NAIZ
BILBO

Euskal Encounteren 23. edizioak konexio abiadura bikoiztua eskainiko du

Euskal Encounter informatika eta bideojoko zaleen topaketaren 23. edizioa uztailaren 23tik 26ra ospatuko da Barakaldoko BECen. Aurten konexio abiadura bikoiztua eskainiko du, eta 4.096 eserlekuak beteko dituzten zaleek segunduko 40 gigaz gozatzeko aukera izango dute.

Iazko Euskal Encounter topaketak milaka pertsona bertaratu zituen. (ARGAZKI PRESS)
Iazko Euskal Encounter topaketak milaka pertsona bertaratu zituen. (ARGAZKI PRESS)

Euskal Encounteren 23. edizioak konexio abiadura bikoiztua eskainiko die bertaratuko diren 4.096 zaleei. Aurtengo informatika eta bideojokoen topaketa uztailaren 23tik 26ra ospatuko da Barakaldoko BECen, eta berritasun nagusia interneteko konexioaren abiaduraren areagotzea da, non erabiltzaileek segunduko 40 gigaz gozatzeko aukera izango duten, «banda zabal gehiago izan eta on-line nabigatu eta jolasteko erosotasun gehiago izan dezaten».

Euskal Encounterek lau egunetan zehar ez du etenik izango, eta 35.500 metro koadroko azalera izango du antolatu diren dozenaka ekintza eta lehiaketetan parte hartzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, topaketak «marka berriak hausten ditu urtetik urtera». Aurten ordu eta erdi baino gutxiago behar izan dituzte 4.096 eserlekuak betetzeko, eta iazko errekorra gainditu dute, lau ordu behar izan baitzituzten eserleku guztiak betetzeko. 

Antolatzaileek azaldu dute ekitaldiak «IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen harteko hartu-emana sortu eta sustatzeko helburuarekin, kolektibo ezberdinei zuzendutako ekintza ugari antolatu eta sustatzen ditu. Jende gehien mobilizatzen duen ekitaldietako bat da Euskal Encounter, dibertsioa, kolaborazioa, formakuntza eta ekintzailetza bateratzen dituen ekimena».

Hainbat ekitaldi eta lehiaketa

Aurtengo edizioak gai anitzez osatutako hitzaldiak eskainiko ditu: bideojokoak eta hezkuntza, 3D inprimagailua, txikiei zuzenduriko robotika, edota hegaldi profesionalen simulazioa, besteak beste. Ekintzaile teknologikoei zuzendutako prestakuntza jarduerak ere antolatu dira, euren proiektuak martxan jarri ditzaten laguntzeko asmoz. 

Lehiaketei dagokionez, EuskaltelGazteaKopa jokatuko da, online eta presentzialki, FIFA 15 jokoa erabiliz. Hainbat euskal taldeen alde jokatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, Athletic, Reala, Eibar eta Alaves, hain zuzen.

Bestalde, parte-hartzaileen artean interesa piztu duen Occulus Survival Horror Experience antolatu dute. Errealitate birtualeko betaurrekoen bidez «esperientzia ikaragarria» biziko dute bertaratzen direnek, ‘Alien Isolation’ jokoari esker.