Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Lan erreformaren legea gaur onartuko dute behin betiko

Gobernuak, hirugarrengoz, 49.3 artikulua erabili zuen atzo, Asanblea Nazionalean. Inork zentsura mozioa aurkezteko asmorik iragarri ez duenez, gaur, 16.30ean, lan erreforma behin betiko onartua izango da.

Ezuste handirik ez bada behintzat, gaur arratsaldean amaituko du Lan Kodea erreformatzeko legeak duela bost hilabete abiatutako ibilbide parlamentarioa. Izan ere, atzo bertan Manuel Valls lehen ministroak, «gobernuaren erantzukizuna» argudiatuta, Konstituzioko 49.3 artikuluari heldu zion Asanblea Nazionalean legea pasarazteko. Senatuaren gehiengoak, apenas eztabaidarik gabe, bezperan legearen kontra bozkatu ostean, atzo Asanblea Nazionalak hartu zuen berriro azken irakurketa egiteko. Gobernuaren esku hartzeak, hirugarrengoz 49.3 artikulua erabiliz, diputatuen eztabaida ekidin zuen.

Aurreko bi irakurketetan erabili zuenean ez bezala, atzokoan giro politikoa ez zen horrenbeste txartu, seguru asko Nizako atentatuaren ostean diputatuek larrialdi egoera berriro luzatzeko gaiarekin aski hartuak zirelako. Baina zalantzarik gabe, baita ere, duela bi aste zentsura mozioa aurkezteko saiakera antzuak oso ahulduta utzi zituelako, batez ere, ezkerreko diputatu kritikoak.

Oraingoan, ordea, inork ez du zentsura mozioa aurkezteko asmorik agertu, ez eskuinak eta ez legearen muinarekin eta erabilitako prozedurarekin bat ez datozen ezkerreko diputatuek. Horrenbestez, legeak eskatzen duen 24 orduko epea igarota, gaur 16.30ean, behin betiko onartuta geratuko da lan erreforma.

Ez daude etsitzeko prest

Halere, legearen aurkariak ez daude erabat amore emateko asmotan. FG, ekologistek eta PSko kritikoak 60 sinadura biltzeko saiakeran ari omen dira Kontseilu Konstituzionalera jotzeko, «parlamentuko eztabaida ez errespetatzeagatik». Nonbait eskuineko diputatu batzuk ere batuko lirateke ekimen horretara.

Gobernuak legea ofizialki lehenbailehen argitaratzeko asmoa azaldu du, baina Kontseilu Konstituzionalak balizko helegite hori onartuko balu, legea indarrean sartzeko data –betiere helegitea errefusatuko balu– gutxienez hilabete atzeratuko litzateke.

Bitartean, sindikatuek irailerako mobilizazioak berrartzeko prestatzen ari dira. Gobernuak «borroka ideologikoa eta sinesgarritasun guztia galdu du herritarren artean eta, gainera, Errepublikaren balioak urratu ditu», salatu zuen atzo CGT-k.