Nerea GOTI

Araba Euskaraz Gasteizen, Oiongo ikastolaren alde

Oiongo San Bizente ikastolak antolatuta Gasteizen ospatu da Arabako ikastolen jai berri bat ‘Piztu euskara’ lelopean.

Giro ederra Araba Euskaraz-en. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Giro ederra Araba Euskaraz-en. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Giro ederrean Oiongo ikastolako hezkuntza komunitateak hasiera ekitaldia egin du Mendizorrotzan. Izan ere, Prado parkearen eta Armentiaren artean zabaldu dituzte lau guneak adin guztientzako ekitaldiekin.

Hasiera ekitaldian Oiongo ikastolako arduradunaren ondoan Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Gorka Urtaran, Gasteizko alkate berria; eta Cristina Uriarte, Lakuako Hezkuntza sailburua, izan dira. EH Bilduren ordezkaritza zabala ere ikusi ahal izan da. Besteak beste, Belen Arrondo eta Hasier Arraiz parlamentariak, Miren Larrion Gasteizko zinegotzia eta Kike Fernandez de Pinedo. Itziar Lamarain PPko ordezkaria eta Arabako aldundiko kultura eta euskara diputatua ere bertan izan da.

San Bizente ikastolako arduradunek gogoratu dute 1978an sortu zela proiektua guraso batzuek bultzatuta eta egun 206 ikasle hartzen dituela. Gogoratu dute festa Gasteizen antolatzearen arrazoia Arabako hiriburua hobeto komunikatuta dagoela da eta nabarmendu dute gaurko diru sarrerak ikastolak behar dituen hobekuntzak finantziatzeko baliatuko dituztela, batez ere duela urte batzuk martxan jarritako jantokia konpontzeko.

Beste alde batetik, sare sozialetan zabaldu dituzten argazkietan salatu dutenez ikur naziak eta espainiako banderaren koloreak margoztu dituzte Armentia inguruetan.