Maider IANTZI
Baztan

Orain dela 50 urte sortutako ametsa bizi-bizi Baztanen: «Nork erranen zuen...»

‘Hama...bortz, ama...bat’ leloarekin Baztanen ospatzen ari den Nafarroa Oineza berezia da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, Nafarroako Gobernuan gertatutako aldaketa islatzen da. Aspaldiko ordezkaritzarik zabalena bildu da Elizondon... eta euskaldunena ere bai. Bertzetik, urteurren borobila dute aurten Nafarroako ikastolek, duela 50 urte jaio baitzen Iruñeko Uxue ikastola. Haren fruitu da besta.

Acto de apertura de Nafarroa Oinez 2015. (ARGAZKI PRESS)
Acto de apertura de Nafarroa Oinez 2015. (ARGAZKI PRESS)

Aurkezpenean, Baztango ikastolako kideek errana zuten eguraldi ona bakarrik falta zela gaurko prestatu duten egun handirako, eta hori ere alde izan dute. Eguerdirako ederki berotzen zuen eguzkia lagun (jendeak itzala egiteko erabiltzen zuen aterkia), jendetza elkartu da Elizondo, Elbete eta Lekaroz lotzen dituen 5,8 kilometroko ibilbidean.

Pixkanaka bideak eta lau guneak betetzen joan dira. Giro alaian ikusten zen jendea, edozein tokitan dantzan edo kantari, mokadua eta tragoa hurbil.

Gartzaingo ama batek, Xole Jaunsarasek, moztu du zinta bestari hasiera emanez, Baztango hamabortz herrietako amak ondoan zituela. Han ziren instituzio eta alderdi politikoetako kide pila bat ere, eragile sozial eta kulturalekin batera. Nafarroako Gobernutik azkenaldiko ordezkaritzarik zabalena bildu da Elizondon, eta gainera euskalduna. Uxue Barkos lehendakaria, Manu Ayerdi lehendakariordea, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea eta Jose Luis Mendoza, Ana Ollo eta Isabel Elizalde sailburuak izan dira, bertzeak bertze. Carlos Garaikoetxea lehendakari oihak ere ez du hutsik egin.

Barkosek adierazi du beti dela egun berezia Nafarroa Oinezena eta, aurten, bereziagoa. «Harro eta irmo» etorri dira Nafarroako instituzio berrien ordezkariak eta «momentu bereziak eta ederrak» izan dira berarentzat.

Joseba Otondo Baztango alkateak euskaldun izateagatik sufritutakoa oroitu du (Frankismo garaian eskoletan erabiltzen zen eraztuna aipatu du, adibidez) eta «guk, euskararekin gozatu egin nahi dugu» aldarrikatu du. Baztan udalerri euskalduna dela, biztanleriaren %67ak euskaraz dakien toki bat, agertu du, baina ohartarazi du euskalduntasuna ez dela ezagutzarekin soilik lotzen eta erabilera gakoa dela.

Pello Irujo NIEko lehendakariak, aldiz, Nafarroako hamabortz ikastoletako 6.500 ikasleak izan ditu gogoan eta, eurengatik, sortzen segitu behar dela eta balioei eutsiz aldatzeko ausardia izan behar dela defendatu du. Berriki zendutako eta ikastolen mugimenduarekin estu lotutako Benigno Mendiarentzat ere izan ditu hitzak: «Milesker, beti gurekin egonen zara!».

Aitzindariei omenaldia

Eguerdian omenaldi gehiagorako tartea izan da. Ikastolako areto batean elkartu da lagun ugari; batzuk aulkietan, bertzeak zutik, bazter guztiak beteta zeuden. Lehenbizi Polonia iparraldeko kaxubiarrak igo dira oholtzara. Nafarroa Oinezen "Txikiak Handi" proiektuaren barrenean etorri dira eta kaxubieraz solas egin diote jendeari. Manifestu bat ere sinatu dute Baztan ikastolakoekin batera.

Ondotik, duela 45 urte sortu zen Baztan ikastolako lehendabiziko andereño eta maisu taldearen txanda izan da. Denen izenean, Mari Karmen Goñik hartu du hitza eta omenaldia ez dutela irakasleek soilik merezi, gurasoek, ikastola martxan jarri zutenak, 1982an Baztanen izan zen Oinezaren logoa (hanka bat) margotu zuen Martin Garde... eta gerokoak ere, proiektuari segida emanen diotenak, omenduen zakuan sar daitezkeela erran du. «Horrela bai, Baztan ikastolaren familia osoa ordezkatuz, umiltasunez, gustora eta emozioz gainezka onartzen dugu omenaldia», adierazi du. «Hamabortz, ama bat!» oihu egin dute denek elkarrekin.

Jose Luis Gorostidi Paz de Ziganda ikastolaren zuzendariak (Naiara alabak hartu du oroigarria bere izenean), Antontxu Zabaltza San Fermin ikastolaren bultzatzaileak eta Pedro Etxenike zientzialariak ere jaso dute aitorpena. Bizitakoa oroituz, ikastolak nola sortu ziren eta noraino iritsi diren ikusita, hala adierazi du Zabaltzak: «Zeinek erranen zuen!».