poliziaren esku-hartzea. Zurubi bat hartu, hesira igo eta banan-banan jaitsarazi zituzten protestariak oinetan zituzten kateak moztu ondotik. Ohiko ukimen bidezko miaketa egin eta eraikinaren atzealdera eraman zituzten kazetari eta herritarren begiradapetik urrun, furgonetan sartu eta komisariara eramateko gero. Arratsaldeko seiak aldera guztiak libro utzi zituzten, kargurik gabe.

Aste erabakigarria

Otsailaren 25ean iragarriko du Zigorrak Betearazteko Auzitegiak larri gaixo dagoen Guimoni baldintzapeko askatasuna aitortzen dion ala ez. Data horren atarian biderkatu egin dira angeluarraren askatasuna exijitzeko ekimenak. Larunbatean martxa bat abiatuko da Rennesa (Bretainia), Guimon dagoen espetxera, Bagoazek antolaturik.

Protesta horretan parte hartzera deitu zuten, hain zuzen, kateatuek, baita «datorren astean Angelun izango diren mobilizazioetan» ere.

Bi diputatu bisitan Renneseko espetxean

Bagoazek jakinarazi zuenez, Paul Molac EE-Berdeen diputatu bretoia eta Sylviane Alaux PSko euskal diputatua bisitan izan zituen atzo arratsaldean Lorentxa Guimonek. Arratsaldeko lehen orduan aurreikusia zegoen bisita asko luzatu zen, diputatuek kartzelatik ateratzerako arratsaldeko 19.00 inguru baitziren.

Bestalde, Etxeratek «positiboki» baloratu du eurodiputatuek presoen egoeraz informazioa biltzeko egunotan Euskal Herrira egindako bisitaldia. Alderdi batzuek haiek «iritsi aurretik bilera irekietan ere parte hartzera» uko egin izana deitoratu du presoen senideen elkarteak.

Alabaina, alor askotariko eragileekin izandako hartu-eman ugariren ostean, Etxeratek uste du argi geratu zaizkiela «salbuespeneko kartzela politikak sortzen dituen ondorio larriak» eta biziki eskertu dute zazpi europarlamentariek egindako ahalegina. A.M.