@arianekamio
Donostia

Abian da Zinemaldia

Inaugurazio ekitaldiak eman dio ofizialki hasiera Zinemaldiko 61. edizioari. FIPRESCI saria jaso du Abdelatif Kechiche-k ‘La Vie d´Adèle’ filmagatik eta Annette Bening eta Oliver Stone bezalako izarrek eman diote izaerarik gehien ekitaldiari.

Epaimahai ofizialeko kideak, Zinemaldiaren irekierako galan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Epaimahai ofizialeko kideak, Zinemaldiaren irekierako galan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Hasi da Zinemaldiko 61. edizioa. Urteroko inaugurazio ekitaldiak eman dio hasiera ofiziala, nahiz eta aurreikusitako izaera koloretsutik urrun egon. Cayetana Guillen Cuervok eta Unax Ugaldek gidatutako gala (Patxi Barcok zuzendutakoa) laua izan da Zinemaldiko abiapuntu, non nazioarteko izarrek pisu berezia izan duten.

Annette Benning eta Oliver Stone izan dira horietako batzuk, baita Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarra ere. Azken honek Nagisa Oshimari eskainiko zaion atzera begirakoa aurkeztu du. Beningen ‘The Face of Love’ filmak Perlak atala inauguratuko du. Stonek, aldiz, bi film aurkeztuko ditu Donostian; ‘The Untold History of the United States’ eta ‘Alexander: The Ultimate Cut’, biak Zabaltegin.

Sail guztien errepasoa egin ondoren, aurtengo sarituen zerrendak erabakiko dituzten epaimahaietako kideak aurkeztu dituzte.

Bestalde, nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria ere banatu dute. Aurtengoan Abdelafif Kechiche-k jaso du, ‘La Vie d´Adèle’ filmagatik.

Goizean prentsaurrean aurkeztutako ‘Futbolin’ filmak abiarazi du ondoren Zinemaldia. Larunbatean, ‘Enemy’ eta ‘Pelo Malo’ izango dira ikusgai Sail Ofizialean.

.