Jon GARMENDIA
Idazlea

soS.O.S

E z dut ohiturarik telebistako emankizunen kritika egiteko, baina «La costa de Iparralde. El lujo de una gastronomía» EiTBko «No es país para sosos» saioan ikusi dudanetik, sentitzen dudan auzo-lotsa kendu ezinik nabil, eta pentsamendu batzuk ekartzea erabaki dut lerrootara. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek Lapurdiko kostan (ez Iparraldekoan) zer ez den egin behar egokitasunez azaltzen dutela iruditu baitzait, nora ez den joan behar ere bai, eta batez ere nola. Bidasoa iragaiteko ez baita smoking bat behar, eta ez pentsa etxe nahiz ostatuetan Edith Piafek «Non, je ne regrette rien» kantatuko dizunik ere, agian, aurkezleek Parisen zeudela uste izan baitzuten. Baserritarrez jantzita agertu balira, mezu bat igortzen ari zirela pentsatuko genukeen, smokingarekin halatsu gertatzen da. Turistek, tren ttipiak baliatzen dituzte, bai; herritarrek ez, ordea. Horrela idatzi zuten telebistako pantailan, baina ez da San Juan de Luz existitzen, Donibane Lohizune bai, bertan bizi naiz ni, izen ofiziala Saint Jean de Luzekin partekatua duen herrian. Justuki, garaiotan, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko gazte anitz ari dira herrien euskarazko izenak aldarrikatzen, eta aldarrikapen horrek poliziaren eta legearen aitzinera eraman ditu babesgabe. Ramonentzat ipajalde, Anderrentzat Francia, hemengo euskaldunei trufa eta irri, ahoskeragatik, kolonizazioagatik, betikoa. Berea ez den abesti batekin fama egin duen artista bat gonbidatu gisa, Anne Etchegoyen, urte luzez bazterrak artez bete dituzten sortzaileak dozenaka dituzunean hiru herrialdeetan. Serge Blanco eta bere negozio pribatuen publizitatea, allez eta oui bertakoen esamolde gisa agertzea, Ttoro, Axoa, Gateau Basque... turista batek eramaten dituen produktuak erakusgai. Ipar Euskal Herria hori ere bada, baina ez hori soilik. Berriki, France 3k, frantses telebista kateak, Iparretarrak talde armatua ardatz, hemengo arazoei buruz eginiko dokumental bikaina eskaini du, EiTBn aldiz, euskal telebista publikoan, topikoz jositako programa mingarri hau eskaini digute, prime time-an. Hori da aldea.