NAIZ
DONOSTIA

Harrera egin eta elkartasuna adierazi die Gipuzkoako Aldundiak Askapenako auzipetuei

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Nazioarteko Lankidetzako zuzendari Arantzazu Santosek harrera egin eta elkartasuna adierazi diete Askapenako kide diren eta auzipetuta dauden Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañezi.

Estatu espainiarrak Askapena eta beste hainbat elkarte –Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke– legez kanpo utzi eta Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez sei urtez espetxeratzeko abiatu duen ekimen juridikoaren aurrean, hauei harrera egin eta elkartasuna adierazi die Gipuzkoako Aldundiak.

Martin Garitano ahaldun nagusia eta Nazioarteko Lankidetzako zuzendari den Arantzazu Santosen hartu dituzte Askapenako auzipetuak. «Diputaziotik Espainiako estatuko aparatu zapaltzailearen enegarren erasoa salatu nahi dugu», adierazi du Garitanok.

Honen ustetan, elkartasuna «gehien» zabaltzen dutenen aurka egin du Estatu espainiarrak, «herrien duintasunaren alde borroka egiten dutenen aurka», alegia. Horrez gain, Askapenaren jarduna «kriminalizatu» nahi dutela salatu du ahaldun nagusiak, «helburu argiekin: Ezker iraultzailearen balioak zigortzea eta, beraz, Euskal Herriarentzat eta Euskal Herritik eginiko internazionalismoa zigortzea».

Garitanok gogoratu du Askapenak ia 30 urteko ibilbidea egin duela internazionalismoa elikatzen eta elkartasun zubiak eraikitzen herrien artean. «Mundu justu, solidario eta askea eraikitzeko helburuan bide lagun izango gaituzue», adierazi die ahaldun nagusiak Askapenako auzipetuei.

Gipuzkoako Aldundiak egin bezala, hainbat izan dira Askapenari euren babesa adierazi dieten eragile politiko, sozial zein sindikala, hala nola: EH Bildu, ELA, LAB, EHNE Bizkaia, Bilgune Feminista eta Komite Internazionalistak, besteak beste.