naiz

Kontseiluak espainiar eta frantziar Estatuek «hizkuntza politikan duten jarrera» salatu du

ELENen Batzar Nagusian, Kontseiluak frantziar eta espainiar Estatuek «hizkuntza politiketan izandako jarrera erasokorra» salatu dute. Era berean, urriaren 24an frantziar Estatuko hainbat hiritan hizkuntzen ofizialtasunaren alde antolatu diren manifestazioei sustengua eman dio.

Bukaresten izan da Europako Hizkuntzen Berdintasunaren Aldeko Sarea (KONTSEILUA)
Bukaresten izan da Europako Hizkuntzen Berdintasunaren Aldeko Sarea (KONTSEILUA)

Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbao ELENen urteko Batzar Nagusian parte hartu du, eta bertan «frantziar eta espainiar Estatuek hizkuntza politiketan izandako jarrera erasokorra» salatu du. Zentzu honetan nabarmendu du «azken ikasturtean bai Prefetak bai espainiar Gobernuak EAEn zein Nafarroan dituen ordezkariek euskaldunon eskubideen kontra hartutako erabakiak».

Horrekin batera Kontseiluko ordezkariak Donostia 2016 Fundazioarekin batera antolatzen ari den Goi Bilera aipatu du. Horrela, ELEN osatzen duten gizarte eragileek Protokoloaren garrantzia azpimarratu dute, bai eta horren beharra ere. «Gaur Bukaresten hizkuntza gutxiagotuen garapenaren alde lan egiten duten hainbat gizarte eragileri entzun ondoren, gero eta nabariagoa da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garrantzia, batik bat gizarte eragileak motore izango direlako eta ezelango interes alderdikoirik egongo ez delako», azaldu du Bilbaok.

Bestalde, batzarrak hainbat ebazpen onartu ditu aho batez. Besteak beste,  urriaren 24an frantziar Estatuko hainbat hiritan hizkuntzen ofizialtasunaren alde antolatu diren mobilizazioei sustengua eman diote.

Atzo bertan kendu zuen espainiar Kultura Ministerioak Donostia 2016 eta Kontseiluaren aurkako salaketa. «Berretsi egiten du martxoan jarritako demandak bestelako interesei erantzuten ziela, ez ordea, proiektuari», adierazi du Bilbaok.