Juan Martin Elexpuru

Iruña-Veleia, sei urteko bidegabekeria

Datorren astelehenean, azaroak 17, 19:00, Gasteizko Villasuso Jauregian Idoia Filloy zuzendari ohiak eta Koenraad Van den Driessche geokimikariak hitzaldia emango dute auziaren inguruan.

Espainiako Kultura Ministerioaren laborategian egin diren analitikez jardungo dute. Begibistako iruzurra izan dira analitikok, tranpaz eta gezurrez josiak. Helduko ahal da noizbait ustelkeria mota honetaz eta gai honen inguruan gertatu diren beste batzuez hitz egiteko eguna.

Eta Eliseo Gilen egoeraz ere berba egingo da. Ederki eskertu dio gizarteak egin zuen aurkikuntza handia: lapidazio eta kondena mediatikoa, desohorea, langabezia, ahaztura... Eta horrela sei urte, eta auzitegian gaia geldi; oraindik ez dago inolako akusaziorik bere kontra epaileen eta fiskalen aldetik. Benetako tortura. Historiak Altamira eta Iruña-Veleia, Marcelino Sautuola eta Eliseo Gil parekatuko dituelakoan nago.

Ahaztura esan dut. Azken bi edo hiru urtean benetako damnatio memoriae ari da gertatzen auzi honen inguruan. Ez da existitzen. Ez erreportajerik, ez zutaberik, ez tertuliarik, ez elkarrizketarik... Noizean behin frankotiratzaile gizajoren batek lortzen du(gu) idatziren bat han edo hemen sartzea, tiraka eta bultzaka ibilita, sarri askotan.

Egoeraz gehixeago jakin nahi izatera, bilatu Interneten Eliseo Gil kondenatu nahi dute artikulua eta begiratu gaiaz diharduten atarietan.

Buscar