NAIZ
BAIONA

«Euskararen zapalkuntzari» aurre egitea izango dute helburu Euskaraz Bizi Egunean

Jaia eta aldarrikapena uztartuz, «euskararen zapalkuntzari aurre egitea» izango dute helburu Baionan apirilaren 16an, Euskaraz Bizi Egunean. Egitarauan ez da musika, jana edo txikientzako jolasik faltako eta «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko» gonbitea luzatu dute.

Baionan aurkeztu dute Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua. (EHE)
Baionan aurkeztu dute Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua. (EHE)

Baionan apirilaren 16an ospatuko den Euskaraz Bizi Egunaren bidez, jaia eta aldarrikapena uztartuz «zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera» hurbildu nahi dituzte herritarrak, «euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu gabe, euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emanez». Hala adierzi du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak.

Gaur Baionan egin duten agerraldian, 16rako prestatu duten egitarau zabala aurkeztu dute. Musika, artisauak, haurrentzako puzgarriak eta tailerrak, joaldunak eta herri bazkaria ez dira faltako. Ezta bazkalostean Erramun Martikorenak emango duen kontzertua ere. Arratsaldean elektrotxaranga, bertsoak eta kontzertuak izango dira nagusi.

«Jaia eta aldarrikapenaren bidez, jendartea mugitu nahi dugu. Egotea ez da nahikoa, egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoak martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi», adierazi dute.

Hau dela-eta, euskal gizarteari dei egin diote bertaratu eta eguneko ekimenetan parte hartu eta «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko».