Maddi TXINTXURRETA
CRISIS DEL CORONAVIRUS

Lehen arreta, Osakidetzako lehentasunetan azkena

Koronabirusaren krisi betean, eta Lehen Arretak behar bezala funtzionatzeko plantilla handitzea behar duenean, Lakuako Gobernuak dio ez dagoela kontratatzeko familia medikurik. Egia da, baina egia tranpatia. Lan baldintza prekarioak daude atzean.

Nekane Murga Lakuako Osasuneko sailburu ohiak esan izan du covid-19aren bigarren olatua deritzon honetan ez direla Lehen Arretarako errefortzuen kontratazioak martxan jarri «ez dagoelako profesionalik». «Norbaitek ezagutzen badu langabezian dagoen medikurik, etor dadila Osakidetzara», adierazi zuen orain bi aste, eta EAEn familia medikuen eta erizainen falta izatea onartu beharreko errealitate aldaezina balitz bezala aurkeztu.

Lehen Arretan profesionalen falta, baina, ez da zoriak edo koronabirusaren krisiak eragin duen fenomenoa. Are, familia medikuak duela urte batzuetatik dira gutxiegi eta covid-19ak ez du auzi hori azaleratu besterik egin.

Hala eta guztiz ere, Murga sailburuaren esanak ez dira faltsuak. Egia da EAEn ez dagoela aukera askorik Lehen Arretako profesionalen kontratazioa bultzatzeko, baina «egia partziala» da, Mati Iturralde familia medikuaren ustez. Medikuntza fakultateetatik ateratzen diren osasungintzako profesionalek, eta batez ere, familia medikuntza espezialitatea aukeratzen dutenek, EAEtik kanpo bilatzen dute lana edo prestakuntza osatzea, Osakidetzak arlo horretan eskaintzen dituen lan baldintzak «prekarioak» direlako. Orain urte dezentetik datorren arazo bat dela dio Iturraldek, baina datu hori «ezkutatu» egiten dela.

Arazoa are larriagoa da kontuan izanda medikuntzako profesionalek, oro har, nahiago dutela «beste edozein» espezialitate aukeratu familia medikuarena baino, medikuntzan gutxien baloratzen den espezialitateko bat baita Lehen Arretakoa. «Fakultatetik medikuak ateratzen direnean, eta espezialitatea aukeratzerako momentuan, ez bada bokazio oso berezi bat dutela, eskatzen dute edozein espezialitate familia medikuarena izan ezik. Arrazoiak anitzak dira: kontsiderazio sozial txikia dauka. Lehen Arretako profesionalen eremua erabat desprestigiatuta dago. Jendeak badaki urtetan prekaritatean egongo dela lanean», azaldu du Mati Iturraldek.

Iturraldek gogoan du, bera Gasteizen legebiltzarkide zenean eta Iñaki Azkuna Lakuako Osasun sailburu, 1995. eta 1996. urteen artean, sailburuak adierazi zuela medikuen «superabita» zegoela. «Unibertsitatetik jende dezente ateratzen zen, eta eskaintza zegoen sistema publikoan. Azkunak esan zuen medikuek emigrazioan pentsatu behar zutela, sisteman ez zegoelako lekurik hainbeste medikurentzat. Baina denborak erakutsi du hori ez zela egia», azaldu du.

Superabitetik defizitera

Orduan, zer gertatu da azken 25 urteetan, mediku “gehiegi” egotetik Lehen Arretarako profesionalak ezin kontratatzeko egoera batera igarotzeko? Zerikusia dauka, arabar medikuaren aburuz, Osakidetzako sistema osoa ESIen (Erakunde Sanitario Integratua) bidez antolatzeak. Haren hitzetan, Osakidetzak antolakuntza esparru hori martxan jarri aurretik, familia planifikaziorako osasun zentroak zeuden auzoetan, kontsultak, osasun eskolak. Horrela funtzionatzen zuen Lehen Arretak. ESIen planteamenduak, ordea, Lehen Arreta «deuseztatu» zuen: «Inbertsio ekonomikoak desagertu ziren. Horrezkero, prekaritate egoeran egin dugu lan. Ez dago lidergorik, antolakuntzarako irizpiderik, osasun estrategiarik, ez dago ezer. Dependentzia absolutua daukagu arreta espezializatuarekiko».

«Hori konpontzeko beharrezkoak ziren urteak galdu dira, kontuan izanda medikuntzaren prestakuntza hamar urtekoa dela. Orain saiatuko balira hau konpontzen, horrek ekarriko luke hemendik hamar urtera nabarituko litzatekeela familia medikuntzako profesionalek prestigioa hartzea. Baina hori ere ez dute egiten. Lehen Arretak ez dauka lehentasunik osasun sistema publikoan, ez da beharrezkoa ikusten, eta pentsatzen dute mantendu daitekeela zerbitzu minimo bat bezala», gaitzetsi du Iturraldek.

Medikurik ez egotea azken urteetako plangintzaren eta kudeaketaren emaitza da Monica Garcia Osatzen elkarteko presidenteordearen ustez. «Familiako medikuen biztanleria piramideari begiratzen badiozu, gu gara espezialitaterik zaharkituena. Murrizketen ondoren ez da langile askorik sartu, Lehen Arretako plazak eta ordezkapenak murriztu dira. Orain erretiroak hasiko dira, eta bagenekien egoera hori iritsiko zela: sartzen dena baino jende gehiago erretiratzen da», adierazi du.

