Jon Ormazabal
infraganti

Kepa Peñagarikano

«Ofizio askoko behargina, pobrea seguru» esaerak ez du Kepa Peñagarikano kikildu. 34 urterekin pilotari profesionala izan da, suhiltzaile izateko oposaketak prestatu ditu, anbulantziak gidatu, masaje kontsulta bat zabaldu du, eta, Binakako Txapelketa hasi denetik, material hautatzailea ere bada. Azken egiteko horren inguruan aritu da GAUR8rekin.

Duela urte eta erdi Aspek kontratua berrituko ez ziola jakinarazi zionetik, ordura arte bere bizitzaren ardatzetako bat izandako pilotarekin nolabaiteko etena egin zuen Kepa Peñagarikanok, nahiz eta Zestoako pilota eskolako haurrei irakasten jarraitu duen. «Astean bi entrenamendu egiten ditugu eta agendaren arabera moldatzen naiz. Udaberrian Herriarteko Txapelketa hasiko da eta hori izaten da urteroko helburua», azaldu digu haurrekin egiten duen lanaren inguruan. Andoain, Beizama, Azpeitia, herri esanguratsuak dira guztiak bere bizitzan, baina Zestoan ematen ditu orain ordu gehienak.

Abenduaren hasieratik ordutegiak egokitzeko arazo berri bat sortu zaio beizamarrari, ezustean jasotako dei batean espero ez zuen eskaintza jaso baitzuen: azken hamahiru urteetan Juan Mari Juaristi Atano XIII.a pilotari ohi azkoitiarrak betetako material hautatzaile postua betetzea. 24 orduz familiarekin hitz egin eta aldeko eta kontrako arrazoiak aztertu ostean, pilota berriz ere bere bizitzaren ardatzetako bat izatea onartu zuen, eta, gutxienez astean bitan, asteazken eta ostegunetan batez ere, kilometro piloa egin beharko ditu autoz Aspe eta Asegarceko pilotariek txapelketetan erabiliko dituzten pilota egokiak apartatzeko. Oraingoz, partida gehienak etxetik nahiko gertu izan ditu –guk Urretxun harrapatu dugu–, baina etorriko da Logroñora edo Arnedoraino joan beharra ere.

Eta zeregin hori azken 11 hilabeteotan ofizio izan duen masajista lanarekin uztartu beharko du. Izan ere, duela ia urtebete kontsulta bat ireki zuen Zestoan bertan. Pilota munduan “enpresa pilotari” bezala ezagututako kirolariek duten etorkizun zailak bultzatu zuen Peñagarikano etorkizuna osasungintzara bideratzera. Kontratuak urtebetekoak baino ez zirela-eta, anbulantziak gidatzen aritu zen lehenik. Gerora, baina, masajista ikasketak amaitu eta Zestoako futbol taldean aritu ostean, bere kasa hasi da masajeak ematen. «Ofizio denetan bezala, ikasten eta esperientzia hartuz joan beharra dago eta horretan ari gara», azaldu digu.

Lanbide guztiek beharrezko duten egokitzapen prozesua askoz azkarragoa izan da ezinbestean material hautatzaile bihurtzerako orduan. «Txapelketa hasi baino bost egun lehenagoko kontua izan da kargua hartzearena. Dena bat-batean izan da, praktikarik ez dut izan eta zuzenean Binakakoan sartu naute». Bere aurrekoak ez bezala, Kepa Peñagarikanok ez du udako torneotako eta beste lehiaketa txikiagoetako hautatzaile gisa aritu beharko, baina, Binakakoa, urteko txapelketarik luzeena, nolabaiteko ikastaro trinko bat izango da berarentzat. «Aste pare bat baino ez dira hasi ginela eta gustura nabil. Oraindik sekretuak-eta pixka bat bilatzen, erreferentziak pilatzen nabil: botea nola egiten duen pilotak, frontiseko irteera nolakoa duen... Hamalau jardunaldi dira eta nik uste ondo etorriko zaidala kailua egiten joateko. Ea nola irteten den».

Material hautatzailea aldatzetik harago, Eskuzko Pilota Enpresen Ligak zenbait moldaketa egin ditu, nolabait ere, egungo beharretara, batez ere telebistaren nahietara, moldatu asmoz. Hala, lehen enpresa bakoitzak bikoteko hamar pilota aurkezten zituen pilotalekuko, hogei denera; ostean, hautatzaileak horietako hamar aukeratu behar zituen, egoera zehatz bakoitzerako egokienak, nahiz eta sarri aldaketa handiak eman material aukeraketa egunetik partida egunera –frontoiak hutsik eta hotz egotetik beteta eta berogailua piztuta izatera igarotzen dira–. Orain, ordea, enpresa bakoitzak zortzi pilota aurkeztuko ditu, hamasei orotara, eta Peñagarikanok aukeraketa hamar pilotatan utzi beharko du.

