NAIZ
LUZAIDE

Luzaideko Bolantak: gehiengoa, nesken parte hartzearen alde

Luzaideko Bolantetan nesken parte hartzeaz herri galdeketa antolatu zuten. Bozketan parte hartu duten 150 bat pertsonetatik, gehiengoa (%75a) ohitura aldatzearen alde agertu da. Batzordeak, emaitzarekin egin beharrekoaz eztabaidatzeko, laster bilduko dela azaldu du.

Herri galdeketan 160 pertsonek parte hartu dute. (Iurre Bidegain)
Herri galdeketan 160 pertsonek parte hartu dute. (Iurre Bidegain)

Luzaideko Bolanten batzordeak dantza emanaldietan nesken parte hartzeaz herri galdeketa bat antolatu zuen martxoaren 24, 25 eta 26an. Pasa den apirilaren 1ean, Batzordeko kideek emaitza argitaratu dute: baiezkoak irabazi du. Luzaiden erroldatuak diren dantzariak eta dantzari ohiak –orotara 150 bat lagun– ekimenean parte hartu dute.

Galdeketaren parte hartzaileen gehiengoa «mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen» alde dago; %75a hain zuzen, Kazetak berri eman duenez. Neskek emanaldietan parte hartzearen kontra %20a agertu da.

Horrez gain, galdeketan, nesken jantziaz ere iritzia galdetu dute. Hots, Bolanten dantzetan parte hartzekotan, «nola jantzi beharko ziren? Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?». Parte hartzaileen %65ak, gaur egun neskek dantzetan duten jantzia mantendu beharko luketela pentsatzen du.

Alderantziz, %18ak mutilen jantzi berdinarekin parte hartu beharko luketela dio; %17ak, berriz, beste jantzi bat asmatu beharko dela uste du.

Luzaideko Bolanten batzordeak «hurrengo urratsa erabakitzeko laster bilduko dela» azaldu du.