Osasun sistema batek ondo funtziona dezan, sistemaren egituraren erdiak familiako medikuz osatuta egon beharko lukeela zehaztu du Garciak; egun, ordea, soilik Osakidetzako profesionalen heren bat dira familia medikuak. Eta ez soilik familia medikuen kopuruak, administrazioko eta erizaintzako profesionalek ere eragina daukate pazienteen arretan eta medikuen baldintzetan. EAEko ratioa, Garciak azaldu duenez, honakoa da: «Mediku bakoitzeko, erizain bat baino gutxiago eta administrazioko langile erdia dago. Europako herrialde batzuetan, sendagile bakoitzeko 2-4 erizain daude eta 1-2 administrari. Ardurapean paziente asko dituzten medikuak egon daitezke, baina medikuari beste profesional batek egin ezin duena baino ez zaio iristen».

Orain, udako oporrak, erretiroak, bajak eta mediku falta endemikoa direla eta, «plantillaren erdia dabil lanean gutxi gorabehera. Eta erretiroa hartzen dutenentzat ez dago ordezkorik», esan du Osatzen elkarteko presidenteordeak.

Noski, mediku gutxi egoteak ekarri duena da lanean ari direnen lan karga nabarmen handitzea. «Oso nekatuta gaude, sekulako karga fisiko eta mentala ari gara pairatzen martxotik, eta lehenagotik ere bai. Orain lanean ari garenok, geure pazienteak eta beste mediku batenak artatzen ari gara. Ehuneko berrehun ematen ari gara», azaldu du.

Koronabirusak kolapsatzear utzi ditu EAEko osasun zentroak, eta Garciak salatu du egoera hau ez dela «jasangarria». Telefono dei «pila bat» egunero, kontsultak, eta pazienteak ere «larrituta». Hori guztia, covid-19an positibo eman duten pertsonen segimendua kontuan hartu gabe.

Garciak ez du uste urrian egoerak hobera egingo duenik, nahiz eta langile gehiago egongo diren, covid-19ak «hor jarraituko du», eta gripearen kanpaina ere hasiko da.

Koronabirusaren lehenengo olatuan, pazienteei eskaini zitzaien lehenengo kontaktua Osarean izan zen, eta Monica Garciak esan du horrek asko lagundu ziela Lehen Arretako profesionalei, Osareanek kudeatu baitzituen lehen momentuan kontaktuak eta PCR probak. «Zergatik ez da egiten hori orain?», galdetu du. «Martxoan eta apirilean, ospitaleak kolapsa zitezkeela zirudienean eta profesionalen bajak zeudenean, Lehen Arretakoei laguntza eskatu ziguten. Lehen Arretako erizainak ospitaleetako larrialdietara joan ziren, medikuak erresidentzietara joan ginen. Zergatik ez dator inor ospitaletik guri laguntzera?»

Garciak uste du aztertu beharko litzatekeela zeinek eman diezaiokeen laguntza Lehen Arretari, Osakidetzako sistematik bertatik. «Ez guregatik, baizik pazienteak ez daitezen abandonatuta senti eta ez dezagun ezer inportantea pasatzen utzi», esan du.

Bide horretan, Osatzenek egin duen proposamenetako bat da EAEtik kanpo lan egitera joan diren mediku horiekin harremanetan jartzen saiatzea eta Osakidetzara itzul daitezen lortzea, baldintza duinak eskainiz.

 

Behin-behinekotasunean lan egitera kondenatuta

Baldintza prekarioak dira egun Osakidetzan familia medikuen falta izatearen arrazoietako bat. «2008tik, Lehen Arretako kontratazioak ez dira erakargarriak. Kontratu asko laburrak dira eta ez daukate jarraitutasunik. Hori dela eta, jendeak nahiago du beste postu batzuetara joan, larrialdietara, foru aldundien erresidentzietara edo kanpora. Baditugu lagunak Suediara edo beste leku batzuetara joan direnak. Familia medikuntzan lan egin nahi dugunon oinarria da toki batean eta denbora batez lan egitea, pazientearekin lotura izateko. Baina orain aste batez Bilboko auzo batean zaude, hurrengoan beste leku batean, horixe da gertatzen dena», azaldu du Ane Naia Sufrate familia medikuak eta Lehen Arreta Arnasberritzen elkarteko kideak.

Sufrateren eta familia medikua ere baden Luis Rodriguezen esanetan, familia medikuntzako profesional gehienek horrela ematen dituzte urte asko, postu finko bat lortu arte. Eta postu finkoa lortzean, gerta daiteke egun, covid-19aren krisiarekin, Rodriguezi eta Sufrateri pasatzen ari zaiena: «Osakidetzarekin hitz eginda dago arreta duina eskaintzeko, egunean gehienez ere 35 paziente artatu behar direla. Orain, 55 artatzera irits gaitezke», adierazi du Rodriguezek.

Azaldu dute gaur egun Osakidetzan gehien egiten den kontratua egonkor-malgua izenekoa dela. Sei hilabete edo urtebeterako kontratuak egiten zaizkie Lehen Arretako medikuei, baina kontratatu dituen ESIak kupo batetik bestera mugi ditzake.M.T.