HARITZ LARRAÑAGA
BAIONA

Bazkari herrikoia Baionan arratsaldekoaren atariko

Grebalari Feministen Asanbladak deituta ehun lagun inguru elkartu dira Baionako herriko etxearen atarian, elkarrekin bazkaldu eta gaur mundu mailan egin den greba deialdiarekin bat egiteko.

Baionako Udalaren aurrean bazkaria egin dute. (Bob EDME)
Baionako Udalaren aurrean bazkaria egin dute. (Bob EDME)

«Ez da martxoaren 8an greba deitzen den lehen aldia, 2001. urtean ere egin zen deialdia, baina hamar bat lagun bakarrik elkartu ginen hemen», oroitzen zuen urtez luzez 'Emazteek diote' taldeko kide izan zen lagun batek. Parte hartzeak gora egin du beraz azken urteetan, baina antolakuntza lanetan aritu den Jenofa Berhokoirigoinen iritziz, «kuantitatiboki bakarrik ez, kualitatiboki ere oso positiboa izan da gaurko eguna antolatzeko egin den lana, jendeak bere ingurunean gaiaz hitz egitea lortu baita».

Adin eta sektore desberdinetako emakumeez osatutako taldetxoetan janaria, edaria eta giro ona partekatu dituzte Lapurdiko hiriburuan, baina oraindik ez da eguna amaitu eta arratsaldeko seitan izango da hurrengo hitzordua. Sagarno botila eskuan zuela tragoa eskaintzen zuen emazteak zioen moduan, «arratsaldean izango den manifestaziorako indarrak biltzen ari gara».

Gurkoa egun luzea izango den arren, jada aurrera begira emango dituzten urratsak ere aurre ikusiak dituzte asanbladako kideek: «Lehenik gaurko egunaren inguruko bilana egin beharko da, zinez positiboa izango dena, eta horren ostean ikusiko da, baina gauza bat argi da, datorren urtean ez gara hutsetik hasiko, gaurko mugarriak fruituak emanen ditu».