Ordea, zenbakian baino, desberdintasuna piloten jatorrian egongo da. Izan ere, orain arte, hautatzaileak bazekien pilota bakoitza zein enpresak jartzen zuen, baina orain denak nahastu egingo dira eta Peñagarikanok ez du jakingo pilota bakoitza nork jarritakoa da. Gerta daiteke, hortaz, partida batean alde batek jarritako pilota gehiagorekin jokatu beharra egotea. «Gatazkak baretzeko ona izan daiteke. Gainera, enpresek ere asko findu beharko dute beren lana, jokoan jarritako pilota gehienak beste aldeak ipinitakoak izan daitezke-eta bestela».

Beste aldaketa nagusiak partiden erritmoarekin du zerikusia: Binakako Txapelketa honetatik aurrera pilotek kolorezko zenbakiak eramango dituzte, materialaz aldatzeko garaian denbora gehiegi xahutzen zelako lehen. Orain arte zenbait zalantza sortzen ziren, baina, hemendik aurrera, une oro argi izango dute bai pilotariek eta baita telebista kamerek ere zein pilotarekin jokatuko den hurrengo tantoa.

Aldaketak aldaketa, Peñagarikanok oso barneratuta dauka bere karguak polemika barnean daramala. «Azkenean pilotari bakoitzak bere interesak ditu, partida irabazi beharra dauka. Nire helburua frontoian ahalik eta ikuskizun onena egotea da eta horretarako pilota egokiak jarri behar ditut, horretan oinarritu behar da nire lana», azaldu du. Oso argi dauka inor bere lanaz ez gogoratzea izango litzatekeela beretzat onena. «Dudarik gabe, ea inork ez duen nire izena ahotan izaten, horixe izango litzateke seinalerik onena», onartu digu. Ildo horretatik joan zen luzaroan hautatzaile izandako Juan Mari Juaristik eman zion aholkurik garrantzitsuena. «Elkarrekin egon ginen eta azaldu zizkidan bere trukuak-eta, berak gauzak nola egiten dituen. Baina nire bidea egin behar dudala esan zidan. Baita ere esan zidan oharkabean pasatzen saiatzeko, horixe izango dela nire garaipenik onena».

Debuta ez zen, ordea, berak nahi bezala joan, Atano III.a pilotalekuan jokatutako partidan, nabarmenak izan ziren-eta Pablo Berasaluzek Altuna III.ak eta Merino II.ak hautatutako pilota batekiko egindako desadostasun keinuak. «Lana erraza ez dela badakigu eta azkenean nire kontzientziarekin lasai geratu beharra daukat. Badakit batzuetan hanka sartuko dudala, eta, egun horietan, gertatutakoa irentsi egin beharko dut. Beste batzuetan, aldiz, kexaren bat edo beste izango da eta agian arrazoirik ez dutela irudituko zait. Baina pilotariak bere iritzia dauka, baita kexatzeko eskubidea ere. Kritika eraikitzaile bezala hartu eta aurrera».

Peñagarikano bera pilotari profesionala izan da orain oso gutxira arte, eta, horrenbestez, gauzak beste aldetik ikustea egokituko zaio orain. «Egia esan, ez naiz ni kexatzekoa izan, normalean beti gustuko materiala aurkitu izan dut. Azkenean, aurkariena ez bazaizu asko gustatzen, zurearekin pozik geratzen zara eta besteenarekin jokatu egin behar», azaldu digu filosofiaz.

Zer behar du edo zer izan behar da kontuan pilota bat egokia izan dadin? «Botea, batez ere. Egungo pilotak nahiko biziak dira eta bote handia hartzeko joera daukate; hori saihestu egin behar dugu. Bote handia itsusia da; pilota azpitik ibil dadila eta gero ez izatea esajerazio bat frontiseko irteera. Erreferentziak lurrean nola dabilen eta frontisetik nola irteten diren izaten dira».

Badira materialaren garapenak jokoa aldatu egin duela diotenak, baina Peñagarikano bera ez dago ados. «Pilotariek euren jokatzeko era aldatu dutela da kontua. Airez gero eta gehiago jokatzen da, gero eta erritmo altuagoan, eta pilotariek abiadura nahi dute, pilota azkarrak nahi dituzte tantoa azkarrago egiteko». Izan ere, zer litzateke pilota bere polemika dosirik gabe? •