GARA DONOSTIA

Bertso-txapelketa asteburua Bizkaian, Araban eta Lapurdin

Bizkaiko txapelketa Galdakaon abiatu zen igandean eta Beñat Ugartetxeak eskuratu zuen lehen postua. Senperen Maddalen Arzallus nagusitu zen eta Elosun erabakita gelditu zen 2015eko Arabako txapelketa.

Beñat Ugartetxeak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratu zuen igandean Galdakaon egindako lehen kanporaketa saioa irabazita. Mallabitarrak 372,5 puntu eskuratu zituen eta Urdulizen azaroaren 30ean izango den bigarren finalaurrekoan kantatu beharko du, iaztik zuzenean sailkatu diren Etxahun Lekue eta Onintza Enbeitarekin batera. 220 bertsozale inguru bildu ziren Torrezabal aretoan eta Ugartetxearen atzetik, hurrenkera honetan sailkatu ziren gainerako bertsolariak: Ibon Ajuriagojeaskoa (366,5 puntu), Julen Erezuma (356), Garikoitz Sarriugarte (354), Iñaki Iturriotz (337,5) eta Aitor Bizkarra (316,5). Bost bertsolari hauek gainerako kanporaketetako puntuazioaren zain geratu beharko dute aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Bizkaiko hurrengo kanporaketa Gautegiz-Arteagako frontoian jokatuko da igande honetan, 17.30ean, eta bertan izango dira kantuan Aitor Arrutia, Inazio Vidal, Itsaso Paia, Josu Landeta, Lander Ibarluzea eta Oihana Bartra.

Txapelketaren jarraipena www.bertsozale.com atarian edo #josi traolaren bitartez egin daiteke.

Xilaba jai giroan

Bertso eskolen egunarekin batera ospatu zen Senperen larunbatean Xilaba txapelketako bigarren kanporaketa, eta 250 lagun inguru bildu ziren Larreko kulturgunean. Jai giroaz gain, une hunkigarriak ere bizi izan ziren Lur Renteriak bere osaba Aitor Renteria Txatori agurra kantatu zionean.

Txapelketara bueltatu den Maddalen Arzallusek eskuratu zuen Senperen lehen postua, 224 puntu bilduta eta, beraz, zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara. Aiziritzeko saioan kantatuko du, azaroaren 2an. Bere atzetik, sailkapena horrela gelditu zen: Xumai Murua (216), Maddi Sarasua (212,5), Battitt Crouspeyre (183) eta Lur Renteria (174,5). Miren Artetxe ere izan zen kantuan Senperen, baina aurten ez du txapelketan parte hartuko, ordezko lanak egin zituen, eta, beraz, ez zen sailkapenean sartu.

Hurrengo saioa Aiherrako Denen Etxea gelan izango da larunbat honetan, 17.00etan, eta sei bertsolari arituko dira kantuan: Eneritz Zabaleta, Ortzi Murua, Odei Barroso, Patxi Iriart, Ortzi Idoate eta Ramuntxo Christy.

Araban 2015erako prest

Elosun jokatu zen pasa den larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko azken aurre-kanporaketa eta, horrenbestez, erabakita gelditu da 2015eko txapelketako bertsolari zerrenda. 18 izango dira guztira: Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Jagoba Apaolaza, Zigor Enbeita, Xabi Igoa, Paula Amilburu, Unai Mendibil, Felipe Zelaieta, Irati Anda, Ander Solozabal, Iker Agirre, Unai Bengoetxea, Peru Abarrategi, Jon Ruiz de Pinedo, Iker Pastor eta Asier Rubio.

Txapelketa urtarrilaren 17an aurkeztuko da eta finala Gasteizko Principal antzokian izango da, martxoaren 21ean.