NAIZ
Pekin

Urriaren 16an egingo du kongresua Txinako Alderdi Komunistak, Xi hirugarrenez hautatzeko

Heldu den urriaren 16an egingo du Txinako Alderdi Komunistak 20. kongresua, Pekinen, aurreikuspen guztiek kale egin ezean Xi Jinping herrialdeko presidentea hirugarren agintaldi berri baterako berrautatua izan dadin.

Xi Jinping, artxiboko irudi batean.
Xi Jinping, artxiboko irudi batean. (Wang Zhao | AFP)

Pekingo hitzorduan Alderdi Komunistako 2.000 kide baino gehiago biltzea espero da «herrialde sozialista moderno baten eraikuntza integralari» begira politika berriak egiteko, Xinhua albiste agentziak jaso duenez.

Kontrako bi botorekin eta hiru abstentziorekin, Herri Asanblea Nazionaleko (Txinako Parlamentua) ia 3.000 ordezkariek Konstituzioari zuzenketa bat egitea onartu zuten 2018an, presidenteentzako bi agintaldien muga ezabatzen zuena. Hala, Xi Jinping agintariari karguan mugarik gabe jarraitzeko bidea ireki zioten.

Alderdi Komunistako Buro Politiko boteretsuak bilera egin du astearte honetan, Xi Jinping buru zela, eta bertan adostu dute urriaren 9an alderdiaren Batzorde Zentralaren zazpigarren osoko bilkura egitea, han kongresuaren data formalki proposatzeko.

Pekingo hitzordua, Buro Politikoaren bilkuran nabarmendu dutenez, «garrantzia handiko kongresua da, eta une erabakigarri batean egingo da, non Alderdiak eta nazio osoak herrialde sozialista moderno bat eraikitzeko bide berri bati ekiten dioten», jaso du Xinhuak.

«Kongresuak ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoaren enblema handia, marxismo-leninismoa, Mao Zedongen pentsamendua, Deng Xiaopingen teoria eta garapenerako plangintza zientifikoa goratuko ditu, Xi Jinpingek aro berri baterako ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoari buruz duen pentsamendua sakon ezartzeaz gain», gaineratu du aipatu hedabideak.

Herrialdean egiten den zita politiko garrantzitsuenean nazioarteko eta tokiko koiunturak izango dituzte aztergai, bide-orri eta politika nagusiak formulatzeko.

20. kongresu honetan, Alderdi Komunistaren Batzorde Zentrala eta Diziplina Ikuskaritzarako Batzorde Nagusia ere berrituko dira.

1949tik Txinan agintzen duen alderdiak iaz ospatu zuen bere sorreraren mendeurrena, eta ziurtzat jotzen da urriko zitan egungo agintariak bere botere handia sendotu egingo duela.