Jon GARMENDIA
Idazlea

Suan

Umetan pikondoaren azpian esertzen ginen, eta, handik, begi bat itxita eta bestea zabalik begiratzen genion suari. Itxitako begiarekin amets egiten genuen, egunsentian botere berezi batek superheroi bilakatuko gintuela edo. Irekitako begiarekin, aldiz, ganbaratik atera genituen trasteek su nola hartzen zuten begiratzen genuen. Tokia egin behar zen ganerrean, udako uztarentzat, zela etxaldeko belar ondua, zela kamioiak ekarritako lastoa eta alpapa. Anaiak eta auzoko lagunak aritzen ginen mandiotik barrena trasteak ateratzen, eta festa egun bat zen guretzat; ikastolako oporrak ere egun horretan hartzen genituen, San Joan bezperan, nahiz eta baserriko lanek opor gutxi eskaintzen ziguten udan.

Baina gau hori magikoa zen guretzat, hor hasten zen dena. Ez zen suak txarra eramateko gaitasuna zeukala, ezta gure amesgaiztoak berari eskaintzen genizkiola ere, ez; zen, pikondoaren azpian erritual propioak asmatzen genituela udako gaurik luzeenean. Gustuko neskak muxu emanen zigula, adibidez, edo betirako maiteminduko zela gurekin baldin eta erretako lehen trastea guk hautatutakoa bazen. Mutilak gustuko zituenak ez zuen fitsik erraten, beste garai batzuk ziren haiek, baina harro aldarrikatzen du orain, behar den bezala. Eritasunak sendatu, autoak eta motoak erosi, oinetako berriak ekarri, denerako ahala zuen suak, eta gure imajinarioan dena kabitzen zen. Hizketan pasatzen genuen gaua, suari beha, ametsetan. Egunsentian, elorri zuriak gure desirei babes emango ziela jakiten genuen, arantzuri ahalguztidunak. Ez dakit noiz utzi genion pikondoan elkartzeari, baina badakit eskuetan geneukala zoriona orduan, beste askok bezala, San Joan suaren suan.