Otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala Kepa Junkera eta Sorginen kontzertuarekin

Otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala Gasteizen, Kepa Junkera eta Sorginek emango duten kontzertuarekin. Antzerkia, bertsolaritza eta dantza ere izango dira. Sakelakoetarako Korrika aplikazioan kontsulta daitezke ikuskizunen datak.

@Ion_Salgado|GASTEIZ|25/01/2017 12:45
Korrika
Gasteizen aurkeztu dute Korrika Kulturala. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Gasteizko Europa Jauregian, kultur emanaldien zikloa hasiko den lekuan bertan. Kepa Junkera eta Sorginek emango dute zikloko lehen kontzertua bertan, otsailaren 9an.

Asier Amondo Korrikaren arduradunak eman du egitarauaren berri. Azaldu duenez, horren bitartez euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen «esfortzuaren etan lan militantearen atal txiki bat» eskaini nahi diote bueltan.

Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan du Amondok, eta Korrika Laguntzaile txartela dutenek Korrika Kulturalaren emanaldietan %10eko deskontua izango dutela iragarri du.

Estreinaldien artean, Kepa Junkera eta Sorginak taldearen ‘Maletak’ ikuskizunaz gain, bestelako emanaldiak ere izango dira. Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikote artistikoak, zenbait musikariekin bat eginda, ‘Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa’ errepasatuko du taula gainean.

Halaber, azken edizioetako arrakasta errepikatu nahi dute ‘Bertsokorrika’ bertso-emanaldi sortarekin, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean; Kukai dantza-taldeak ikus-entzunekoa eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu du, ‘Oskara plazara’ izenekoa; Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak ‘Erradikalak gara’ ikuskizuna ekarriko dute; eta Pirritx Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Tipi-tapa, Korrika!’ ikuskizuna taularatuko dute.

Mugikorretarako aplikazioa

Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko aukera ere emango du aplikazioak, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS eta Android sakeleko gailuetarako.

Amaitzeko, otsailaren 11n Korrikaren urtemuga-festa ospatuko dutela gogoratu du Amondok, eta euskaltzale eta Korrikazale guztiak Irungo Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu ditu. Gainera, otsailaren 2an Korrikaren dokumentala estreinatuko da Bilbon.